Itzuli orri osora
Bud Spencer eta Terence Hill, makina bat kolpe eta barre-algara
vie, 08 feb 2008 18:28:00 +0100

Komedia goitik behera eraberritu zuten 70eko hamarkadan. Altrimenti ci arrabbiamo (1973) edo I due superpiedi quasi piatti (1976) bezalako filmekin, beste aire bat eman zioten ez aurrera ez atzera zegoen zinemagintzari. Zoritxarrez, garai hartan oharkabean pasa ziren zuten talentua eta zinemaren industriari egin zioten ekarpena. Halere, historiako umorista handienen artean aipatu behar dira ezinbestean, Blake Edwards eta Jerry Lewis bezalako jenioen alboan.

Carlo Pedersoli (Bud Spencer) Napolin jaio zen 1929an. Erromako Unibertsitatean Kimika ikasi zuen, eta Zuzenbidean ere lizentziatu zen. Gainera, gaztaroan igerilari aparta izan zen. Hamar urtez Italiako txapelduna izan zen 100 metroko proban, eta Italiaren izenean lehiatu zen Helsinkiko eta Melbourneko Joko Olinpikoetan, 1952an eta 1956an.

Mario Girotti (Terence Hill), berriz, Venezian jaio zen 1939an, eta, hiru urtez, Latindar Literatura Klasikoa ikasi zuen Erromako Unibertsitatean. Halere, kontzientzia handiagoa agertu zuen izatearen azken helburuan, seme bat zirkulazio istripuan hil baitzitzaion. Viscontiren Il Gattopardon eta antzeko zenbait filmetan lan egin ostean, Bud Spencerrekin batera Dio perdona... Io no! pelikulan lan egiteko aukera izan zuen. Zinemak bere historia luzean utzi digun bikote komikorik interesgarrienetako baten aurreneko urratsak ziren.

Enzo Barboniren Lo chiamavano Trinità filmarekin erdietsi zuten arrakasta artistiko eta komertziala, 1970ean. Manikeismotik aldentzen diren pertsonaien inguruko western konplexu horrek harrera ezin hobea izan zuen, eta hamaika filmetan errepikatuko zuten formularen oinarriak finkatu zituen, betiere neurrigabekerian jausi gabe.

Gutxi hitz egin da bien estilo ezberdinez (Spencer odolberoa zen, eta kolpeek ez zioten minik egiten; Hill, berriz, ahulagoa zen baina, era berean, argiagoa), ezta hain ezagun egin zituzten zartadek benetan zuten esanahiaz ere. Izan ere, ezarritako gizarte-arauekin bat ez zetorrenaren ezadostasuna adierazteko elementu gisa erabili zuten Spencerrek eta Hillek kolpea, Charles Chaplinek eta Buster Keatonek bezala. Beren filmak mezu agitatzaile eta iraultzailez josita daude, sarri komedia arinak izatea egotzi zaien arren.

Beren umorea gero eta konplexuagoa egin zen. Altrimenti ci arrabbiamo da esandako horren adibide. Pelikula horretan, Hillek eta Spencerrek mafioso batzuen aurka egin behar dute, autoa suntsitu baitiete. Gertakizun hori aitzakia hartuta, lanaren eta adiskidetasunaren garaipenaz eta justizia gailentzearen beharraz hitz egiten du filmak.

1978an, Porgi L'altra Guancia eta I due superpiedi quasi piatti pelikulen ostean, Pari e dispari iritsiko zen. Film horrek jokoaren munduan dagoen ustelkeriaz eta gizakiaren izaera zitalaz hitz egiten du.

80ko hamarkadan, gustukoen zituzten gaiak jorratu zituzten Hillek eta Spencerrek: adiskidetasuna (Chi trova un amico, trova un tesoro), aldarrikapen ekologistak (Io sto con gli ippopotami) eta gizarte salaketa (Miami Supercops).

90eko hamarkadan, ordea, beren ibilbidea amaitutzat jo behar izan zuten. Garai hartan Ameriketako Estatu Batuetan bizi zen tradizionalismoa tarteko, zinemaren industriak komedia txepelen aldeko apustua egin zuen, Hill eta Spencerren umore garratz, ziniko eta suntsitzailearen kalterako. Zineman inoiz egon den bikote komikorik garrantzitsuenetako baten agurra zen.

(Argazkiak: www.budterence.net)