Itzuli orri osora
Zortzikoa, euskal herri-musikaren adierazgarri nagusia
vie, 08 abr 2005 18:23:00 +0200

5/8ko neurria XIX. mendean hasi zen ezagutzen, hainbat euskal konposatzaile euren lanetan zortzikoak sartzen hasi zirenean. Euskal musika ezagutzen ez zutenentzat konpas mota hori inoiz ikusi gabea zen eta, orduan hasi zen zortzikoa nondik zetorren jakiteko behar hori. Askok euskal herri-musikaren erreferente nagusitzat hartzen dute.

Zortzikoa euskal musikaren ezaugarri nagusia izan da askoren ustez, batez ere XIX. mendetik aurrera. XX. gizaldi hasierako abertzaleentzat zortzikoa Euskal Herrikoa zen bereziki, ez zegoen beste inon horrelakorik. Baina, egia esan, antzeko erritmoak hainbat lurraldetako herri-musikan aurki daitezke.

Gaur egun, 5/8 konpasa duten musika piezei esaten zaie zortziko, hau da, konpas bakoitzean bost kortxea dituztenei. Hala ere, beti ez da horrela izan. Euskal musika tradizionala aztertu dutenek zortziko nagusiaz eta zortziko txikiaz hitz egin izan dute eta bestelako neurriak ere aipatu izan dituzte: 2/4 edo 6/8 konpasak dituzten abesti batzuk zortziko bezala definitu izan dituzte. Nafarroako mendialdeko zenbait dantza eta gaur egun kontrapas edo minuetotzat jotzen diren piezetako asko zortziko izenarekin ezagutzen ziren antzina batean.

Musika munduko ikerle asko aritu izan dira zortzikoaren jatorria bilatzen, Francisco de Gascue, Juan Antonio Urbeltz, Rodrigo de Santiago, Gaizka de Barandiaran, Resurreccion Maria Azkue eta Jose Inazio Ansorena tartean. Bakoitzak bere teoria dauka eta puntu askotan ez dira ados jartzen. Batzuen ustez, zortziko izena kortxeen neurritik dator, beste batzuek diote abesti hauetako musika-esaldi bakoitzak zortzi konpas dituelako daukala zortzikoak izen hori.

Hala ere, eta xelebrea bada ere, badago militarrengandik datorren hitza dela uste duenik ere. Antza denez, garai batean soldadu izateko adinean zeuden mutilei "sorchi" esaten omen zitzaien, eta hauek egiten zituzten dantzetatik datorrela ere esan izan da.

Gaur egun zabalduen dagoen ustearen arabera, zortzikoa XVII. mende ingurutik dator eta esaldi bakoitzean zortzi silaba dituen konposizioa da; sarritan dantzatu egiten da, gainera. Ondorengo mendeetan, melodia horiek paperera eraman zirenean, garai bakoitzeko musika landuaren baliabideekin txukundu ziren eta 5/8ko konpasarekin idatzi ziren.

Horren adibide, Jesus Guridik ere Lekeitiko "Kaixarranka" dantzaren zortzikoa sartu zuen Diez melodías vascas lanean 5/8 konpasarekin, mundu osoko musikari eta konposatzaileak harrituta utzirik.

Teoriak teoria, zortzikoak indar handia hartu zuen euskal musikan XIX. mendean. Esate baterako, neurri eta estilo honetakoak dira Jose Mari Iparragirreren ia abesti guztiak: "Gernikako Arbola", "Kantari Euskalduna", "Ezkongaietan", "Amerikatik Urretxuko semiei", "Nere amak baleki" eta beste asko eta asko. Askoren ustez, Iparragirre izan zen zortzikoari benetako indarra eman zion konposatzailea. Haren ondorengo euskal konposatzaile guztiek zortzikoren bat edo beste sortu izan dute.

Gaur egun, ikerketa askoren ondoren, beste modu batera ikusten dira zortzikoak, baina 5/8ko konpasarekin idatzitako lehen partiturak azaltzen hasi zirenean, benetako iraultza sortu zuten euskal musikariek, ordura arte inork ez baitzuen konpas horretan idatzi.