Maurice Ravel XX. mendeko orkestratzaile handienetakoa izan zen. Ez zitzaion gustatzen inongo musika-joeratan kokatzea, inpresionismo zein klasikotasunaren kutsua atzeman daiteke bere lanetan, baina gehiago gustatzen zitzaizkion egitura musikal abstraktuak, musikari modernoa zen. Bere lanik ezagunena erritmoan oinarritutako Boleroa lana izan zen.
Maurice Ravel Ziburun jaio zen 1875eko martxoaren 7an. Ama eskalduna zuen, Donibane Lohizunekoa, eta aita berriz suitzarra, asmatzaile eta tren ingeniari ohia. Haurtxoa besterik ez zela, aitaren lanbidea zela eta, familia osoa Parisera joan zen bizitzera. Musikako lehen ikasketak han hasi zituen, zazpi urte zituela.1899 eta 1905 urteen artean, Parisko Kontserbatorioan pianoa, harmonia eta konposizioa ikasi zituen, besteak beste, Gabriel Faure eta Gedalge musikariengandik. Lehen Mundu Gerraren ostean orkestra zuzendari ibili zen munduan zehar.
Bere musika-lanen ezaugarriengatik, Claude Debussy konpositore inpresionistarekin lotu izan dute Ravel. Hala ere, Ravelek musika-egitura abstraktuetarako joera zuen, eta orkestra-lan garbi eta gardenek orkestrazio modernoaren maisu bihurtu zuten musikari lapurtarra. Ravel musikari modernoa izan zen: XX. mendeko hizkuntza erabilita musika polita egiteko formula aurkitzen jakin zuen, eta horrek publikoarengana hurbildu zuen. Bere lanek ez zuten purgatoriotik pasatu behar izan jendeak onar zitzan, idatzi bezain laster arrakasta izan zuten.
Espresiobide berrietara zabaldu zuen bere musika Ravelek, eta hain zuzen hautatu zuen esperimentazio bideagatik ez zioten inoiz Parisko Kontserbatorioko Erroma Saria eman, 30 urtetik beherako artistei ematen zaien Frantziako saririk garrantzitsuena; eta hori dela eta, ez zuen Villa Medicin ikasketak egiteko aukera izan. 1901ean aurkeztu zuen lehenengoz bere burua sari horretarako. Eta beste hiru aldiz ere saiatu zen 1902, 1903 eta 1905ean, baina arau akademikoei Ravelek baino errespetu handiagoa zioten artistek irabazten zuten saria. Erakundeek aintzat hartu ala ez, Ravel musikari ezaguna eta preziatua izan zen, batez ere, instrumentuen kolorea lantzeko zuen gaitasunagatik.
Hamahiru urte zituenekoak ditu lehen lanak, pianora egokitutako Edvard Grieg eta Robert Schumannen lanak. Lanbidea azkar eta erraz ikasi zuen, eta bere zaletasunak eta maisutasuna nabarmenak dira landu zituen musika genero guztietan. Espresiobide nagusia, ordea, musika instrumentalean zuen. Halere bere ausardiak eta eraginen arrastoa utzi zituen pianorako musikan, bere gainerako obra liriko eta sinfonikoan baino.
Amaren jaioterrira, Donibane Lohizunera, oporretan itzultzen zen Ravel, ia udaro, eta ez zuen inoiz euskara, amarengandik jasotako hizkuntza, ahaztu. Euskal kantetan oinarritutako Zazpiak Bat lana prestatzen ere hasi zen, baina ez zuen bukatu. Iruña eta Lizarrara Orreaga eta Mauletik zehar egin zuen txango batetan oinarritu zen horretarako, baina proiektua bertan behera utzi zuen, espresio gai nagusia aurkitu ezinik. Hala ere, bere beste lan batean erabili zituen Zapiak Bat-eko zatiak, Pianoko eta orkestrarako kontzertua sol maiorrean lanean.
Afasiak jota, hitz egiteko edo hizkuntza mintzatua edo idatzia ulertzeko gaitasuna galduta, 1933az geroztik ez zuen musikarik idatzi. 1937an hil zen Parisen, abenduaren 28an, ebakuntza baten ostean.