William Holden Ameriketako Estatu Batuetako zinema izarrik distiratsuenetarikoa izan zen 40, 50 eta 60ko hamarkadetan. Hasieran fisiko eder bat izateaz haratago ezer gutxi eskatzen zuten pertsonaia hutsalak antzezten zituen arren, Sunset Boulevard (El crepúsculo de los dioses) edota Stalag 17 (Traidor en el infierno) bezalako filmetan antzezpen-lan bikainak egiteko gai zela erakutsi zuen. Aipatutako bigarren film horretan egindako lanari esker, gainera, aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen 1953an. Halere, edanzalea izateak eta patuaren kolpe batek 63 urterekin ekarri zioten heriotza.
William Holden (William Franklin Beedle Jr. zen bere benetako izena) 1918ko apirilaren 17an jaio zen O'Fallonen (Illinois), industria kimikoan lan egiten zuen familia dirudun batean. Williamek aitaren urratsei jarraituz eta kimika ikasketak hasi zituen arren, fakultatean egiten ziren antzerti-obrenganako interesa agertu zuen berehala. Horrela, 20 urterekin, South Pasadena Junior Collegen hasi zen. Han, irratiko aktore lanetan espezializatu zen.
Geroago, New Yorkera eginiko bidaia batean, Broadwayko giroaz txundituta geratu zen. Interpretazio-ikasketak egin eta antzerti-ibilbide labur bati ekin zion, Paramounteko ikuskatzaile batek begiztatu zuen arte. Holdenek ez zuen luze pentsatu, ikasketak utzi eta Hollywoodera joan zen.
Zineman garrantzirik gabeko bi agerraldi egin ostean, Golden Boy (Sueño Dorado) filmean (1939) parte hartu zuen, Barbra Stanwickekin batera. Pelikula hori grabatu zenetik II. Mundu Gerrak eztanda egin zuenean Ameriketako Estatu Batuetako armadan sartu zen arte, Arizona (1940), Our Town (Sinfonía de la vida, 1940) eta Texas (1941) bezalako pelikuletan nabarmendu zen.
Itzuli zenean ikusleek ia erabat ahaztuta zuten arren, urte horiexek izan ziren oparoenak Holdenen aktore ibilbidean. Maitasun kontuei dagokienez, 1941ean Brenda Marshallekin ezkondu zen.
40ko hamarkadan film ugari egin zituen Holdenek: The dark Past (Cerco de odio, 1948), Apartment for Peggy (Apartamento para Peggy, 1948) edota Rachel and the Stranger (Vuelve a amanecer, 1948). Funtsik gabeko pertsonaiak ziren guztiak ere, antzezpen apalak egiteko gauza baino ez zen mutil ederra zelakoan, pertsonaia hutsalak soilik eskaintzen baitzizkioten.
1950ean, ordea, porrot egindako gidoilari batena egiteko aukera eman zion Billy Wilderrek Sunset Boulevad (El crepúsculo de los dioses) filmean. Antzezpen horregatik Oscar sarietarako izendatu zuten. Ez zuen irabazi, baina. José Ferrerrek erdietsi zuen, Cyrano de Bergerac pelikulan egindako lanagatik.
50 eta 60ko hamarkadetan Stalag 17 (Traidor en el infierno, 1953), Escape from Fort Bravo (Fort Bravo, 1953), Sabrina (1954), Picnic (1955), The Horse Soldiers (Misión de audaces, 1959) eta The Wild Bunch (Grupo salvaje, 1969) bezalako filmetan lan egin zuen Holdenek. Stalag 17 (Traidor en el infierno) pelikulan egindako antzezpenari esker, aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen gainera.
Hogeita hamar urte ezkonduta egin ostean, Holden eta Brenda banandu egin ziren. "Hart to hart" telesailean ezagun egindako Stefanie Powers aktorearekin harremana hasi zuen Holdenek orduan. Holdenek, Powersek bezala, izadia eta animaliak biziki maite zituen eta, horregatik, erreserba bat sortu zuen Kenyan.
70eko hamarkadan ere lan interesgarriak egin zituen Holdenek. Wild Rovers (Dos hombres contra el oeste, 1971) eta Network (Network, un mundo implacable, 1973) dira horren adibide. Bigarren film horri esker, hirugarrenez izendatu zuten Oscar sarietarako. Blake Edwards adiskideak zuzendutako S.O.B. (Somos honrados bandidos) komedia izan zen Holdenen azken lana.
Hilik aurkitu zuten bere bizilekuan 1981eko azaroaren 16an. Dirudienez, etxean izandako istripu baten ondorioz zendu zen. 63 urte zituen. Autopsiak argitu zuenez, alkohol asko hartu zuen.
(Argazki txikia: http://www.imdb.com / 1, 2, 3, 4 eta 5. argazkiak: http://www.answers.com)