1965. urteaz geroztik, taldeak bestelako norabidea hartu eta musika talentua garatu zuen. Abesti berritzaileak egin zituen garai horretan, baina Liverpooleko lau gazteen arteko harremana okertzen joan zen hamarraldiaren amaieran. "Let it be" abestia argitaratu ondoren desegin zuten taldea 1970ean, eta taldekideak bakarkako proiektuetan murgildu ziren buru-belarri.
1968. urtetik aurrera, tirabirak eta tentsio uneak geroz eta nabariagoak izan ziren Liverpooleko laukotean, batez ere John Lennonen eta Paul McCartneyren artean. Urte horretan bertan, Yellow Submarine disko ezaguna eta izen bera zeraman pelikula grabatu zituzten. Arrakasta itzela lortu zuten orduan ere, eta, esne-mamitan zeudenean, Apple Records arteari eta, bereziki, musikari lotutako diskoetxea sortu zuten. Baina dena ez zitzaien hain ondo atera, eta diru arazo larriak izan zituzten handik urtebetera.
Garai hartan, Indiara joan ziren atseden espirituala hartzera. John Lennonek Yoko Onno bere bigarren emaztea izango zena ezagutu zuen han. 1969ko martxoaren 20an ezkondu ziren Gibraltarren, eta, askoren ustez, haren erruz gaiztotu zen The Beatles taldeko giroa, hein handi batean.
Indian abesti sorta ederra konposatu eta, itzultzean, uzta oparoa jaso zuten lan gogorraren ostean. Hala, White album (1968) lana kaleratu zuten, eta bertan heavy metal musika estilora gerturatu ziren "Helter Skelter" bezalako kantekin. Urte amaieran, "Hey Jude" single ospetsua, historian gehien saldu den abestietako bat, merkaturatu zuten.
1969an, Lennonen eta McCartneyren arteko harremana asko hoztu zen, baina tirabirak eta tentsioak alde batera utzi, eta Abbey Road (1969) hamahirugarren lana argitaratu zuten. Diskoaren azala ezaguna egin zen mundu zabalean, eta bertan Liverpooleko lau gazteak azaltzen dira Abbey Road Londresko kaleko zebra-bidea igarotzen. Askorentzat maisulana denak arrakasta handia lortu zuen, baina diskoak, taldea batu beharrean, gehiago banandu zuen. Estudioan, bakoitzak bere aldetik grabatu zituen lan horretako abestiak eta beharrezkoa zenean bakarrik bildu ziren laurak.
Let it be (1970) Abbey Road baino lehenago grabatu zuten, baina merkatura atera zen The Beatlesen azken lana izan zen. Disko horrek ere zerrendetako lehen postuak eskuratu zituen, taldea azkenetan egon arren. Eztabaidak eta hika-mikak geroz eta handiagoak ziren, eta hamarkada berriaren atarian zale askoren susmoa egia bilakatu zen: 1970eko apirilaren 11n, John Lennonekin sekula ere ez zuela gehiago abestuko iragarri zuen Paul McCartneyk, prentsa aurrean egin zuen agerraldian (gerora ez zuen bete bere hitza).
Bakarkako ibilbideak
Bakarkako lanei ekiten lehena Ringo Starr izan zen. The Beatleseko bateria-jotzailearen musika ibilbideak hainbat gora behera izan zituen eta, zenbait abesti eder egin zituen arren, 80ko hamarkadaren hasieran hondoa jo zuen. Zinema munduan ere aritu zen aktore lanetan eta hainbat pelikulatan egin zuen lan, baina film horiek ez zuten oihartzun handirik izan. George Harrisonen ibilbidea, berriz, bestelakoa izan zen. Lan komertzialak alde batera utzi eta kalitatea oinarri zuten proiektuetan murgildu zen. Asia hegoaldeko kulturarekiko interes handia zuen Harrisonek eta, horrek bultzatuta, "Bangladeshentzat Kontzertua" egitasmoa antolatu zuen (dirulaguntza lortzeko). Bertan, maila handiko artistak bildu zituen, Eric Clapton, Bob Dylan eta Ringo Starr taldekide ohia, tartean. 2001eko azaroaren 30ean hil zen, minbiziak jota.
Zalantzarik gabe, Liverpooleko laukotetik John Lennonek eta Paul McCartneyk lortu zuten arrakasta gehien. Lennon The Beatles banandu baino bi urte lehenago hasi zen lanean bere kontu. "Imagine" abesti ezagunaren egilea jardun politiko eta intelektualean ere nabarmendu zen eta, aldarrikapen gisa, abesti bakezaleak konposatu zituen. Bere onetik ateratako fanatiko batek hil zuen 1980ko abenduaren 8an, artistak New Yorken zuen apartamentuaren atarian.
Bestalde, taldea desegin zenetik, Paul McCartneyk etekin handia atera dio bere musika talentuari, hasieran Wings taldearekin eta gerora bakarlari moduan. Denbora horretan, makina bat sari jaso ditu, eta "Mull of Kintyre" (1977), "Ebony and Ivory" (1982), "The Girl is Mine" (1982), "Say, say, say" (1983) eta "Hope of Deliverance" (1993) abestiak dira, besteak beste, ibilbide emankor eta oparoaren zenbait adibide. 1996an, Isabel II.a Britainia Handiko erreginak Sir titulua eman zion, kulturari egindako ekarpenagatik, eta, handik hiru urtera, rock-and-rollaren musikari ospetsuen aretoan ateak zabaldu zizkioten bigarren aldiz (lehenengoan, The Beatlesko taldekide bezala eta bigarrenean, bakarlari moduan).
McCartneyk ez zuen 1970ean esandakoa bete. 1995ean, Lennon hil eta 15 urtera, musikari bien ahotsak "Free as a bird" abestian entzun genituen batera, Anthology The Beatlesen zuzeneko abestiak edota inoiz entzundako kantak jasotzen dituen lan hirukoitzaren barruan, hain zuzen. Hala, Liverpooleko laukotea berriz ere bildu zen, teknologiaren magiari esker.