Itzuli orri osora
Spencer Tracy, kapitainik ausartena
vie, 07 abr 2006 18:25:00 +0200

John Forden eskutik egin zuen salto antzerkitik zinemara AEBetako aktoreak. Bi Oscar sari irabazi zituen bere ibilbidean, eta beste hiru izendapen ere jaso zituen. Bere pelikula ezagunenen artean, besteak beste, Capitanes intrepidos, Forja de hombres, El padre de la novia eta Conspiracion de silencio aipa ditzakegu.

Spencer Bonaventure Tracy 1900. urteko apirilaren 5ean jaio zen Milwaukeen (Wisconsin, AEB). Hamar eskola baino gehiagotatik kanporatu zuten umetan jarrera txarra zuela eta, baina nerabezaroan portaera aldatu zuen eta, nahiz eta apaiz izan nahi zuen, azkenean Lehen Mundu Gerran borrokatu zen.

Beranduago, unibertsitatean ikasten hasi zenean, bertako antzerki-konpainiako kide egin zen. Gainera, New Yorkera joan zen gero eta, Pat O´Brienekin batera, Arte Dramatikoen Amerikako Akademian sartu zen interpretazioa ikasteko.

New Yorkera heldu ondoren, Broadwayn sartu zen eta arrakasta handiko antzezlanetan hartu zuen parte, besteak beste, The Last Mile-n. Bertan egindako lanaren ondorioz, John Fordek harengan interesa jartzea ekarri zuen, eta Rio arriba (1930) filmean berarekin lan egitea proposatu zion Tracyri. Hori izan zen aktoreak egin zuen lehen pelikula, eta 30, 40 eta 50eko hamarkadetan film esanguratsuak burutu zituen. Gainera, 1923.ean Louise Treadwellekin ezkondu zen Tracy.

30eko hamarkadan hainbat pelikulatan egin zuen lan, eta 1932. urtean zazpi film estreinatu zituen. Garai horretako lan azpimarragarrienak Mi chica y yo (1932, Raoul Walsh), Veinte mil años en Sing-Sing (1933, Michael Curtiz), Fueros humanos (1933, Frank Borzage), Poder y gloria (1933, William K. Howard), Furia (1936, Fritz Lang), Una mujer difamada (1936, Jack Conway), San Francisco (1936, W.S. Van Dyke), Capitanes intrepidos (1937, Victor Fleming), Forja de hombres (1938, Norman Taurog), Piloto de pruebas (1938, Fleming) eta El explorador perdido (1939, Henry King) izan ziren.

Bi Oscar sari lortu zituen Tracyk hamarkada horretan: Capitanes intrepidos filmagatik bat, eta Forja de hombres pelikulagatik bestea. Gainera, San Francisco-n egindako lanagatik sari horretarako izendatu zuten, baina Paul Munik (La tragedia de Louis Pasteur) lortu zuen golardoa azkenean.

40ko hamarkadan, Edison, el hombre (1940, Clarence Brown), Paso al noroeste (1941, Henry King), El extraño caso del Dr. Jeckyll (1941, Fleming) La vida es asi, (Fleming) eta Treinta segundos sobre Tokyo (1946, Leroy), pelikuletan hartu zuen parte, besteak beste. Azken horretan Katharine Hepburnekin egin zuen lan. Maitaleak izan ziren Tracy eta Hepburn, eta bederatzi pelikulatan egin zuten topo: La mujer del año (1942), La llama sagrada (1942), Sin amor (1945), Mar de hierba (1947), El estado de la Union (1948), La costilla de Adan (1949), Pat & Mike (1952), Su otra esposa (1957) eta Adivina quien viene esta noche (1967) lanetan hain zuzen. Hala ere, nahiz eta maitaleak izan, bikotea ez zen inoiz ezkondu.

50 eta 60ko hamarkadetan film ugari egin zituen Milwaukeeko aktoreak. Aipatzekoak dira El padre de la novia (1950, Minnelli), El padre es abuelo (1951, Minnelli), Lanza rota (1954, Edward Dmytryk), Conspiracion de silencio (1955, John Sturges), El ultimo hurra (1958, John Ford), El viejo y el mar (1958, Sturges), eta Inherit the wind (1960), Vencedores o vencidos (1961), El mundo esta loco, loco, loco (1963), Adivina quien viene esta noche (1967); Stanley Kramerren gidaritzapean azken horiek. Vencedores o vencidos eta Adivina quien viene esta noche pelikuletan egindako lanagatik beste bi izendapen jaso zituen, baina Oscarrak Maximilian Schellek (Vencedores o vencidos) eta Rod Steigerrek (En el calor de la noche eraman zituzten.

60ko hamarkadaren amaieran bere osasunak txarrerantz egin zuen, eta Adivina quien viene esta noche filma bukatu eta geroxeago hil zen bihotzekoak jota. 67 urte zituen Tracyk.