Norma Jeane Baker, Marilyn Monroe bezala ezagun egin zena, zinemako izarra baino zerbait gehiago izan zen, bere ospeak mito bihurtu zuen. Modelo moduan lanean hasi zen eta ondoren egin zuen zinemara jauzia. Bigarren mailako pertsonaiak edo garrantzi gutxikoak egin ostean, besteak beste, Los caballeros las prefieren rubias, Niagara eta La tentacion vive arriba pelikuletan protagonista izan zen Marilyn Monroe. Bere heriotzak, gazte eta era tragikoan hil zen, mitoa handitzen lagundu zuen.
Norma Jeane Mortenson Los Angelesen (Kalifornia, AEB) jaio zen, 1926ko ekainaren 1ean. Geroago Norma Jeane Baker bezala bataiatu zuten, amaren maitale baten abizena jarriz. Baina Marilyn Monroe izenarekin egin zen mundu guztian ezagun. Bere amak, Gladys Monroe, RKO estudioetarako egiten zuen lan eta gaitzak zeuzkan buruan. Inoiz ez zen ezagutu bere aita nor izan zen. Marilyn Monroek adopzio etxeetan eta umezurztegietan pasatu zuen haurtzaroa.
16 urterekin, 1942ko ekainaren 19an, Norma Jean Jimmy Doughertyrekin ezkondu zen, hegazkinak egiten zituzten lantegi batean ezagutu zuen 21 urteko gaztearekin. Bigarren Mundu Gerra hasi arte etxeko andre izan zen, orduan bere senarra gerrara bidali zuten. Itsas Armadako argazkilari bat Marilynek lan egiten zuen lantegira joan zen, gerra garaian emakumeen lanak zuen garrantziaren inguruan erreportaje bat egiteko, eta horrela, ia konturatu gabe, modelo lanetan hasi zen Marilyn. 1945. urtean 33 aldizkari ezagunen portadan agertu zen bere argazkia. Hurrengo urtean dibortziatu eta modelo lanetan hasi zen, eta baita interpretazioa ikasten ere.
Garai horretan hartu zuen Marilyn Monroe izena. Marilyn, garai hartako Marilyn Miller aktoreagatik eta Monroe, amaren ezkon aurreko abizena zen. 1947an lehen pelikulan parte hartu zuen The Shocking Miss Pilgrim. Beste hainbat pelikuletan lan egin ostean, modelo lanei ekin zien berriz Marilyn Monroek.
1950ean Metro Goldwyn Mayer estudioekin kontratua sinatu zuen eta bi pelikula egin zituen: La jungla de asfalto, John Hustonen thriller bat eta Eva al desnudo, John Mankiewiczena. Bi paper txiki hauekin eta ondoren egin zituen beste batzuekin, publikoa Marilyn ezagutzen hasi zen.
1953an Hollywoodeko aurpegirik ezagunenetakoa bihurtu zen Howard Hawksen Los caballeros las prefieren rubias (1953) eta Jean Negulescoren Como casarse con un millonario (1953) pelikulei esker. Henry Hatthawayk zuzendutako Niagara filmarekin, berriz, izar handia egin zen.
1954ko urtarrilaren 14an berriz ezkondu zen Marilyn, oraingoan Joe DiMaggio beisbol jokalariarekin. Bakarrik bederatzi hilabete egon ziren ezkonduta.
La tentacion vive arriba
Billy Wilderren La tentacion vive arriba pelikula egin zuen Marilynek 1955ean. Film honetakoa da Marilynen eszenarik ezagunenetakoa, metroaren aireztapen sistemako irteera baten gainean zegoela aireak gona altxatu zionekoa. Hau egin ostean, New Yorkeko Actor´s Studio ezagunean hasi zen ikasten eta bere ekoiztetxea sortu zuen: Marilyn Monroe Productions. Joshua Loganek zuzendutako Bus Stop (1956) eta Laurence Olivierren El príncipe y la corista (1957) lanak egin zituzten.
1956ko ekainaren 29an Arthur Miller idazlearekin ezkondu zen Marilyn Monroe (1961ean banandu egin ziren). 1959an Con faldas y a lo loco pelikula egin zuen, Billy Wilderren esanetara. Komediarako zuen gaitasuna erakutsi zuen. Ondoren, El multimillonario (1960), George Cukorren zuzendaritzapean, eta Vidas rebeldes (1961), John Hustonen agindutara egin zituen. Azken pelikula honen gidoia Millerrek idatzi zuen eta bi aktore handirekin batera protagonizatu zuen Mairlynek: Montgomery Clift eta Clark Gable.
1962ko martxoan munduko izar ezagunena izendatu zuten Marilyn, Urrezko Globoa ema zioten. Maiatzean, berriz, New Yorkeko Madison Square Gardenen Happy birthday ospetsua abestu zion John F. Kennedy AEBtako presidenteari. Urte bereko abuztuaren 4an, 36 urterekin, Brentwoodeko (California) etxean, gaindosi baten ondorioz hil zen Marilyn Monroe (hilketa izan zela ere askotan esan izan da).