Montgomery Clift aktoreak ibilbide arrakastatsua baina laburra izan zuen, antzerkian lehenengo eta gero zineman aritu zen. Oskarretarako hainbat izendapen lortu zituen baina ez zuen bat bera ere irabazi. Zuzendari onenekin egin zuen lan eta lur jotako pertsonaiak, bizitza oinazetsuak zituztenak, antzeztu zituen gehienbat. Auto-istripu larri batek, ordea, eten egin zuen bere ibilbide azkarra. Ordutik aurrera, pelikula onak egin zituen arren, depresioak jota alkoholean eta drogetan bilatu zuen babesa.
Edward Montgomery Clift 1920ko urriaren 17an jaio zen Omahan, Nebraska (AEB). Oso gazte zela hasi zen antzerkian lanean, 14 urterekin debuta egin zuen Broadwayn Fly Away Home-ekin. 1948an, antzerkiko aktore ospetsu eginda zegoen dagoeneko New Yorken, zinemara jauzi egin zuen eta bi pelikula egin zituen: Los angeles perdidos eta Rio rojo.
Fred Zinnemannen Los angeles perdidos pelikulan egindako lanagatik aktore onenaren oscar sarirako izendatu zuten, Cliftek bere ibilbidean jaso zituen lau izendapenetik lehena izan zen. Ondoren Rio rojo westerna egin zuen, Howard Hawksen agindupean eta John Wayne handiarekin.
Montgomery Clift laster egin zen ezagun Hollywooden ere. William Wylerren La heredera (1949) filmak bere belaunaldiko aktore onenen artean jarri zuen. Halere, Clift ez zen inoiz star systemarekin ados egon eta New Yorken bizitzen jarraitu zuen.
50eko hamarkada hastearekin batera, Sitiados, George Seatonen filma egin zuen eta ondoren Un lugar en el sol (1951). George Stevensen filmarekin oscarretarako bigarren izendapena eskuratu zuen. Ez zuen irabazi aktore onenaren saria, baina filmak sei oscar lortu zituen. Pelikula honetan ezagutu zuen Elizabeth Taylor eta lagun handiak egin ziren.
Alfred Hitchcock maisuaren eskutik polizia batek, Karl Malden, jazarritako apaiz baten papera egin zuen Yo confieso (1953) filmean. Eta urte berean De aqui a la eternidad (1953) egin zuen. Fred Zinnemannek zuzendutako pelikulan Burt Lancaster eta Frank Sinatrarekin lan egin zuen Cliftek eta aktore onenaren oscar sarirako hirugarren izendapena lortu zuen. Vittorio de Sica zuzendari neorrealista italiarraren Estacion Termini pelikulan ere parte hartu zuen 1953an.
Auto-istripu larria
1954an auto-istripu larria izan zuen Montgomery Cliftek, ezbehar horrek eten bat eta aldaketa ekarriko zuen bere bizitzan. El arbol de la vida egiten ari zela, Elizabeth Taylorek etxean eman zuen jai batetik bueltan, telefono-zutoin baten kontra joan zen autoarekin. Istripuaren ondorioz aurpegia desitxuratu zitzaion. Clift depresioak jo zuen eta alkoholean eta drogetan bilatu zuen babesa. Kirurgia estetikoari esker, aurpegia konpondu zioten eta berriz hasi zen lanean, baina ez zituen alkohola eta drogak utzi.
Istripuaren ostean, Vincent J. Donehueren Corazones solitarios (1958) eta Dmytryken El baile de los malditos (1958) egin zituen Cliftek. Azken honetan Marlon Brando izan zuen lankide. Ondorengo urtean, Elizabeth Taylorrekin egin zuen lan berriz, Joseph L. Mankiewiczen De repente, el ultimo verano pelikulan. Pelikula hau egiten ari zela, alkohola edan eta edan egoten omen zen Clift, hori dela eta zuzendariak pelikulatik bota nahi izan zuen, baina Elizabeth Taylorri eta Katharine Hepburni esker, Cliftek filma egiten jarraitu zuen.
Hamarkada berrian pelikula onetan egin zuen lan Cliftek. Elia Kazanen zuzendaritzapean Rio salvaje (1960) egin zuen eta ondoren Stanely Kramerren Vencedores o vencidos. Azken honetan egindako lanagatik lortu zuen oscarretarako azken izendapena, oraingoan bigarren aktore onenarena eta baita atzerriko aktore onenaren izendapena ere BAFTA sarietan. Spencer Tracy, Maximilian Schell, Burt Lancaster eta Judy Garland aktoreekin egin zuen lan film honetan. Ostean, John Hustonekin bi pelikula egin zituen, Vidas rebeldes (1961), Clark Gable eta Marilyn Monroe aktoreekin, eta Freud, pasion secreta (1962).
Clift zinematik aldentzen joan zen, osasun txarra zela eta. Halere, beste film batean parte hartu zuen 1966an: El desertor, Raoul Levyrena. Urte horretan, uztailaren 23an, bihotzekoak jota hil zen, 45 urte zituen.
Argazkiak: www.imdb.com