Verdirekin batera, Erromantizismo garaiko opera-egile garrantzitsuena izan zen Richard Wagner, Alemaniako operaren ordezkaria hain zuzen ere. Nibelungoen eraztuna opera saila eta Parsifal izan ziren bere obra garrantzitsuenak.
1813an jaio zen Wagner Leipzigen arteari eta musikari oso lotua zegoen familia batean. Bere arrebetako bat aktorea zen eta bestea abeslaria. Giro honetan berari ere oso goiz sartu zitzaion musikarekiko grina hori, batez ere Fidelio obraren eszenaratzea ikusi ondoren.
Honela bada, ikasketak hasi zituen Theodor Weinligekin Leipzigen bertan. Handik lasterrera, 1833an Wurzburgeko abesbatzako zuzendari bezala kontratatu zuten. Hor hasi zen Wagnerren ibilbide profesionala. Hainbat antzerki talde txikirekin ere egin zuen lan. Garai honetakoak dira lehen operetako batzuk: Die Hochzeit (1832), Die Feen (1834) eta Das Liebesverbot (1835).
1836an Minna Planer aktorearekin ezkondu zen. Bikoteak arazo handiak izan zituen, bai ekonomikoak baita bikote-arazoak ere. Egin zituen zorren ondorioz hiri batetik bestera ibili ziren denbora luzean.
Garai honetan dagoeneko buruan zuen Rienzi opera eta sarritan saiatu zen amaitzen. Bere helburua Parisko Operan lan hau estreinatzea zen. Tartean, ordea, Londonerako bidaia egin zuten eta beste istorio bat hartu zuen eskuartean, Der fliegende Hollander. Parisen egin zuen egonaldia, ordea, porrot handia izan zen Wagnerrentzat: ez zuen operarik estreinatu ahal izan eta zorrak ugaldu egin ziren. Azkenean kartzelara sartu zuten 1840an.
Honetan zebilela, Rienzi opera Dresden antzezteko aukera sortu zitzaion eta hara joan zen. Bai Rienzik bai Der fliegende Hollanderk arrakasta handia lortu zuten Alemanian eta, ondorioz, Gorteko kapera maisua izatea lortu zuen.
Azken opera honekin Wagnerren estiloa antzematen hasten da. Aurrekoetan gustuko zituen autoreen eragina nabariagoa zen, baina Der fliegende Hollanderen musika istorioari, pertsonaiei eta sentimenduei uztartuago dago. Hurrengo operetan nabariagoa izango den leitmotiv edo gai nagusia dagoeneko agertzen da hemen. Horrez gainera, Germaniako mitologiako istorioak eta Aro Klasikokoak interesatzen hasi zitzaizkion.
1845ean Tannhauser opera amaitu zuen eta Die Meistersinger von Nurnbergekin eta Lohengrinekin hasi zen. Urte hauetan, ordea, Dresdeko iraultzarekin lotu zuten eta Suitzara ihes egin behar izan zuen.
Ordurako Franz Liszt piano-jolea oso lagun ona zuen eta laguntza handia eman zion. Esaterako, 1850en Weimarren egin zen Lohengrin operaren antzezpena antolatu zuen. Lan honetan helduaroko operen ezaugarria den linea melodikoaren moztutako uhina egitea lortzen du. Orkestrarekin batera klarinete baxua eta adar ingelesa jarri zituen eta honela, buruan zituen akorde guztiak azaltzeko gai izan zen.