Itzuli orri osora
Uriah Heep, Britainia Handiko heavy metalaren aitzindari
vie, 21 ene 2011 17:30:00 +0100

Britainia Handiko heavy metalaren oinarriak finkatu zituen Uriah Heepek, Black Sabbath, Deep Purple, Led Zeppelin eta beste zenbait talde ezagunagorekin batera. Askotariko musika egiten zuen; hard rocka, musika progresiboa eta epikoa nahasten zituen. Hasieratik taldean aldaketa ugari izan ziren arren, David Byronen agurra, 1976an, erabakigarria izan zen. Egun entzute handia du oraindik Mick Boxek (taldean izan da beti) eraberritutako bandak, baina ezin aldera daiteke garai batean izan zuen arrakastarekin.

Uriah Heep taldearen oinarriak 60ko hamarkadaren hondarrean finkatu ziren, Mick Box gitarra-jotzaileak, David Byron abeslariak, Paul Newton baxu-jotzaileak eta Alex Napier bateria-jotzaileak Spice taldea sortu zutenean. "What about the music" singlea argitaratu ostean, Uriah Heep izena hartu zuten 1970ean, Charles Dickensen David Copperfield eleberriko pertsonaia baten izena, alegia. Urte horretan, Ken Hensley teklatu-jotzailea batu zitzaien.

Very'eavy... very'umble (1971) izeneko aurreneko lana grabatu aurretik alde egin zuen Napierrek. Niggel Olssonek hartu zuen haren lekua. "Gipsy" eta "Walking in Your Shadow" bezalako abestiez osatutako disko interesgarria zen arren, kritikariek destaina egin zioten.

Halere, urtebete baino lehen, mendekua hartu zuten, Salisbury (1971) diskoarekin. Besteak beste, "Bird of prey" eta "Lady in black" abestiak biltzen zituen lan horrek. Keith Bakerrek hartu zuen Olsson bateria-jotzailearen lekua disko horretan.

Urrezko aroa

Look At Yourself (1971) izeneko hirugarren lana 39. postura iritsi zen Erresuma Batuko diskorik salduenen zerrendan. Ordurako, Ian Clarkek ordezkatu zuen Baker. Salmentek ikaragarri egin zuten gora, eta Alemanian, Holandan eta Japonian, batez ere, zale fidelak lortu zituzten.

Demons and Wizards (1972) diskoa grabatzeko, Gary Thain baxu-jotzailea eta Lee Keerslake bateria-jotzailea gehitu zitzaizkien. Besteak beste "Easy Livin'" eta "Traveller in time" abestiak jasotzen zituen lan horrek Britainia Handiko salmenta zerrendetan 20. lekua erdietsi zuen. Taldearen urterik oparoenak ziren.

The Magician's Birthday (1972), Heep live (1973), Sweet Freedom (1973), Wonderworld (1974) eta Return To Fantasy (1975) diskoek are famatuago egin zituzten.

Joan-etorri amaigabeak

Aldaketak etengabeak ziren. Gary Thain taldetik kanporatu egin zuten drogazalea zelako (gaindosi batek eragin zion heriotza 1975ean), eta John Wettonek bete zuen haren hutsunea. Baina aldaketa nagusia beste bat izan zen. Izan ere, David Byron abeslariak High and Mighty (1976) argitaratu ostean alde egitea erabaki zuen, alkoholarekin arazoak zituelako. John Lawton iritsi zen haren ordez.

Gertaera erabakigarria izan zen. Ordutik aurrera, Innocent Victim (1977), Firefly (1977), Fallen Angel (1978), Conquest (1980), Abominog (1982) eta beste zenbait disko interesgarri argitaratu zituzten arren, hasierako magia desagertu egin zen.

Egun, Uriah Heep zeharo eraberrituta dago (Mick Box da jatorrizko taldean ibilitako bakarra), baina, halere, entzute handia du oraindik. Edonola ere, egungo kideek ez dute lortu 70eko hamarkadaren lehen erdian plazaratutako lanen arrakasta errepikatzerik. Garai hartan, Uriah Heep Britainia Handiko heavy metalaren adierazgarririk onenetakoa izan zen, Black Sabbath, Deep Purple eta Led Zeppelin taldeekin batera.

(Argazkiak: www.uriah-heep.com)