90eko hamarkada hasieran Los Angelesen (AEB) sortua, Weezer rock alternatiboak azken urteotan utzi duen izen handienetako bat da. Besteak beste, Nirvana, KISS eta, bereziki, Pixies taldeen eragin nabarmeneko soinu bereizgarri batekin, Kaliforniako laukoteak agerpen distiratsua izan zuen AEBetako rockaren agertokian, 1994an kaleratutako aurreneko lanak (Weezer) jasotako emaitzek eta txaloek bultzatuta; oraindik ere, hamarkada horretako lan handienetakotzat jotzen dute askok.
15 urte inguruko ibilbidean, Weezerrek 7 lan kaleratu ditu, 8 milioi diskotik gora salduta AEBetan, eta guztion oroimenean betirako geratu diren abesti ezagunak eginda; hala nola, "Island in the Sun" edota "Hash Pipe". Hainbat hilabetez "desagertuta" ibili ostean, azken boladan laukotea denen ahotan dabil berriz, izan ere, iaz bere zortzigarren lana, Hurley, argitaratu zuen.
Taldea 1992an sortu zuten Los Angelesen, AEBetan, Rivers Cuomo (ahotsa eta gitarra), Matt Sharp (baxua), Patrick Wilson (bateria) eta Jason Cropper (gitarra) musikariek. Taldea sortu eta hilabete eskasera egin zuten debuta, Keanu Reeves aktoreak buru zuen Dogstar bandaren hasierako gonbidatu gisa. Lehen pauso horren ondoren, kontzertuak eskaintzen jarraitu zuten Los Angelesen, eta, pixkanaka-pixkanaka, ospea lortzen hasi ziren; hartara, euren lehen kontratu diskografikoa sinatu zuten.
Weezer, ospea ekarri zuen lana
Kontratua sinatu eta denbora gutxira, 1993an, bandak bere lehen diskoa prestatzeari ekin zion, New Yorken. Grabazio prozesua amaitu bezain pronto, Kaliforniako taldeak gitarrista aldatu zuen: Brian Bellek Jason Cropper ordezkatu zuen. Hala, 1994ko maiatzean, Weezerrek taldearen ibilbidea betirako aldatu behar zuen lana kaleratu zuen: Weezer. The Blue Album izenaz ere ezaguna, opera primak Pixies-en soinuaren eragin nabarmena zuen eta 90eko hamarkadako lanik arrakastatsuenetako bat bilakatu zen; orain arte, 3 milioi kopiatik gora saldu dira AEBetan. Disko horri esker, banda estatubatuarraren izena bolo-bolo ibiltzen hasi zen musikaren industrian. "Undone-The Sweater Song", "Buddy Holly" edo "Say It Ain't So" kantuen esku, Weezer gailurrera iritsi zen.
Bandak rockaren munduan izandako lurreratze zalapartatsuaren ondoren, bi urte geroago, 1996an, bigarren lana kaleratu zuten: Pinkerton. Soinu esperimental eta ilunago batez osatuta, albumak ez zuen lortu lehen diskoaren ondorioz sortutako kritikaren eta zaleen itxaropen handiak asebete. Kritikariak bereziki zorrotzak izan ziren bandarekin, nahiz eta urteen joan-etorriarekin Pinkerton zaleen disko atseginetako bat bilakatu, "Tired of Sex" bezalako abestiei esker.
97ko geldialdia
Bigarren lanarekin jasandako porrotaren ondorioz, 1997. urte hasieran, laukoteak musika alde batera utzi zuen denbora batez. Musika betirako utzi behar zutela zirudienean, musikariak batu egin ziren milurteko berriaren hasieran, aldaketa batekin: Mikey Welsh-ek Matt Sharp ordezkatu zuen. 2001ean, euren hirugarren lana kaleratu zuten: Weezer, zaleek The Green Album izenaz bataiatutakoa. Diskoa aurrekoak baino komertzialagoa zen, melodikoagoa eta distortsio gutxiagokoa. "Hash Pipe" eta "Island in the Sun" kantuek sekulako arrakasta lortu zuten eta laukoteak bi milioi kopiatik gora saldu zituen AEBetan. Hartara, bandaren ospeak zerua jo zuen berriz ere.
Ondoren, 2002an, Weezerrek baxu-jolea aldatu zuen, hirugarrenez. Mikey Welshek taldea utzi eta Scott Shrinerrek ordezkatu zuen. Urte horretan bertan publikatu zuten bandaren estudioko laugarren lana: Maladroit. Diskoak ez zuen esperotako arrakasta izan eta, ordura arte, kopia gutxien saltzen zuen Weezerren lana izan zen.
Kaliforniako bandaren jarraitzaileek hiru urte itxaron behar izan zuten Weezerren disko berri batez gozatzeko. Make Believe lanak 2005ean ikusi zuen argia. "Beverly Hills" single arrakastatsuaren eskutik, Make Believe Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko disko salduenen zerrendetako lehen postuen artean sartu zen. Gainera, "Beverly Hills"ek Grammy Sarietarako izendapen bat ere izan zuen, rock abesti onenenaren sarirako, hain zuzen. Hiru urte geroago, 2008an, laukoteak bere seigarren lana kaleratu zuen: Weezer, edo The Red Album. "Pork and Beans" izan zen diskoko lan ezagunena, bereziki abestiaren bideoari esker; izan ere, bideoklip horretan, Youtuben ospetsu egin ziren zenbait pertsona agertzen ziren.
Taldea banatu behar zela etengabe iragartzen zuten zurrumurruen artean, 2009an Weezerrek estudioko disko berri bat kaleratu zuen: Raditude. Kritikak eta zaleek txalotu egin zuten bandaren zazpigarren lan hori.
Hainbat hilabetez "desagertuta" ibili ostean, Weezer albiste izan da berriz, bere zortzigarren lana kaleratu berri baitu: Hurley. Tituluak Lost telesail arrakastatsuko izen bereko pertsonaiari egiten dio aipu; are gehiago, Hurley pertsonaiaren atzean dagoen Jorge Garcia aktorea diskoaren portadan agertzen da eta, orain dela gutxi, bandaren kontzertu batean ere hartu zuen parte; hain zuen, agertokira igo eta zuzenean abestu zuen.
(Argazkiak: Lastfm)