Itzuli orri osora
William Powell, Hollywoodeko urrezko garaiaren izar nagusietako bat
vie, 21 abr 2006 18:25:00 +0200

19 urterekin antzerkiaren munduan egin zuen debuta AEBetako aktoreak eta hiru izendapen jaso zituen Oscarretarako, baina ez zuen zorte handirik izan eta golardo barik geratu zen. Aipatzekoak dira Sherlock Holmes, La cena de los acusados, Al servicio de las damas eta Vivir con papa filmak.

William Horatio Powell 1892. urteko uztailaren 29an jaio zen Pittsburghen (Pennsylvania, AEB). 19 urterekin egin zuen debuta Broadwayn eta hamar urtez egon zen bertan lanean, pantaila handira salto egin zuen arte; izan ere, Paramount etxearekin sinatu zuen kontratua aktoreak. Gainera, 1915.ean Eileen Wilsonekin ezkondu zen Powell.

Sherlock Holmes (1922, Albert Parker) Arthur Conan Doyle pertsonaian oinarritutako filma izan zen bere lehen pelikula. 20ko hamarkadako bere film esanguratsuenak Romola (1924, Henry King), Beau Geste (1926, Herbert Brenon), La dicha de los demas (1926, Brenon), Aloma del mar del sur (1926, Maurice Tourneur), La ultima orden (1928, Josef Von Sternberg), La redada (1928, Josef Von Sternberg) eta Reclutas detectives (1928, Frank Strayer) izan ziren, besteak beste.

Filmetan ahotsa erabiltzen hasi ziren garaira ondo egokitu zen aktorea. Zinema soinudunean egin zuen lehen filma Intromision (1929, Lothar Mendes eta Roy Pomeroy) izan zen. 30eko hamarkadan detektibearena egin zuen arrakasta handiz, eta "Philo Vance" inspektorearen papera bete zuen ¿Quien la mato? (1929, Malcom St. Clair) eta Matando en la sobra (1933, Michael Curtiz) pelikuletan.

William Powell eta Eileen Wilson 1930. urtean banandu ziren, eta urtebete geroago Carole Lombard aktorearekin ezkondu zen. Elkarrekin hiru pelikulatan egin zuten lan: El gigolo (1931, Lothar Mendes), Un hombre de mundo (1931, Richard Wallace) eta Al servicio de las damas (1936, Gregory La Cava) filmetan hain zuzen. Powell eta Lombard 1933.ean banandu ziren.

The Thin Man pelikula-sailarekin oso famatu egin zen Powell, eta Myrna Loy aktorearekin egin zuen lan bertan. La cena de los acusados (1934) izan zen sail horren lehen filma eta, izan zuen arrakastaren ondorioz, bost pelikula gehiago egin zituzten.

30eko hamarkadan bi aldiz izendatu zuten Pennsylvaniako aktorea Oscar sarietarako. Lehen izendapena La cena de los acusados lanagatik izan zen (Clark Gablek irabazi zuen Sucedio una noche filmagatik) eta bigarrena, berriz, Al servicio de las damas pelikulagatik (Paul Munik lortu zuen saria La tragedia de Louis Pasteur-en egindako paperagatik).

40ko hamarkadan aurreko garaietan baino film gutxiago egin zituen William Powellek, eta egin zituenak, ia gehienak, komediak ziren. Besteak beste, aipatzekoak dira Te quiero otra vez (1940, Van Dyke), Mi marido esta loco (1941, Jack Conway) eta Vivir con papa (1947, Michael Curtiz). Azken film horretan egindako lanagatik berriro izendatu zuten Oscarretarako, baina oraingoan Ronald Colmanek (Doble vida) irabazi zuen. 1940.ean Powell hirugarren aldiz ezkondu zen Diana Lewis aktorearekin (Los hermanos Marx en el oeste, Senda Prohibida).

50eko hamarkadan utzi zuen zinema aktoreak, baina erretiroa hartu aurretik Como casarse con un millonario (1953, Jean Negulesco) eta Escala en Hawai (1955) filmak egin zituen, besteak beste. 1984. urteko martxoaren 5ean hil zen Powell. 91 urte zituen aktoreak.