Itzuli orri osora
The Rolling Stones, rock musikaren "mutil gaiztoak" (I)
jue, 01 sep 2005 18:24:00 +0200

The Rolling Stones taldea musika munduko talderik zaharrenetarikoa da, musika modernoaren historian garrantzia berezia duena. Azken hamarkadetako estilo guztiak jorratu dituzte noiz edo noiz: bluesa, rock, hard-musika, psikodelia, funka, reggaea eta baita disko-musika ere. Gaur egun, hainbeste urteren ondoren, lehengo energia berarekin jarraitzen dute mundu osoko aretoak goraino betetzen eta zuzeneko ikusgarriak eskaintzen.

The Rolling Stones taldearen historia 60ko hamarkadako lehen urteetan hasi zen. Mick Jagger (Dratford, 1943) eta Keith Richards (Dratford, 1943) Londresera zihoan trenean elkartu ziren aspaldiko partez. Gezurra badirudi ere, garai hartan, Jaggerrek Ekonomia eta Kontabilitatea ikasten zuen eta Richards Arte Eskolara joaten zen. Bluesa, rythm and bluesa eta rock and rolla atsegin zituzten biek. Besteak beste, Chuck Berryren, Robert Johnsonen eta Muddy Watersen jarraitzaileak ziren, eta horrela hasi zen euren arteko adiskidetasuna.

1960an Little Boy Blue & The Blue Boys taldea osatu zuten bi lagunek Dick Taylorrekin batera, eta Brian Jones (1943-1969) eta Ian Stewart (1947-1985) ezagutu zituzten handik gutxira. Alexis Kornerren taldean jo zuten denek denboraldi batez.

Ondoren, talde propioa sortu zuten. The Rolling Stones izena Brian Jonesek proposatu zuen; Muddy Watersen "Rollin´ Stone Blues" abestitik hartu zuen. Lehenengo kontzertua 1962ko uztailaren 12an eman zuten eta honako hauek aritu ziren: Mick Jagger (ahotsa), Keith Richards (gitarra), Brian Jones (gitarra), Dick Taylor (baxua), Mick Avory (bateria) eta Ian Stewart (pianoa). Laster, Taylorrek eta Avoryk beste bide bati jarraitzea erabaki zuten eta Bill Wymanek (Lewishman, 1936) eta Charlie Wattsek (Londres, 1941) ordezkatu zituzten.

The Rolling Stones taldearen lehen abestiak beste profesional batzuen kanten bertsioak izan ziren: Jimmy Reed, Elmore James eta Chuck Berry musikarienak besteak beste. Londres eta inguruko aretoetan jotzen zuten, eta laster egin ziren entzutetsu.

Urte haietan talde gazte ugari sortu ziren Britainia Handian. Alde batetik, The Beatles taldeak ibilbidea hasi berria zuen arrakasta handiz. Bestetik, The Animals, Spencer Davis Group eta Eric Claptonen Yardbirds taldeak ere nahikoa entzute zuten. II. Mundu Gerraren ondoren bizi izan ziren urte beltzei azkena eman nahi zien belaunaldi gazteak aldaketak eskatzen zituen, eta musikaren munduan ere antzeman zen sentimendu hori. The Rolling Stonesek iraultza ekarri zuen.

The Beatles taldearen antitesia

Andrew Loog Oldham oso pertsona garrantzitsua izan zen The Rolling Stonesen historian. Brian Jonesi esker ezagutu zuten, eta taldeko lehen managerra izan zen. Berea izan zen Rolling Stones Beatlesen antitesi eta etsai moduan agertzeko ideia: The Beatles taldekoak "mutil zintzoak" baziren, Rolling Stonesekoak "mutil gaiztoak" izango ziren. Bi taldekideak etsai zirela ere zabaldu zuen hedabideetan, nahiz eta hori gezurra zen eta oso ongi konpontzen ziren.

¿Mutil gaizto¿ itxura emateko Ian Stewart talde ofizialetik baztertzea erabaki zuen Oldhamek, ez baitzuen irudi hori betetzen. Hala ere, beti aritu zen Rolling Stones taldearekin jotzen, bai zuzenean baita diskoetan ere, 1985ean hil zen arte. "Seigarren stonea" deitu izan zioten.

1963an merkaturatu zuten taldearen lehen singlea, Come on, Decca diskoetxearekin. Hurrengo lanean, Lennonek eta McCartneyk idatzitako "I wanna be your man" abestia sartu zuten, eta Not fade away hirugarren diskoarekin merkatuan lekua egitea lortu zuten.

The Rolling Stones taldearen lehen lan horiek guztiak beste autore batzuen bertsioak izan ziren. Oldhamek hotel batean sartu behar izan zituen 1964an euren kanta propioak egiten has zitezen. Jaggerrek eta Richardsek hartu zuten ardura hori. The Rolling Stones diskoa izan zen euren kanta bat izan zuen lehena.