Itzuli orri osora
Vivien Leigh, Scarlett Ohara mitikoa
vie, 20 oct 2006 18:26:00 +0200

Vivien Leigh Hollywood klasikoko izar ospetsuenetakoa izan zen Gone with the wind filma egin zuenetik. Bi Oscar sari irabazi zituen eta Laurence Olivier aktore eta zuzendariarekin ezkonduta egon zen. Osasun ahulagatik ezin izan zuen bere aktore lana normaltasunez egin eta 53 urterekin zendu zen tuberkulosiak jota.

Vivien Leigh (Vivian Mary Hartley) Darjeelingen (India) jaio zen 1913ko azaroaren 5ean eta Britainia Handira joan zen bizitzera Lehen Mundu Gerra bukatutakoan. Aita burtsako agentea zen eta ama, etxekoandrea. Vivienek goiz jakin zuen antzeztea gogoko zuela eta eskolako antzezlanetan parte hartzen hasi zen. Lehen Hezkuntza bukatutakoan, Royal Academy Of Art Londresko interpretazio-eskolan ikasten hasi zen. 1932an Herbert Holman abokatuarekin ezkondu eta handik gutxira alaba izan zuten, Suzanne. 1934an egin zuen debuta antzerkian, The Sash antzezlanarekin.

22 urterekin lehen pelikula egin zuen, Albert de Courvillek zuzendutako Things are looking up (1935). Lerro bateko papera zuen Vivienek, baina, hala ere, ikuslegoaren eta zinema munduko pertsona garrantzitsuen arreta erakartzea lortu zuen.

Aktore prestakuntza hobetzen jarraitu zuen Old Vic antzoki klasikoan lan egiten. Bertan, Laurence Olivier aktore eta zuzendari ospetsua ezagutu zuen eta berarekin maitemindu zen. 1940an, senarra utzi ostean Olivierrekin ezkondu zen emakumezko aktorea. Bizpahiru film egin zituzten elkarrekin: Fire Over England (1937) eta 21 Days Together (1940), besteak beste. Nahiz eta antzerkia zinema baino gustukoago izan, pelikula gehiagotan agertu zen Leigh eta horien artean Sidewalks of London (1938) eta A Yank at Oxford (1938) dira esanguratsuenak.

1939an, David O. Sleznick eragin handiko ekoizlea Gone with the wind liburuaren moldaketan Scarlett Ohararen papera egiteko aktorearen bila zegoen. Emakumezko aktore ugari ikusi ondoren, Vivien Leigh paper hori egiteko bikaina zela ikusi zuen. Pelikula horretan egindako lanagatik aktore onenari lehenengo Oscar saria eskuratzeaz gainera, kritika estatubatuarraren onespena jaso zuen.

Anitz osasun-arazo (depresioak eta arnasketa-arazoak) izan arren, aktoreak antzezlanak eta film gutxi batzuk egiten jarraitu zuen, Waterloo Bridge (1940), The Hamilton Woman (1941), Caesar and Cleopatra (1945) eta Anna Karenina (1948), besteak beste.

1951. urtean berriz ere arrakasta handia lortu zuen zineman Elia Kazanen A Streetcar Named Desire pelikula mitikoan Blanche DuBoisen papera egitearren. Film horretan egindako lanagatik bigarren Oscar saria eta beste sari garrantzitsu batzuk eskuratu zituen (BAFTA britainiarra, New Yorkeko Kritikarien saria, Urrezko Globoetarako izendapena eta Veneziako zinema-jaialdiko Volpi Cup saria, besteak beste).

1960an, 20 urtez ezkonduta egon ostean, bera eta Laurence Olivier banandu ziren. Handik gutxira, Arabesque (1966) eta The List of Adrian Messenger (1963) oihartzun gutxiko pelikuletan aritu zen John Merivale aktorearekin bizitzen hasi zen. Leighren osasun-egoerak txarrera egiten zuen eta gero eta pelikula gutxiago egiten hasi zen. A Streetcar Named Desire filmaren ostean hiru pelikula bakarrik egin zituen: The Deep Blue Sea (1955), The Roman Spring of Mrs. Stone (1961) eta Ship of Fools (1965).

1967ko uztailaren 7an hil zen Londresen Vivien Leigh, tuberkulosiak jota. 53 urte bakarrik zituen.