40ko eta 50eko hamarkadetako aktore lirainetakoa izan zen Mayo eta, besteak beste, Burt Lancasterrekin, Kirk Douglasekin eta Gregory Peckekin egin zuen lan. Aipatzekoak dira Los mejores años de nuestra vida, Juntos hasta la muerte eta Al rojo vivo filmetan egindako paperak.
Virgina Clara Jones St. Louisen (Missouri,AEB) jaio zen 1920. urteko azaroaren 30ean. Txikitatik dantza eta kantu ikasketak burutu zituen, eta jaioterriko musikaren munduan sartzeko aukera izan zuen.
David O. Selznick ekoizle garrantzitsuaren eskutik ezagutzera eman bazen ere, Sam Goldwynek lortu zuen Mayorekin lan egitea. Aktoreak Jack London (1943) filmarekin egin zuen debuta zineman, eta Susan Hayward eta Michael O' Searekin egin zuen lan bertan. Aktore horrekin 1947an ezkondu zen Missourikoa. Urte batzuk lehenago, 1944an zehazki, Danny Kaye komikoarekin egin zuen lan. Gerora, sarritan aritu ziren elkarrekin beharrean.
Beste umorista ezagun batekin, Bob Hoperekin hain zuzen, La princesa y el pirata (1944) filmean egin zuen lan, eta Kayerekin Rumbo a Oriente-n (1944). Geroxeago, garrantzi handiagoa lortu zuen Mayok Danny Kayerekin lan eginez, eta beste lau film gehiagotan aritu ziren elkarrekin: Un hombre fenomeno-n (1945), El asombro de Brooklyn-en (1946, Harold Lloyden filmaren bertsio berria), La vida secreta de Walter Mitty-n (1947) eta Nace una cancion (1948) pelikulan. Bola de fuego filmaren bertsio musikala da azken pelikula hori, eta Howard Hawksek berak egin zuen. Kaye eta Mayo izan ziren protagonista nagusiak.
Hamarkada berean, garrantzizko filmetan hartu zuen parte Virginia Mayok. Beste batzuen artean, aipatzekoak dira Los mejores años de nuestra vida (1946, William Wyler), Juntos hasta la muerte (1949, Raoul Walsh) eta Al rojo vivo (1949, Raoul Walsh). Azken pelikula horretan James Cagneyrekin egin zuen lan Mayok.
50eko hamarkadako lan esanguratsuenen artean (westernak eta abenturazkoak gehienak) aipatzekoak dira El halcon y la flecha (1950) Burt Lancasterren alboan, Camino de la horca (1951) Kirk Douglasekin, El hidalgo de los mares (1951) Gregory Peckekin, La novia de acero (1952) Alan Ladden ondoan, El talisman (1954) Rex Harrisonekin, Una pistola al amanecer (1956) Robert Stackekin eta Westbound (1959) Randolph Scotten alboan.
Urte horietan izen handiko zuzendariekin egin zuen lan Virginia Mayok. Besteak beste, Raoul Walsh, Jacques Tourneur eta Budd Boetticher zuzendarien gidaritzapean egon zen. 60ko hamarkadatik aurrera, zinematik urruntzen joan zen apurka-apurka eta paper gutxi egin zituen. Gainera, B mailako lanetan hartu zuen parte batez ere.
Virginia Mayo joan den urtean hil zen, 2005eko urtarrilaren 17an hain zuzen. 84 urte zituen.