Itzuli orri osora
Michael Jackson, oraindik ere Poparen Errege
vie, 25 jun 2010 16:35:00 +0200

2009ko ekainaren 25ean Michael Jacksonen heriotzaren albistearekin esnatu zen mundua. Poparen Erregea Los Angelesko Carolwood Drive kaleko 100. zenbakian zeukan etxebizitzan aurkitu zuten hilda eta dolua eta samina berehala zabaldu ziren Kaliforniatik mundu zabalera.

50 urte zituen Michael Jacksonek eta bere itzulera prestatzen ari zela, ustekabean harrapatu zituen zale guztiak haren heriotzak. Londresko O2 Arenan hamar kontzertu emango zituela iragarri zuen artistak berak agerraldi batean eta jarraitzaileak eta mundu osoko komunikabideak txundituta utzi zituen. Azkenean, eskaera handia izan zenez, berrogeita hamar emanaldi aurreikusi zituzten. Zaleen artean eromena piztu zen. Baina entseguetan murgilduta zegoela heldu zitzaion heriotza Jackori.

Saminaren osteko zalapartak eta epaiketak

Heriotzaren albistea zabaldu orduko, berehala hasi ziren zurrumurruak, esamesak eta bestelako kontuak. Heriotza suizidio baten ondorioz ez zela etorri argitzeko ikerketak segituan hasi ziren eta Conrad Murrayri, artistaren mediku pertsonalari, egotzi zioten errua. Jakin berri dugunez, gainera, Los Angelesko Auzitegiak nahi gabeko hilketa egotzi dio sendagileari, haren zaintzapean zela anestesiko gaindosia izan zuelako. Abuztuaren 23an hasiko da kasuari dagokion epaiketa.

Baina ez da hori izan Michael Jacksoni lotuta urte honetan izan den epaiketa bakarra. Prince Michael, Paris eta Blanket (13, 12 eta 8 urtekoak) seme-alaben zaintzak ere zalaparta handia sortu du. Hasieran, nagusienen ama biologikoak, Debbie Rowek, zaintza eskatuko zuela eman zuen aditzera baina, azkenean, Katherine Jacksonen, haurren amonaren, eskuetan utzi ditu epaileak neska-mutilak.

Liskarrak, ikerketak eta bestelako kontuak gorabehera, ustekabeko heriotzaren eraginez, Michael Jacksonen irudia eta ahotsa zeukan ororen salmentek izugarrizko gorakada izan zuten eta zituen zorrak ezerezean gelditu ziren berehala. Heriotzak, nolabait, artistaren irudia "berpiztu" zuen.

Heriotzaren osteko mauka

Hil aurretik zeuzkan zorretatik 1.000 milioi dolarreko irabazietara egin dute jauzi musikari handiaren diru-kontuek. Heriotzak laurogeiko hamarkadako jacksonmania berpiztu du eta, urtebeteko epean, haren musikaren salmentekin 429 milioi dolar bildu da. Gainera, Londresko emanaldietarako entseguetako irudiekin osatutako This is itdokumentalak sekula kontzertu bati buruzko film batek lortu duen diru-markarik handiena egin du.

Orain, Jackoren testamenduaren albazeen helburua haren legatuak betiko iraun dezan lortzea da eta, hori dela eta, Cirque Du Soleilekin akordioa egin dute 2011. urtearen amaieran haren abestietan oinarritutako proiektuak gauzatzeko.

Argi-ilunez beteriko bidea

Drama eta arrakasta eskutik lotuta joan ziren Poparen Erregearen bizitzan. Jackson haur prodijioa izan zen. Lau urte baino ez zituen aurrenekoz agertoki gainera igo zenean eta 12 zituenean ospetsu egin zen mundu osoan, bere anaiekin batera sortutako Jackson Five taldeko abeslari zela. Baina semeen ibilbidea antolatzen zuen Joe Jackson aitaren "esku" gogorrak eragin handia izan zuen Michael txikiaren bizitzan.

Guztira 13 Grammy sari irabazi zituen bere bakarkako ibilbidean kantariak. Lehenengoa 20 urte baino ez zituenean iritsi zitzaion ''Don't stop 'til you get enough'' abestiarekin. Nolanahi ere, zerua Thriller diskoarekin ukitu zuen, 1982an. Disko horrek iraultza ekarri zuen pop musikan. Izan ere, bertako abestiak ez ezik, musika bideoak eta dantzak ere mugarri izan ziren. Zonbien koreografia eta ''Moonwalk'' dantza ospetsua erreferente dira oraindik eta hala izaten jarraituko dute etorkizunean. Thriller 2008an argitaratu zuten berriro, argitalpenaren 25. urteurrena ospatzeko, eta historian marka handia jarri du, 100 milioi kopia saldu baitira mundu osoan eta sekula ez baita disko batetik hainbeste ale saldu. Zortzi Grammy sari eta platinozko ia 60 disko bildu ditu Michael Jacksonek lan horri esker.

Baina zalaparta ere izan da nagusi artistaren bizitzan. Operazio estetiko ugari egin zituen eta itxura erabat eraldatu zuen, bai aurpegiera, baita azalaren kolorea ere. Aldaketa horiek hain nabarmenak izangatik ere, ebakuntza horietako asko egin zuenik ez zuen sekula onartu, esaterako, sudurrekoa. Azalaren kolorea argitzearen errua gaixotasun bati egotzi zion, gainera.

Aita izateko grina

Homosexualitatearen lainoa ere izan zuen inguruan. Hala ere, bi bider ezkondu zen (ezkontza-aldiek 2 eta 3 urteko iraupena izan zuten). Lehena, Lisa Marie Presleyrekin (Elvisen alabarekin) 1994an eta bigarrena, berriz, Debbie Rowe erizainarekin, artistaren seme-alaba nagusienen amarekin, 1996an. Lehen ezkontza marketin kontua izan zela esan izan zen, Poparen Erregea Rockaren Erregearen alabarekin ezkontzearen atzean publizitatea zegoelako maitasuna beharrean; bigarren ezkontza, berriz, seme-alabak izateko grinaren ondorioz etorri omen zen. Dibortziatu ostean, seme-alaben zaintza Michael Jacksonen esku uztea onartu zuen Rowek. Seme gazteenaren ama zein den ez da sekula argitu. Alokairu-ama batek izan omen zuen mutikoa.

Musikariaren seme-alabei lotuta, irudi batzuk ez dira erraz ahaztekoak. Euren intimitatea babeste aldera, maskarak jantzarazten zizkien. Gainera, edonork dauka gogoan seme txikiena leihotik esku bakarrarekin zintzilik jarri zuenekoa. Musikariaren aitatasun-zentzua ezbaian jarri zuten askok.

Baina Michael Jacksonen bizitzako pasarterik larriena, sexu gehiegikerien ingurukoa izan zen. 1993an eta 2005ean adin txikiko batzuei sexu gehiegikeriak egin izanagatik epaitu zuten baina, azkenean, ez zuten erruduntzat ez batean, ez bestean ere. Salaketaren egileekin tratua egin zuela eta kasuak aurrera egin ez zezan dirutza ordaindu zuela esan izan da.

Eskandaluak, zalapartak, zurrumurruak eta epaiketak gorabehera, edo horien eraginez, hain zuzen ere, Michael Jackson mito bihurtu zen hil aurretik eta ondoren, berriz, mitoaren indarra areagotu egin da. Nabarmenkeriak nabarmenkeria, artista handia izan zen eta musikaren historian leku ukaezina beteko du beti. Poparen Erregeari koroa ez dio inork kenduko.