Itzuli orri osora
R.E.M. AEBetako Rock Berriaren aitzindariak (II)
vie, 30 sep 2005 18:24:00 +0200

1988tik 1991ra taldearen garairik emankorrena da. Aldi horretan laukoteak mundu mailako hainbat bira egin zituen eta salmentek gora egin zuten izugarri. Warner multinazionalak taldea kontratatu zuen, hala ere, kalitatea izan zen laukotearen lehentasun nagusia.

90eko hamarkadaren hasieran Out of time (1991) diskoa merkaturatu zuen taldeak, askorentzat amerikarren lanik komertzialena. 12 milioitik gora disko saldu zituen munduan. "Losing my Religion" abesti ezaguna eta "Shiny Happy People" single arrakastatsua lan horretan daude. Diskoa lehenengo postuan egon zen mundu osoan zehar, eta orduko rock talderik garrantzitsuena izendatu zuen prentsak.

1992. urtean Atomic for the people diskoa kaleratu zuen, AEBetatik bira txiki bat egin ondoren. Lana ez zen oso komertziala eta aurrekoa baino akustikoagoa zen; salmentetan arrakasta izugarria izan zuen disko horrek, ordea.

Monster (1994) izan zen laukotearen hurrengo lana. Grunge estiloaren eragina argia da disko horretan. Taldearen estilo aldaketa nahiko kritikatua izan zen eta salmentek nabarmen egin zuten behera. Dena den, Monster Tour 95 bira egin zuen R.E.M.ek eta nahiko harrera ona izan zuen.

1996. urtean Tuatara taldea osatu zuen Peter Buckek. Justin Harwood (Lunako baxu-jotzailea), Barrett Martin (Screaming Trees taldeko bateria-jotzailea) eta Skerik baxu-jotzailea ziren taldekideak. Rocka, popa eta jazza uztartzen zituen talde esperimental horrek. New adventures in hifi diskoa kaleratu zuen urte berean, R.E.M.ek. Hainbat biratan konposatutako abestiez osatuta dago lana.

1997. urtean Bill Berryk taldea utzi zuen. Osasun arazoak zituen artistak eta lasaiago bizitzea erabaki zuen. Hala ere, taldekideek hirukote bezala aurrera jarraitzea erabaki zuten.

Up lan intimista 1998. urtean merkaturatu zuen hirukoteak. Diskoaren izenburua oso esanguratsua da, (Up/ goian), taldeak maila gorenean jarraitzeko erabakia islatzen du. Reveal (2001) izan zen taldearen hurrengo lana. Ken Stringfellowek (Posies taldeko kidea), Fresh Fellowsek, Scott McCaugheyek eta Joey Waronker bateria-jotzaileak kolaborazio lanak egin zituzten. 2004. urtean Around the sun diskoa kaleratu zuen R.E.M.ek, "Leaving New York" baladarekin aurkeztutako lana.