Itzuli orri osora
Wynton Marsalis, garai guztietako tronpeta-jotzaile bikainena
vie, 05 nov 2010 16:30:00 +0100
Berriki AEBko itzal handiko 25 pertsonen zerrendan sartu du Times Magazine aldizkariak. Wynton Marsalis tronpeta-jotzailea jazz garaikideko musikari errespetatuenetako bat da, eta duela gutxi, gainera, Ameriketako Estatu Batuetako izarrak bere nahia bete du, hiriburu arabarrari omenaldi txiki bat egin baitio Vitoria suite izeneko disko bikoitza kaleratuz. Jazza eta bluesa euskal musika tradizionalarekin eta flamenkoarekin uztartzen ditu diskoak. Ezagutu dezagun, bada, jazzaren artista hau.

Musikaren aditu ugariren aburuz azken hogeita hamar urteotako jazzaren irudi esanguratsuenetako bat da tronpeta-jotzailea. Ellis Marsalis piano-jotzaile, musikari eta New Orleansko jazz irakaslearen semea, bere sorterriko jazz doinuen eraginpean hazi zen. 1961eko urriaren 18an jaio zen New Orleansen, eta txikitatik tronpeta jotzea zuen gustuko. 6 urte zituela oparitu zioten lehendabizikoa, eta 12 urterekin tronpeta ikasketak hasi zituen.

Geroago Massachussets-eko Berkshire Music Center de Tanglewooden, eta New Yorkeko Juilliard Akademian jarraitu zituen aipatu ikasketak. Wynton Marsalisek laurogeiko hamarkadako agertoki jazzistikoak markatu zituen. 1980an bere aurreneko grabaketa egin zuen Art Blakey Big Bandarekin, eta Jazz Maeesengers taldera gehitu zen.

Agertokietara saltoa

1981. urterako jada tronpeta-jotzaile gaztea jazz munduko jendearen ahotan zebilen. Herbie Hancockekin bira bati ekin zion, eta Art Blankeyrekin ere lanean jarraitu zuen. Columbiarekin sinatu eta taldeko buru gisa bere lehendabiziko diskoa grabatu zuen Wynton Marsalis izenburupean. Urtebete geroago, Brandford bere anaiarekin, Kenny Kirklandekin, Charnett Moffetekin eta Jeffe Watsonekin batera bosteko propioa sortzeaz gain, bere aurreneko musika klasikoko diskoa grabatu zuen, eta hortik aitzinera denbora guztietako tronpeta-jotzaile klasiko onenetako bat kontsideratu izan da. Boskoteak 1985. urtera arte iraun zuen.

Urte horretan bertan bere ibilbidea sendotu zuen eta jazzaren tronpeta-jotzaile handienen artean jarri zen. Diskoari Black Codes izena jarri zioten. Disko eder horri beste zenbait lan esanguratsuk jarraitu zioten, horietan aipagarria 1989an argitaratu zen The Majesty of the Blues diskoa.

Musika klasikoa jazzarekin bat eginez

Musika klasikoarekin zuen maitasuna izugarria zen eta 1993an ballet modernorako partitura bat egin zuen: "City Movement". Garai hartako bere lanek musika klasikoko elementuak jazzaren inprobisazio originalekin nahasten ditu. Urte hartan Kathleen Battle soprano handiarekin jotzeko aukera izan zuen.

1995ean New Yorkeko "Jazz at Lincoln Center" telebista saioko Zuzendari artistiko izendatu zuten. 1997an Blood on the Fields maratoi musikala antolatu zuen Marsalisek, disko hirukoitzean jasoa, eta Pulitzer Saria jaso zuen jazzaren inguruko lehen lana izan zen.

Urtebete geroago, Two Men with The Blues lana kaleratu zuen country musikaren abeslari garrantzitsuenetako batekin, Willie Nelsonekin, hain justu. New Yorkeko Lincoln Centerren 2007ko urtarrilaren 12an eta 13an grabatutako zuzenekoa da.

Bere ibilbide musikalean, berrogeita hamar lan inguru kaleratu, eta 9 Grammy sari lortu ditu. Wynton Marsalis, zalantzarik gabe, jazz garaikidearen musikari handienetako bat da.

(Argazkiak: Wynton Marsalis)