Billy Wilder zuzendari eta gidoilari estatubatuarrak ia genero guztietako pelikulak egin zituen, intrigatik hasi eta komediaraino. Lan bikainak egin zituen azken genero horretan, gidoi zorrotz eta kritikoekin. Bere pelikulen artean Con Faldas y a lo loco, Sabrina, El apartamento eta El crepusculo de los dioses nabarmendu daitezke, besteak beste. Ibilbide artistiko oparoan sei Oscar sari irabazi zituen.
Samuel Wilder, Billy Wilder izenaz ezaguna egingo zena, 1906an jaio zen Suchanen (Austria). Familia judu aberatsekoa zen. Haurtzaroa eta gaztaroa han pasatu zituen. Umore txarrekoa eta izaera zailekoa zen. Zuzenbidea ikasteko asmoa baztertu eta kazetari lanetan hasi zen, Berlinera joan zenean ere lanbide horretan jarraitu zuen, baina ez zuen asko irabazten eta zinemarako gidoiak egiteari ekin zion. Garai hartako Alemaniako pelikula askotan parte hartu zuen, Emil y los detectives (1931) filmean adibidez.
Hitler boterera heldu zenean, 1933an, Frantziara ihes egin behar izan zuen, judua izateagatik arriskuan baitzegoen. Bere ama Auschwitz-eko kontzentrazio zelaian hil zen. Parisen lehen pelikula zuzendu zuen, Curvas peligrosas (1934). Bere esanetan gogo askorik gabe eta esperientzia gutxirekin egin zuen pelikula, dirua behar zuelako. Urte horretan Ameriketako Estatu Batuetara joan zen bizitzera, Peter Lorre aktorearekin batera. Hollywooden Paramount estudioentzat gidoilari moduan lanean hasi zen.
Wilderrek Hollywooden egin zuen lehen pelikula El mayor y la menor (1942) komedia izan zen, Ginger Rogers eta Ray Milland ziren protagonistak. Hamarkada honetan hainbat pelikula egin zituen: Cinco Tumbas al Cairo (1943), Perdicion (1944) zinema beltzeko maisulana eta Dias sin huella" (1945) pelikula honek lau Oscar irabazi zituen, horien artean zuzendari eta gidoilari onenari emandakoak. El vals del Emperador eta Berlin Occidente, biak 1948koak, dira garai honetako beste lan batzuk.
50eko hamarkada bikaina izan zen zuzendari austriarraren ibilbidean. 1950ean bere filmerik errealistena eta gogorrena egin zuen El crepusculo de los dioses (1950), gidoilari onenari Oscar saria irabazi zuen. El gran carnaval (1951) pelikularekin estilo berdina jarraitu zuen, Kirk Douglas zen protagonista, hala ere, Wilderren pelikulen lehen porrota izan zen. Gai kritikoak baztertu eta 1954an Sabrina komedia erromantikoa egin zuen, Audrey Hepburn, Humprey Bogart eta William Holdenekin. Traidor en el infierno (1953) eta Testigo de cargo (1957) ere hamarkada honetako lanak dira, horiekin batera Con faldas y a lo loco (1959) eta La tentaciĆ³n vive arriba (1955) komediak egin zituen, bietan Marilyn Monroe zen protagonista.
El apartamento (1960) bere lanik ezagunena eta sarituenetarikoa izan da, hiru Oscar irabazi zituen: zuzendari onenari, pelikula onenari eat gidoi onenari emandakoak. Komedia garratz eta satiriko honetan Jack Lemon eta Shirley MacLainek parte hartu zuten. Ordutik pelikula gutxiago egiten hasi zen Wilder, hala ere, zinemaren historian aipamena merezi duten lanak burutu zituen: Irma, la dulce (1963), En bandeja de plata (1966) eta Primera plana (1974), adibidez.
Jack Lemmon eta Walter Matthaurekin Aqui, un amigo (1981) pelikula egin ostean erretiratu egin zen zuzendaria. Billy Wilder 2002ko martxoaren 28an hil zen, 95 urte zituen.