Itzuli orri osora
Mario Moreno, Cantinflas ahaztezina
vie, 28 mar 2008 18:29:00 +0100

Zirkuko komiko, soldadu, aktore, dantzari, boxeolari, toreatzaile, bufoi, artikulu-idazle, gidoigile, abeslari eta produktore izan zen Mario Moreno, mexikar txiroa gorpuzten zuen Cantinflas pertsonaiaren aita. Erori ez zitezen kateorratz batekin eusten zituen prakak, txiki-txiki egindako zapatak, izkina guztietatik irteten zitzaion alkondara zimurtua eta saretutako lastozko kapela bat jantzita ezagutu genuen. Hain ezagun egin zuen hizketa modu zentzugabe, nahasi eta nekaezinaz Mexikoko gizarteak bizi zuen egoera negargarria salatu zuen, ez zineman soilik, baita bizitza errealean ere. Ezbairik gabe, Mexikon sekula izan den komikorik bikainena.

Fortino Mario Alonso Moreno Reyes Mexiko Hirian jaio zen 1911ko abuztuaren 12an, familia xume batean. Ingeniaritza Agronomoa ikasten hasi zen arren, ikasketak utzi eta boxeolari izateko ahalegina egin ostean erabaki zuen aktore izan nahi zuela. Horretarako, komiko ibiltarien talde batean sartu eta Mexikon zehar ikuskizunak eskaintzen hasi zen. Rosete eta Mayabeko karpetatik igaro ondoren, Sotelo konpainian hasi zen lanean 1932an. Bertan ezagutu zuen bere emaztea eta bere seme bakarraren ama izango zen emakumea.

Aurreneko urratsak zineman

1936an egin zuen debuta zineman No te engañes corazón filmean. Ondoren, ¡Así es mi tierra!, Águila o sol eta El signo de la muerte pelikuletan lan egin zuen.

1939an Posa Films ekoiztetxearen sorreran esku hartu zuen. Film labur ugari egin zituen ekoiztexe horretan. Siempre listo en las tinieblas, Jengibre contra Dinamita eta Cantinflas boxeador hiru adibide baino ez dira.

Halere, ¡Ahí está el detalle! (Juan Bustillo Oro, 1940) filmarekin lortu zuen Posa Filmsek lehenengo arrakasta. Pelikula horren azken eszenan, diskurtso zentzugabe eta nahasi batekin, epailearen erabakia aldaraztea lortzen du Cantinflasek.

Mexikoko zinemagintzan ikur sakratua da Mario Moreno, eta Ni sangre ni arena eta El gendarme desconocido bezalako filmetan egindako lanari zor dio hein handi batean ospe hori. Pelikula horietan bere bizitzako zuzendaririk garrantzitsuena ezagutu zuen Mario Morenok, Miguel M. Delgado, alegia.

Kontzientzia soziala eta ekintza sindikalak

1944an Zinemaren Industriako Langileen Sindikatuan (STIC) sartu zen. Gainera, Aktoreen Elkarte Nazionaleko (ANDA) Idazkari Orokorra izan zen 1942tik 1944ra.

Salbuespen gisa, Hollywoodeko Around the World in 80 Days superprodukzioan lan egin zuen 1957an. Horrek Pepe pelikulan (George Sidney, 1960) lan egiteko aukera eman zion. Film hori, baina, egundoko porrota izan zen.

Fikzioan ez ezik, bizitza errealean ere gizarte-ezberdintasunen eta elkartasunik ezaren kritika egin zuen. Karitatezko egintzak egiten zituen eta behartsuei laguntzeko bulego bat sortu zuen. Txiroenak babesteko konpromiso hori areagotu egin zen 1966an emaztea hil zitzaionean.

Bihotz oneko pikaro baten arrakasten lekuko egin gintuelako izango dugu beti gogoan Mario Moreno. Gorpuzten zuen pertsonaia Charles Chaplinen Charlot bezain txiroa zen arren, Cantinflas ez zuen itsutzen behartsu izateak, eta handikiez erruki zen. Pertsonaia horrek berebiziko arrakasta lortu zuen, eta Cantinflas Show izeneko marrazki bizidunen telesail bat ere egin zuten.

Hollywoodeko Ospetsuen Pasealekuan bere izarra jaso zuen 1963an. 1987an, berriz, Mexikoko Zinema Akademiak Urrezko Ariel saria eman zion, Mexikoko zinemagintzari egindako ekarpenagatik.

Mario Moreno 1993ko apirilaren 20 han hil zen Mexiko Hirian. 81 urte zituen.

(1. argazkia: http://chicali-barnney.blogspot.com; fotos 2, 4 eta 5. argazkiak: www.imdb.com; 3. argazkia: www.jorgepalmieri.com)