Itzuli orri osora
Rage Against the Machine, rap metalik onena protestaren zerbitzura (II)
vie, 16 abr 2010 15:31:00 +0200

1995ean laukotea bigarren diskoan hasi zen lanean, baina ordurako taldeko kideen arteko harremana pitzatzen hasia zen. Hortaz, denbora batez banantzea erabaki zuten, lan berria kaleratu aurretik. Isilune labur baten ondoren, lanari ekin zioten berriz eta, 1996ko apirilean, Rage Against the Machineren bigarren diskoa dendetara heldu zen: Evil Empire. Lau urte igaro ziren taldearen opera primak argia ikusi zuenetik, baina zaleek ez zuten taldea ahaztu. Evil Empirek AEBetako berrehun diskorik salduenak biltzen dituen Billboard aldizkariaren Top 200 zerrendako lehen postua lortu zuen. Bigarren lan horretan, taldeak lehen diskoaren bidetik jarraitu zuen, bai soinuari bai abestien zama ideologikoari dagokienez, mugimendu zapatistaz mintzatzen den "People of the Sun" abesti ospetsuan argi geratzen denez.

Bigarren diskoa kaleratu ostean, 1997ko udan Rage Against the Machinek bira arrakastatsu bati ekin zion, eta hilabete haietan AEBetako erakargarritasun musikal ospetsuena bilakatu zen. Bira amaitzerakoan, laukoteak atseden hartu zuen hainbat hilabetez. Hala, taldeko kideek beste banda batzuekin batera jotzeko aprobetxatu zuten. Gainera, urte hartan, 1997an alegia, laukoteak DVD (Rage Against the Machine) bat kaleratu zuen. Bertan, Evil Empire diskoaren aurkezpen biran eskainitako kontzertuetan grabatutako bideoklip batzuk bildu zituzten; hori bai, telebistan emititzen ziren zentsurarik gabe.

1999an, bandak estudioko hirugarren diskoa kaleratu zuen: The Battle of Los Angeles. Disko honek ere lehen postua eskuratu zuen AEBetako disko salduenen zerrendan, aste bakarrean 420.000 kopia salduta. Diskoko abestiak George Orwell idazlearen 1984 liburu ospetsuan oinarrituta daude, "Testify", "Sleep Now in the Fire" edo "Voice of the Voiceless" kantuek argi uzten duten bezala. Hain zuzen, Michael Moore zinemagile polemikoak zuzendutako "Testify" eta "Sleep Now in the Fire" abestien bideoklipek zeresan handia eman zuten.

1999. urtean, Rage Against the Machinek musika jaialdi ospetsuenetan hartu zuen parte; Woodstock, The Fuji Festival (Japonian) edo Tibetan Freedom Concert jaialdietan, besteak beste. Dena dela, arrakasta izan arren, taldeko kideen arteko liskarrek gora egin zuten. Azkenik, 2000. urte amaieran, Zack-ek Rage Against the Machine uzten zuela iragarri zuen, bakarkako abentura berri bat ekiteko.

"Lider espirituala" taldetik irten izanari, bandak disko berri baten kaleratzearekin erantzun zion. Renegades izenburupean, diskoak Rage Against the Machinek egindako bertsioak biltzen zituen; hala, besteak beste, Bruce Springsteen, Bob Dylan, MC5, Rolling Stones edo Cypress Hill taldeen abestien bertsioak aurki zitezkeen diskoan.

Audioslave, sei urteko abentura

Zackek taldea utzi ostean, Rage Against the Machineko gainerako kideek abentura berri bati ekin zioten. Chris Cornell Soundgarden taldeko abeslari ohiarekin batera, Tom Morello, Tim Commerford eta Brad Wilk musikariek Audioslave izeneko hard rock osatu zuten. Hiru disko kaleratu eta zortzi mila kopiatik gora saldu ostean, taldea 2007. urtean desegin zen.

Audioslave proiektua amaitu bezain laster, 2007an, Rage taldeko kideak agertokietara itzuli ziren berriro. Hasteko, apirilean, Tom Morellok eta Zack de la Rochak kontzertu akustikoa eskaini zuten Chicagon, eta bi aste geroago, Rage Against the Machine taldeko kide guztiak batu ziren sei urte bananduta egon ostean eta emanaldia eskaini zuten, Kaliforniako musika jaialdi batean. Euren betiko estiloari leial izanda, kontzertu hartan Zack de la Rochak AEBetako politikariak gogor astindu zituen bere ohiko diskurtso politikoetako batean. Hori izan zen froga argiena. Itzultzeaz gain, betikoak ziren. Itzulerak ikusmin handia eragin zuen. Kaliforniako lehen kontzertu haren ostean, Ragek mundu mailako bira bati ekin zion.

Gaur egun, estudioko disko berriren bat argitaratzeko asmorik ez duen arren, taldeak birak egiten eta jaialdietan parte hartzen dihardu. Hain zuzen, aurtengo ekainean Madrilgo Rock in Rio jaialdian arituko da, euren betiko zaleen gozamenerako.

(Argazkiak: Lastfm )