Euren kantetan 80ko hamarkadan Britainia Handiko gizartean zegoen egoezina islatu zuten. Borroka sozial horiek areagotu egin ziren, gainera, Margaret Thatcherrek hauteskundeetan garaipena eskuratu ondoren. The Clash taldeak London Calling grabatu zuen garai hartan, hamarkada horretako espiritua ondoen jaso zuen diskoa eta rock estiloan inoiz grabatu den lanik onenetakoa. Sex Pistolsek aldarrikatu zuen "No Future" sentimenduaren aurrean, The Clashek iraultza iragarri zuen etorkizunerako.
70eko hamarkadan gizarteak krisi sakon bat bizi zuen eta garai horretako gazteen ikuspegia "No future" zen. Industria kulturalak milioi askoko kontratuak bultzatu zituen diskoetxe handiekin eta abeslariak popeko izar handiak ziren. Baina errealitatea bestelakoa zen eta gazteak ez ziren sinbolo horiekin identifikatzen.
Londres egoera horren islada izan zen. Petroleoaren krisiak beste faktore batzuei lotuta langabezia handia, auzo txiroen gehitzea, eta etorkizun eza ekarri zuen.
Kultura ekoizpenaren eta gazte askok bizi zuten errealitatearen arteko tartea oso handia egin zen eta sistemaren aurkako filosofia bultzatu zuen egoera horrek.
Garai horretan, 1976. urtean The Clash taldea sortu zen. Joe Strummerrek (ahotsa eta gitarra elektrikoa), Micke Jonesek (gitarra elektrikoa eta ahotsa), Paul Simenonek (baxua) eta Nicky "Topper" Headonek (bateria) osatzen zuten taldea.
Bernard Rhodes managerrak The Clash (1977) disko bikaina CBS diskoetxearekin publikatzea lortu zuen. Mickey Footek ekoiztutako lan hori eta "White riot" singlea Britainia Handian (AEBetan ez zuten publikatu) nahiko arrakastatsuak izan ziren.
Sex Pistols, Buzzcoks edo Jam taldeekin batera eskainitako kontzertuek The Clash boskotearen entzutea areagotu zuten eta Give'em enough rope (1978), bandaren bigarren lanarekin, taldea oso ezagun egin zen Britainia Handian.
London Calling (1979) disko bikoitza publikatu zutenean The Clashen eklektizismo musikalak (reggaea, bluesa, rocka) gorena jo zuen. Sandinista! (1980) lan hirukoitzarekin atzera pausu txiki bat izan zuen taldeak Britainia Handiko merkatuan baina AEBetan alderantzizkoa gertatu zen.
Ondoren, Headonek, taldeko bateriak, taldea utzi zuen eta bere ordez Terry Chimes sartu zen bandan. 1982. urtean Combat Rock publikatu zuten, "Should I stay or should I go" eta "Rock the Casbah" maisulanak disko horretan daude. Lanak AEBetako eta Britainia Handiko disko salduenen zerrendan gorengo postua lortu zuen, ondorioz, taldearen ospea handitu zen eta The Whorekin ere jo zuten.
Garai horretan, bestalde, taldean desakordioak egon ziren eta Mick Jonesek boskotea utzi zuen, Big Audio Dynamite banda sortzeko. Bi urte beranduago, Cut the crup(1985) kaleratu zuten eta diskoaren kritika txarrak taldearen amaiera ekarri zuen. Mickek, Paulek eta Joek bakarkako bideari ekin zioten eta Joek arrakasta handia lortu zuen The Mescaleros bandarekin. 2002ko abenduaren 22an hil zen Joe Strummer, The Clash taldearen arima, 50 urte zituela.