The Beatlesek 14 lan luze eta 22 labur argitaratu zituen musika ibilbide laburrean eta, oraindik ere, Liverpooleko laukotearen kantak abestu eta moldatzen dituzte asko eta askok. 13 urtez maila gorenean egon zen taldea eta, denbora horretan, bi garai bereiz daitezke: lehenengoan (1962-1965), fama handia lortu zuen mundu zabalean, eta bigarrenean (1965-1970), berriz, taldekideek musika talentua garatu eta erabat berritzaileak ziren abestiak konposatu zituzten. 70eko hamarkadaren hasieran, arrakastak gainezka egin zien eta, "Let it be" abestia kaleratu ondoren, banandu egin ziren, ibilbide emankor eta oparoari amaiera emateko.
"Love me do" (1962) abestia kaleratu eta gutxira, The Beatlesek Please, please me (1963) lehen lana argitaratu zuen. Taldekideek 13 ordutan grabatu zuten disko hori. Urte berean heldu zen With the Beatles (1963) bigarren lana eta, horrekin batera, "She loves you" kanta ezaguna. Liverpooleko laukoteak Britainia Handiko zerrendetan ohorezko postua lortu zuen eta fenomeno bilakatu zen. Ingalaterran udan egin behar zuten kontzertu birako sarrera guztiak aldez aurretik saldu zituzten eta nabarmen ugaritu ziren telebistan agerraldiak, elkarrizketak... eta idoloen aurrean garrasi egin eta zorabiatzen ziren zaleak. Beatlemania hasi besterik ez zen egin.
Beatles for sale eta A hard day,s night (1964) lanek neurrigabeko zaletasun hori indartu zuten. Horrez gain, urte horretan bertan, bost pelikuletatik lehena (A hard day,s night) grabatu zuten eta filmak kritika onak jaso zituen. Pixkanaka-pixkanaka, mundu osoan egin ziren ezagun eta, hala, Ameriketako Estatu Batuetan ateak ireki zizkieten, ordura arte herrialde hartan diskoak saltzeko zailtasun handiak izan bazituzten ere.
Brian Epstein managerrari esker, The Beatles taldea Ed Sullivan telebistako aurkezle ezagunaren saioan agertu zen. Programa hori 73 milioi ikuslek ikusi zuten eta, ondoren, taldea AEBetako zerrendetako lehen postuan kokatu zen berehala. Etxera itzuli behar zutenean, Asiara eta Ozeaniara joateko aukera eman zieten. Ordurako, beatlemania mundu guztian zabaldu zen eta herrialde askotako gazteek Liverpooleko laukotearen abestien doinu eta erritmoak zituzten gogoko.
Bigarren garaia: heldutasuna
1965. urteaz geroztik, The Beatlesek bestelako ibilbidea jorratu zuen. Talde izaera sendotzen hasi zen eta sormenaren bidetik aurrera egin zuen, erabat berritzaileak ziren abestiak konposatuz. Horren lekuko da Rubber Soul (1965) lana, eta, bertan, Indiako instrumentuak erabiltzen hasi zen lehenengoz George Harrison. 1966an zuzeneko emanaldi gehiago ez eskaintzea eta estudio lanetan buru-belarri murgiltzea erabaki zuten. Urte horretan, Revolver The Beatlesen musika ibilbidean mugarria ezarri zuen diskoa kaleratu zuten, izan ere, psikodelia eta Asia hegoaldeko doinu berriak uztartu zituzten, besteak beste.
Puntan-puntan egon arren, garai hartan hainbat iskanbilatan eta zalapartatan nahasi ziren. Horietan guztietan aipagarriena, Lenonnek elkarrizketa batean "The Beatles Jesukristo baino ezagunagoak gara" esan izanak eragin zuena. Adierazpen horrek ondoeza sortu zuen hainbat eta hainbat herrialdetan. Garai hartan, San Frantzisko hirian egin zuten kontzertutik, esaterako, Poliziak babestuta alde egin behar izan zuten taldekideek. The Beatlesek eskaini zuen azken emanaldia izan zen hura.
Polemikak eta iskanbilak alde batera utzita, laukotea buru-belarri hasi zen estudioetan beharrean, eta lan gogorraren emaitza Sgt. Pepper,s Lonely Hearts Club Band (1967) maisulana, musika modernoaren historiako lanik onena askoren ustez, izan zen. Disko horretan, psikodeliarekin eta flower-power delakoarekin esperimentatu zuten. Teknologiaren ikuspuntutik ere berritzailea izan zen, lehenengo aldiz pista bat baino gehiago erabili zutelako grabaketak egiteko eta gero soinu guztiak nahasketa mahai batera bideratu zituztelako. Lorpen handia izan zen, baina handik gutxira danbateko gogorra jaso zuen taldeak: Brian Epstein, bosgarren beatlea, hil egin zen, oharkabean sendagai gehiegi hartzeagatik, antza.