Itzuli orri osora
REM, AEBetako Rock Berriaren aitzindariak (I)
jue, 22 sep 2005 18:24:00 +0200

Azken garaietako rock talderik egonkorrena da Michael Stipek, Peter Buckek, Bill Berryk eta Mike Millsek osatu dutena. Duela 20 urtetik gaur egun arte, gogor jardun dute lanean rockaren munduan, abestiak eginez, diskoak kaleratuz eta etengabe bide berriak jorratuz: popa, garage-rocka, country-rock, folk-rocka eta musika psikodelikoa egin izan dute. Taldekideak, gainera, beti berak izan dira; Bill Berryk soilik alde egin du, osasun arazoak direla eta.

1980ko apirilaren 5ean eman zuen lehen kontzertua Twisted Kites taldeak (REMen lehendabiziko izena zen hori). Mike Mills baxu-jotzaileak (1958, Orange Country), Bill Berry bateriak (1958, Duluth), Michael Stipe abeslariak (1960, Decatour) eta Peter Buck gitarristak (1956, Berkeley) Athens hirian, Georgian, ezagutu zuten elkar, unibertsitatean ikasten ari ziren garaian. Musika zuten guztiek gogoko; beraz, elkartu eta hainbat talderen bertsioak egiten hasi ziren. Laster, hainbat aldizkarik "unibertsitateko rocka" deitu zuten musika motaren ordezkari ezagunenak ziren.

Halako batean, ordea, izena aldatzea erabaki zuten. Hiztegia zabaldu eta REM siglekin egin zuten topo. Rapid Eyes Movement (Begien Mugimendu Azkarra) esan nahi dute hizki horiek eta lotan gaudela nahi gabe egiten dugun mugimendu bat deskribatzen dute.

Hasieran, beste artista batzuen abestiak jotzen zituzten Athenseko eta inguruko hirietako lokal txikietan. Urtebete baino lehen, ordea, euren abesti propioak sortzen hasi ziren, besteak beste, "Radio Free Europe" eta "Sitting Hill", eta Hib Tone Records diskoetxeari esker single formatuan kaleratu zituzten. Taldearen abestiak unibertsitateetako irrati guztietan entzuten hasi ziren, arrakasta handia izan zuten eta kontratua sinatu zuten IRS diskoetxearekin. Horrela, bost abesti bildu eta Chronic Town diskoa kaleratzeko aukera izan zuten.

REMen hasierako musikaren ezaugarri nagusiak Bucken gitarraren indarra, Millsen eta Berryren erritmo bizia eta Stiperen letren lirismoa ziren.

1983an, lehen disko luzea kaleratu zuen taldeak: Murmur. The Byrds taldearen eragina nabaria da lan honetan; rock klasikoa eskaini zuten, baina folkaren ukitu batzuk ere sartu zituzten. Rolling Stone aldizkariak urteko diskorik onena, Thriller Michael Jacksonen lana baino hobea, zela iritzi zion. Musika adituen esanetan, lan honekin AEBetako Rock Berriaren garaia hasi zen.

Handik aurrera lan asko egin zuten REMeko taldekideek eta urtean disko bat kaleratu zuten. Reckoning-ek (1984) aurrekoak bezain kritika onak jaso zituen. Fables of the reconstruction (1985) diskoan Joe Boydekin elkarlanean aritu ziren. Life's Rich Pageant-en (1986), aldiz, soinuaren potentzia handitu zuten eta hasierako lanen erritmo bizia berreskuratu zuten. Horrez gainera, ekologiarekiko eta politikarekiko interesa piztu zitzaien, eta abestietan hitz serioagoak sartu zituzten. Life“s Rich Pageant Urrezko Disko izan zen AEBetan.

Urtebete geroago, 1987an, Scott Litt, aurrerantzean taldearen diskoez arduratuko zen ekoizlea, ezagutu zuten eta mundu osora zabaldu zuten euren musika, salmenta izugarriak lortuz. Littek ekoitzitako lehen diskoan, Document-en, taldea heldutasunera iritsi zela nabari da. Konposizio landuagoak ditu, soinu potentzia handiagoa eta musika elektronikoarekin saiakerak egiten ausartu ziren. Stipek, gainera, hitz misteriotsuagoak eta ilunagoak egin zituen.

Warner enpresak taldearekiko interesa azaldu zuen, aurreko lanekin milioika dolarreko salmentak egitea lortu baitzuten. Green (1989) diskoa izan zen Warnerrekin egin zuten lehenengoa. "Orange Crush" eta "Stand" abestiak sartu zituzten han, besteak beste, eta abesti instrumentalak tartekatu zituzten rock kutsuko lanean.

80ko hamarkadan gelditu gabe aritu ziren lanean REMeko taldekideak. Disko asko egiteaz gain, lanen kalitatea ere asko zaindu izan dute beti eta bide berriak jorratu dituzte etengabe. Hala ere, bakoitzak denbora izan zuen bestelako gauzak egiteko; Buckek, Millsek eta Berryk, adibidez, beste talde bat sortu zuten Warren Zevon abeslariarekin, Hindu Love Gods.