90eko erdialdera sortuta, Placebo azken urteotan rock alternatiboak utzitako bandarik ospetsuenetakoa dugu. Bere soinuaren berezitasunari esker, hirukoteak agerpen ikusgarria izan zuen musikaren munduan eta, bere estreinako lanarekin, milioi bat kopia saldu zituzten Erresuma Batuan eta 8 milioi mundu osoan. Placebo izeneko abentura 1994an hasi zen, Luxenburgoko ikastetxe batean ikasi zuten bi gaztek Londreseko metroaren geltoki batean topo egin zutenean. Ikasgela berean ikasi arrean, Brian Molko estatubatuarrak eta Stefan Olsdal suediarrak ez zuten inoiz elkarrekin hitz egin. Gau hartan konturatu ziren pentsa zezaketena baino gauza gehiagotan bat zetozela. Batean, bereziki: musikan.
Biak zeuden buru-belarri musikarekin lotutako proiektuetan murgilduta. Olsdal Ingalaterrara bizitzera joan berri zen eta gitarra ikasketak egiten zebilen eta, bestalde, Molko arte dramatikoa ikasten ari zen eta abestiak konposatzen zituen, Steve Hewitt (Breed taldeko bateria-jolea) lagunarekin.
Elkartzearen ostean, Brian Molkok (abeslari eta gitarrista) eta Stefan Olsdalek (gitarrista) talde bat sortu zuten: Placebo. Steve Hewitt-ek lehen maketen grabazioan hartu zuen parte, baina bere jatorrizko bandarekin zuen konpromisoa zela eta, Placeborekin lan egiteari utzi behar izan zion. Robert Schultzberg bateria-joleak ordezkatu zuen.
1996an hirukoteak bere lehen lana kaleratu zuen: Placebo. benetako Soinu iluneko eta hitz ulertezinezko estreineko lan hori benetako arrakasta izan zen; milioi bat kopia saldu zituen Erresuma Batuan eta zortzi milioi mundu osoan. "Nancy Boy", "Come Home" edo "Bruise Pristine" bezalako arrakastek merkatu britainiarraren ateak ireki zizkieten, eta bira bati ekin zioten Erresuma Batuan, Alemanian, Amerikan eta Frantzian barrena.
Bira amaituta, Schultzberg-ek taldea utzi eta Steve Hewitt-ek, Placeborekin hasieran lan egin zuen bateria-joleak, ordezkatu zuen. Aldaketaren ondoren, euren bigarren lana kaleratu zuten: Without You I'm Nothing. Erabateko arrakasta izan zen. Lanak britainiar uharteetatik haratago eraman zuen Placebo. Bigarren disko horretarako, soinua leundu egin zuten eta balada malenkoniatsuak euren musikaren ezaugarri berezienetako bat bezala finkatu ziren. Without You I'm Nothing lanarekin, publikoaren erantzun paregabeaz gain, kritikaren babesa ere jaso zuten; "Every you every me" edo "Pure Morning" bezalako kantuak mundu mailako arrakastak bihurtu ziren.
2000. urtean, Black Market Music diskoa kaleratu zuten. Soinu biziago, positiboago eta indartsuago batez osatuta, diskoa inflexio-puntua izan zen taldearen soinuan. Placeboren musika heldutasunera heldu zen.
2003an, Sleeping With Ghosts lanak ikusi zuen argia. Disko horrekin, taldeak gehiago arriskatu zuen; izan ere, bere betiko soinuari musika elektronikaren kutsua gehitu zioten. "This Picture"", "Special Needs" eta "The Bitter End" abestiek Placebo salmenta-zerrenden lehen postuetara eraman zuten. Gainera, disko horrekin batera, bigarren lan bat ere kaleratu zuten: ordura arte grabatu zituzten bertsio guztiak biltzen zituen disko bat. Bertan, hainbat arrakasta zeuden: "Running Up That Hill", "Where Is My Mind", "Daddy Cool"...
2006an, Placebok bere bosgarren lana merkaturatu zuen: Meds. Lanaren grabazioan REM taldeko Michael Stipe bezalako musikariek hartu zuten parte. Taldearen sustraietara egindako itzulera bezala definitu zuten Meds; izan ere, bere soinuak lehen diskoa (Placebo) gogora ekartzen zuen. Lehen disko hori, hain zuzen, urte horretan bertan berrargitaratu zuten, bandaren sorreraren 10. urteurrena ospatzeko.
2008an, hirukotea grabazio-estudioan sartu zen, baina kasu honetan Steve Hewitt gabe. Seteve Forrest bateria-joleak ordezkatu zuen. Hala, iaz, 2009ko ekainean, Battle for the Sun lana merkaturatu zuten, Placeboren seigarrena. "The Never¿Ending Why", "Ashtray Heart" eta "Bright Lights" bezalako perlak utzik zizkigun diskoak.
(Argazkiak: Wikipedia)