Ipar Dakotako aktoreak Metro Goldwyn Mayer, Columbia eta RKO etxeetan egin zuen lan eta arrakasta handia lortu zuen telebistan, "Private Secretary" telesailean, besteak beste. Gainera, bere ibilbidearen bukaeran Oscar sarirako izendatu zuten The Whales of August (1987) (Las ballenas de Agosto) filmagatik.
Harriette Lake (bere benetako izena) Valley Cityn (Ipar Dakota, AEB) jaio zen 1909. urteko urtarrilaren 22an. Kantu ikasketak egin zituen eta, 20ko hamarkadaren amaieran, paper txikiak interpretatzen aritu zen Broadwayn eta Hollywooden.
Metro Goldwyn Mayer etxe garrantzitsuak figurante lanak egiteko kontratua egin zion Sotherni. 1933an, Columbian sartu zenean, The Party's over (1934) filman egin zuen debuta. Lan horren ondoren, arrakasta gutxiko zenbait pelikulatan hartu zuen parte baina zinemaren munduan lekua hartzeko balio izan zioten, komedian batez ere. El chico millonario (1934, Roy del Ruth) izan zen garai hartan egin zuen pelikularik ezagunena. Eddie Cantor aktorearekin egin zuen lan bertan.
Columbia etxearekin kontratua hautsitakoan RKO-n egin zuen lan, eta La fugitiva de los tropicos (1938, Tay Garnett) filmatu zuen. Hala ere, urte berean MGMra itzuli eta Maisie (1939) pelikularen protagonista izan zen. Showgirl zoro baten bizipenak biltzen zituen lan erromantikoa 1947an bukatutzat eman zuten sail luze (10 alek osatu zuten) bilakatu zen. Maisie (1939), Gold Rush Maisie (1940), Congo Maisie (1940), Ringside Maisie (1941),Maisie was a Lady (1941), Maisie gets her man (1942), Swing shift Maisie (1943), Maisie goes to Reno (1944), Up goes Maisie (1946) eta Undercover Maisie (1947) dira saga horretako lanak.
Film luze horietan agertzeaz gain, 40ko hamarkadako pelikula ugaritan egin zuen lan Ann Sothernek. Aipatzekoak dira, besteak beste, Lady be good (1941, Norman Z. McLeod), Panama Hattie (1942, Norman Z. McLeod) eta Words and music (1948, Norman Taurog) musikalak. Carta a tres esposas (1949, Joseph L. Mankiewicz) pelikulan egin zuen bere paperik onena aktoreak.
50eko hamarkadan, lan gehiago egin zuen pantaila txikian handian baino. The Ann Sothern Show telebista-programan eta "Private Secretary" telesail arrakastatsuan hartu zuen parte, besteak beste. Nahiz eta denboraldi baterako zinema alde batera utzi, Gardenia azul (1953, Fritz Lang) pelikula egin zuen hamarkada horretan.
Bere ibilbidearen bukaeran Oscar sarirako izendatu zuten The Whales of August (1987) (Las ballenas de Agosto) filman egindako lanagatik. Lindsay Anderson britainiarraren pelikulan Lillian Gisho eta Bette Davis aktoreekin aritu zen Sothern.
Birritan ezkondu zen AEBetako interpretea; lehenengo aldiz Roger Pryorekin eta bigarrenean Robert Sterlingekin (aktoreak biak). 2001ean zendu zen Ann Sothern bihotzekoak jota. 92 urte zituen.