Gaur egun Ekialde Urruneko zinema modan dago. Mendebaldean ideiak agortuta omen daude, eta izen handiko jaialdietan argi ikusten da ekialdera begiratzeko joera gero eta handiagoa dela. Hori horrela, dagoeneko ospea lortu duten zuzendari interesgarri batzuen lanak hautatu ditugu.
THE ROAD HOME.Txina (1999). Zhang Yimou
Zhang Yimou txinatarrak Hero (2004) filmarekin lortu zuen ospea mendebaldean, baina ibilbide benetan luzea egindakoa da bere herrialdean. Txinako 5. belaunaldiko zinemagilerik onenetako bat da ezbairik gabe, eta, gaur egun Hollywoodeko industriak egiten dituenen antzeko ekoizpen handiak egiten ari bada ere, makina bat drama paregabe egin ditu jada. Mendebaldeko zinema jaialdi handienetan saritu dute hainbatetan. Honako maitasun istorio xumearekin Berlinalen bi sari eman zizkioten. Lirismo ederreko lanak egiten ditu, sinpleak, naturaltasun handikoak... Azken harribitxi hau, horren erakusle.
IN THE MOOD FOR LOVE. Hong Kong (2000). Wong Kar-wai.
Azkenaldian zuzendari asiarra oso modan dago nazioartean. Pelikula hau biziki txalotu zuten Canneseko jaialdian, eta kritikaririk zorrotzenak ere erabat liluratuta utzi zituen. Idazle izan nahi zuen, baina irudi ederren bidez idazten ikasi du. Bere lanetan garrantzi handia ematen die xehetasunei, oso garrantzitsuak baitira kontakizunerako. Maitasun istorioak kontatzen ditu bere filmetan, giza arima biluzten duten eguneroko istorio xumeak hain zuzen ere. Film honekin arrakasta handia lortu zuela ikusita, horren jarraipena egin zuen; 2046 izena jarri zion.
DOLLS. Japonia (2002). Takeshi Kitano.
Takeshi Kitano oso ezagun egin zen gurean "Humor Amarillo" umorezko programari esker. Japoniarra artista polifazetikoa da, baina bereziki filmek egin dute ospetsu nazioartean. Violent Cop (1989) lana izan zen egin zuen lehena, eta Kinji Fukasaku zuzendari mitikoa ordezkatu zuen bertan, hura gaixotu egin baitzen. Ordutik bere estiloa garatu du. Indarkeria erakutsi du bere filmetan, jakuzen istorioak erritmo motel batez eta lirismo handiz jasoz. Umorea ere ez da inoiz falta bere lanetan. Sufrimenduari eskainitako oda ezin ederragoa dugu Dolls.
LAST LIFE IN THE UNIVERSE. Thailandia (2003). Pen-Ek Ratanaruang.
Thailandiar zinema ekialdetik mendebalderako bidea egiten ari da poliki-poliki, eta lan asko eginda. Ez dira gurean ohikoak diren moduko lanak, eta benetan bitxiak dira. Pen-Ek Ratanaruang zuzendariak zale ugari lortu ditu mendebaldean, bere pelikulak erakutsi dituzten jaialdi guztietan. Venezian, esaterako, film honek aktore onenaren saria irabazi zuen. Lirismo handiko lanak egiten ditu, hitz gutxi eta irudi asko baliatuta, oso erritmo pausatuan. Kritikarien esanetan, lan hau Sofia Coppolaren Lost In Translation (2003) lanaren oso antzekoa da.
3 IRON. Hego Korea (2004). Kim Ki-duk.
Kim Ki-duk hego-korearra zinemagile ospetsuenetakoa da nazioartean gaur egun, lan bikainak egin baititu. Duela hamar bat urte hasi zen zinemagile modura, Parisera bidaia egin eta bertan zenbait film ikusi ostean, eta zale ugari lortu ditu urtez urte. Lan honekin toki berezia lortu du zinemagintzan, eta txundituta utzi ditu, besteak beste, Veneziako zinemaldiko ikusleak. Lirismo handiko lan ederrak eta poetikoak egin ditu, eta benetakoaren eta irudimenezkoaren arteko hausnarketa egiten du. Bereak maitasun istorio liluragarriak dira, zorakeria ugariz betetakoak. Kim Ki-duken filmografia, beraz, altxor paregabea da.
(Argazkiak: 1, 2, 3, 4: Carteles. Metropoliglobal; 5: EstoEsCine).