La llave de cristal eta La dalia azul filmetako protagonistak ibilbide ezin oparoagoa izango zuela ematen zuen, baina alkoholarekin izan zituen arazoen ondorioz ostrazismoan geratu zen, eta hotel batean zerbitzari lanak egin behar izan zituen bizi ahal izateko.
Veronica Lake (bere benetako izena Constance Frances Marie Ockelman zen) 1919. urteko azaroaren 14an jaio zen Brooklynen (New York, AEB). Aktorea Beverly Hillsera joan zen bizitzera 30eko hamarkadako amaieran, eta kontratua sinatu zuen Paramount etxearekin. Arrakasta murritza izan zuen, hala ere, aktoreak. Aurretik RKO eta Metro estudioetan aritu zen lanean, baina ez zuen zorte handirik izan.
Vuelo de aguilas (1941) Mitchell Leisen zuzendariaren filma egin zuenean, Arthur Hornblow Jr. produktoreak izenez aldatzea iradoki zion, eta momentu horretatik aurrera Veronika Lake izena hartu zuen. Izar bilakatu zen garai horretan Lake, eta film garrantzitsuak egin zituen. Aipatzekoak dira Los viajes de Sullivan (1941, Preston Sturges) eta Me case con una bruja (1942, Rene Clair) komediak. Lan bikaina burutu zuen estatubatuarrak filmotan.
Garai hartako emakumeengan eragin handia izan zuen Lakek: bere orrazkerak (eskumako begia bere ile horailarekin estaltzen zuen) oihartzun handia izan zuen mundu osoan, ez bakarrik AEBetan.
Gizonezko ugari maitemindu zituen aktoreak urte horietan, Howard Hughes handi-mandia, besteak beste, eta André de Toth zuzendariarekin ezkondu zen 1944. urtean (1952an banandu ziren). La mujer de fuego (1947) wensterra eta Furia del tropico (1949) filmak egin zituen bere gidaritzapean. Aurretik, John S. Detlie zuzendari artistikoarekin (1940tik 1943ra) egon zen ezkonduta.
Bere ibilbideko garairik onenean, Alan Ladd aktorearekin egin zuen lan Lakek zenbait filmetan. Aipatzekoak dira La llave de cristal (1942), Fantasia de estrellas (1942), This gun for hire (1942) eta La dalia azul (1946, George Marshall).
Zinemagintzan ibilbide ezin oparoagoa izango zuela ematen bazuen ere, alkoholarekin izan zituen arazoen ondorioz ostrazismoan geratu zen, eta hotel batean zerbitzari lanak egin behar izan zituen bizi ahal izateko. 1955ean hirugarren aldiz ezkondu zen, Joseph A. McCarthy musikagilearekin oraingoan.
60ko hamarkadaren amaieran zinemara itzuli nahi izan zuen baina, lortu aurretik, hepatitis baten ondorioz hil egin zen 1973. urteko uztailaren 7an. 53 urte zituen eta bere azken senarra, Robert Carleton Munro itsasgizona, alargun utzi zuen.