Marianne Faithfull, Leopold Von Sacher-Masoch idazle aristokrataren ondorengoa, 60ko "Swinging London"en musarik ezagunetakoena izan zen. Andrew L. Oldham, Rolling Stones taldeko ekoizleak, festa batean ezagutu zuen Faithfull. "As tears go by", Mick Jaggerrek eta Keith Richardsek idatzitako abestiarekin ekin zion ibilbide profesionalari.
1946. urtean jaio zen Marianne Faithfull Hampsteaden, Londresen. Aita, Gynn Faithfull, filologia irakaslea zen Unibertsitatean eta ama, Edisso baronesa, Leopold von Sachar-Masochen (La venus de las pieles liburuaren idazlea) ondorengoa zen.
1964. urtean "As tears go by", Mick Jaggerrek eta Keith Richardsek idatzitako abestia, publikatu zuen. Singlea oso arrakastatsua izan zen Britainia Handian 9. postua eskuratuz abesti entzunenen zerrendan.
Urte horretan, azaroan, "Blowin's in the wind" Bob Dylanen abestiaren bertsioa kaleratu zuen, eta 1965ean, "Come and stay wit me" singlea. 60ko hamarkadaren erdialde horretan, bestalde, hiru disko publikatu zituen Faithfullek: Come my way, Marianne Faithfull eta Go away from my world ("Summer Nigths" eta "Yesterday" Beatles taldearen abestien bertsioak disko horretan daude).
1965. urtean John Dunbarrekin ezkondu zen baina urte betera, bikotea banandua zegoen, Mariannek Mick Jaggerrekin amodiozko harreman bat hasi eta gero. Garai horretan, bestalde, drogarekin arazo larriak izan zituen abeslaria britainiarrak eta hainbat eskandalutako protagonista izan zen.
1966an North country maid argitaratu zuen eta 1967an, Faithfullek aktore lanak egin zituen Georgina, Michael Winnerren filmean, Love in a mist diskoa kaleratu eta gero. Hurrengo urteetan, besteak beste, La chica de la motocicleta (1968) eta Hamlet pelikuletan parte hartu zuen.
1970. urtean Ned Kelly filmean Mick Jaggerrek eta Marianne Faithfullek aktore lanak egin behar zituzten baina Mariannek gaindosi bat izan zuen eta hiltzear egon zen. 70eko hamarkada horretan, bestalde, drogen munduan erabat murgildu zen artista britainiarra, Jaggerrekin harremana bukatu eta gero.
1979. urtean Broken Englis publikatu zuen eta Ben Brieflyrekin ezkondu zen. 80ko hamarkadan disko hauek kaleratu zituen, besteak beste: Dangerous Acquaintances (1981), Rich Kid Blues (1981), A child's aventure (1983) eta Strange Weather (1987).
90eko hamarkadan, berriz, hurrengo diskoak argitaratu zituen: Blazing away (1990), A secret life (1995), 20Th Century blues (1997), The seven deadly sins (1998) eta Vagabond ways (1999).
Kissin' time (2002)(Beck, Jarvis Cocker, Dave Stewart, Blur eta Billy Corgan musikarien hitzekin) eta Beforre the poison (P.J Harveyren, Nick Caveren eta Damon Albarnen hitzekin) dira Marianne Faithfullen azken diskoak.