Itzuli orri osora
Maurice Ravel, Boleroa konposatu zuen musikari lapurtarra (II)
jue, 17 feb 2005 18:23:00 +0100

Erritmoan oinarritutako lan hori izan zen Maurice Ravelen lanik ezagunena. Dafnis eta Cloe baleta edo Haurra eta aztikeriak opera dira bere lanetako beste batzuk. Musika genero guztiak landu zituen, baina bere espresiobide nagusia musika instrumentalean zuen.

Maurice Ravelek idatzitako lan lirikoen artean, Sheherezade (1903) - orkestra eta ahotserako- edo Histoires naturelles (1906) Ipatu behar dira. Lan instrumentaletan, aldiz, Habanera (1895), Pavanna pour une infante difunte (1899) konposizio neoklasikoa, Ispiluak (1905) eta Ma mere l¿oye (1908) idatzi zituen, guztiak pianorako. Pavanaren orkestrarako bertsioa 1910ean egin zuen eta oso ospetsua izan zen; horren erakusgarri, pianorako partiturak asko saldu ziren.

Piano eta orkestrarako bi lan ere konposatu zituen, Pianorako kontzertua sol maiorrean eta Pianorako kontzertua re minorrean, ezker eskuarentzat (1931). Ravelek konposatu zituen azken bi lan horiei George Gershwin konpositore estatubatuarraren eragina atzematen zaie. 20ko hamarkadan Ravel eta Gershwinen arteko elkarlanak eragin handia izan zuen bi konpositoreengan. Gershwinen azken lanen orkestrazioa leunagoa da eta Ravelen aipatutako bi lan horiei jazzaren eragin sotila atzematen zaie: Pianorako kontzertua sol maiorrean eta Pianorako kontzertua re minorrean, ezker eskuarentzat (1931). Azken hori Paul Wittgenstein pianistarentzat idatzi zuen, hark eskuineko eskua galdu baitzuen Lehen Mundu Gerran. Lan horretan, pianoak bi eskuekin jota egongo balitz adinako indarra du.

Orkestrarako, berriz, Rapsodia espainola (1907), La Valse (1919-1920) eta Boleroa (1928) aipatu behar dira. Azken hori da, hain zuzen, Ravelen obrarik ospetsuena, erritmoan oinarritua. Ida Rubinstein dantzariak berarentzako bereziki egindako lan bat eskatu zion Raveli. Musikariak, orduan, Isaac Albenizen Iberia laneko zati batzuk orkestratzea erabaki zuen, baina beste musikari batek zuen Albenizen lanak orkestratzeko esklusiba, eta Ravelek, proiektua hasita bazuen ere, utzi egin zuen. Haren ordez idatzi zuen orduan Boleroa musika-lan ezaguna. Musika berdina behin eta berriz errepikatzen da lan honetan, geroz eta ozenago, eta geroz eta musika-tresna gehiago sartzen dira. Konposatzen ari zela, orkestra arrunteko musika-tresnak bukatu zitzaizkionean oboea, saxofoia, tronpeta eta klarinetea ezohiko afinazioekin sartu zituen. Bolumenaren maila eta soinua bikainak direnez, ez du ematen monotonia sentsaziorik, eta dena leherketa batekin amaitzen da.

Boleroa balet moduan egin zuten lehen aldiz Pariseko Operan, 1928ko azaroaren 20an. Koreografiatik aldendu, eta laster orkestra gehienen programetan sartu zen lana. Handik hedabideetara, lehenengo irratira eta gero zinemara, ere zabaldu zen.

Haurra eta Aztikeriak (1925) da bere opera-lanik ezagunena, baina agertokietarako beste lan batzuk ere idatzi zituen, Dafnis eta Kloe (1912) balet inpresionistarako musika, adibidez, enpresa-gizon errusiar baten enkarguz egindakoa.