Itzuli orri osora
Rage Against the Machine, rap metalik onena protestaren zerbitzura (I)
vie, 09 abr 2010 15:15:00 +0200

Hip hop, rap, funk, punk, hardcore punk eta hard rock estiloen arteko nahasketa eta kutsu soziopolitiko handiko abestiak. Osagai horiekin sortu zen 1990ean Rage Against the Machine, azken bi hamarkadetako rap metalak emandako bandarik polemiko eta entzutetsuenetakoa. Bere estilo bereziari esker, Estatu Batuetako laukotea ospearen gailurrera iritsi zen 90eko hamarkadan. Estudioko lau disko kaleratu zituzten, kritikaren eta publikoaren babesa lortuz. Agertokietan hamar urte eman ondoren, 2000. urtean banda desegin zen. Beste musika proiektu batzuetan ibili ostean, zazpi urte geroago, 2007an, taldea batu zen eta, estudioko diskorik kaleratzeko asmorik ez izan arren, gaur egun kontzertuak eskaintzen jarraitzen dute munduko txoko eta jaialdi ezberdinetan, bere betiko zaleen gozamenerako. Hartara, aurtengo ekainean Madrilgo Rock in Rio jaialdian arituko direla iragarri dute. Ikuskizuna bermatuta dago.

Zack De la Rochak (abeslaria) eta Tom Morellok (gitarrista) 1990ean elkar ezagutu zuten, De la Rochak "rapeatu" ohi zuen Los Angeles hiriko taberna batean. Abeslariaren konposatutako hitzen gordintasunak Morello txunditu zuen, eta adiskide egin ziren berehala. Denbora gutxira, talde bat osatzea erabaki zuten eta, lan horretan, bi kide bildu zituzten: De la Rochak Tim Commerford baxu-jolea konbentzitu zuen eta, Morellok, berriz, Brad Wilk (bateria-jolea). Laukotea osatuta zegoela, taldea bataiatzea besterik ez zen falta. De la Rochak aurreko banda baterako konposatu zuen abesti baten izenburua jarri zion taldeari: Rage Against the Machine (Amorrua makinaren kontra).

Hasierak

Rage Against the Machinek modu berezian egin zuen debuta. Huntington Beach (Kalifornia) hirian izan zen, Tim Commerford-en lagun batzuen garajean. Bost abesti baino ez zituzten jo, baina arrakasta handia lortu zuten. Hori ikusita, 12 kantuz osatutako maketa bat grabatu eta 5.000 kopia saltzea lortu zuten. Los Angelesen kontzertu ugari eskaini zituzten eta, apurka-apurka, hirian gero eta ezagunago egiten hasi ziren.

1992an, Los Angeleseko Lollapalooza jaialdi ezagunean hartu zuten parte eta emanaldi hark bandaren etorkizuna aldatu zuen. Rage Against the Machineren soinu amorratuak industria diskografikoko agente bat liluratu zuen. Hartara, laukoteak Epic Records diskoetxerarekin sinatu zuen.

Rage Against the Machineizeneko opera prima

Urte berean, azaroaren 3an, laukoteak estudioko lehen diskoa kaleratu zuen: Rage Against the Machine. Taldearen opera prima rock eta rap estiloen arteko nahasketa bikain batez eta ideologia ezkertiarraren eragin itzelaz osatuta zegoen. Lehen lan horrekin kritikaren eta publikoaren babesa lortu zuten. Hain zuzen, diskoa 89 astez izan zen Estatu Batuetan gehien saldutako 200 diskoak biltzen dituen zerrendan. Hala, "Wake up" edo "Killing in the name" abestiek bandaren izena mundura zabaldu zuten; izan ere, lehenbizikoa Matrix pelikula ospetsuaren soinu-bandan zegoen eta, bigarrena, garai hartako protesta-abesti ezagunetakoa bilakatu zen.

Lehen lana argitaratu ostean taldearen ospeak gora egin zuen, aurkezpen biran eskainitako emanaldiei esker. Garai hartan, Rage Against the Machinek bere lehentasun politikoak argi erakutsi zituen; bestak beste, Nazien Kontrako Ligaren aldeko kontzertuak edota zentsuraren kontrako emanaldiak eskaini zituzten. 1993an Lollapalooza-ra itzuli ziren eta, gainera, AEBetako zerrenden lehen postura heldutako "Freedeom" bideo ezaguna grabatu zuten.

(Argazkiak: Wikipedia)