Alecia Beth Moore (Pink) abeslaria 1978ko irailaren 8an jaio zen AEBko Doylestown udalerrian, Pensilvanian. Rhythm & Blues musikan hasi zuen bere ibilbidea baina Pop-Rock estiloko izarra bilakatu da urte gutxitan; dagoeneko 29 milioi disko saldu ditu mundu mailan. Egun, bere musika eta estilo pertsonalaz gain, modarako duen gustu bereziak ere egin dute ezagun kantari estatubatuarra.
Filadelfian igaro zituen haurtzaro eta gaztaroa Janis Joplin, Jimi Hendrix, Nirvana, Guns N'Roses edo Green Day bezalako taldeak miresten eta musika munduan txoko bat noiz izango amesten. Gospel koru batean hasi zen abesten baina handik gutxira, musika mota guztiz aldatu eta, punk talde bateko kide egin zen. Era berean, Scratch N' Smoove rap taldearekin ere kolaboratu zuen.
Hainbat Rhythm & Blues musika taldetako kide izanez eman zituen bere lehen pausuak. 16 urte zituela, LaFace diskoetxearekin sinatu zuen bere lehen kontratua. Steve Buscemik Reservoir Dogs filmean egiten zuen Mr Pink pertsonaiaren paperean oinarrituta jarri zion bere buruari Pink ezizena.
'15 urterekin erabaki nuen esanahirik gabeko amodiozko abesti hutsik ez nuela abestuko', azaldu zuen behin Pinkek elkarrizketa batean; `ni neu izango nintzen ehuneko ehunean: nire abestietan neronek izandako harremanak, gertatu zaizkidan eta lotsarazten nauten gauzak islatuko ditut', zioen.
Bere lehen lana 2000. urtean atera zuen eta Can't Take Me Home izena jarri zion. Honi esker, platinozko disko bikoitza eman zioten eta Estatu Batuetako hamar disko onenen zerrendan kokatu zituen lan hartako hiru abesti. Aitzitik, Moulin Rouge! filmeko soinu bandarako Christina Aguilera, Mya, Lil' Kim y Missy Elliotekin batera egindako Lady Marmalade abestiari esker egin zen mundu osoan ezagun.
Missundaztood deitu zuen bigarren lanak rock ukitu handiagoa zuen aurrekoaren aldean. Maila handiko kolaborazioak izan zituen disko berri honetarako. Esaterako, Steve Tyler-ekin (Aerosmith taldeko liderra) abesten du Misery kantua. Get The Party Started izan zen laneko lehen singlea; ezaguna egin zen, mundu osoko dantzalekuetan etengabe entzuten zen horietako abestia izan zelarik. Hori gutxi balitz, Pinken hurrengo abestiak (Don't Let Me Get Me) are arrakasta handiagoa lortu zuen eta hainbat aste eman zituen Europa eta Estatu Batuetako musika zerrendetako lehen postuetan.
2003an atera zuen Pinkek disko berria, Try This. Ordurako, mundu mailan erreferentziatzat hartzen zen artistetako bat zen rock musikaren esparruan. Lan berri hau ere onenen artean jarri zuen Trouble edo God is a DJ bezalako abestiei esker.
Guzti honen ostean, bi urte eman zituen eszenatokietatik kanpo; 2006an itzuli zen I'm Not Dead izeneko lana besapean zekarrela. Disko honetan ere arrakasta biribilak bilakatu ziren hainbat abesti bildu zituen, esaterako, Stupid Girls, U + Ur Hand edo Who Knew. Berriz ere, mundu mailako zerrenda garrantzitsuenetan lekua izan zuen eta horri esker, egun duen izen ona lortu zuen.
2008. urtean argitaratu zuen orain arte atera duen azken diskoa: Funhouse. So What, bere ibilbide guztian zehar arrakastarik gehien eman dion abestia aurki dezakegu disko honetan; 25 herrialdetan jarri zen zerrendetako lehen postuan. Sober deitutako diskoko bigarren singleak ere arrakastazko bide bera segitu zuen, zerrenden gorenera berehala helduz.
Artista benetan polifasetikoa da Pink: bere kantuak konposatzeaz gain, hainbat filmeren soinu bandan ere parte hartu du dagoeneko, Rollerball, Los Ángeles de Charlie, Catacumbas edo Shannyn Sossamon filmeetakoan, besteak beste. Zinema munduan jarraituz, aktore lanetan hastekoa ere izan zen; Janis Joplinen papera egitea eskaini zioten abeslari honen biografia kontatzen zuen pelikula batean; Pinkek azkenean, ezezkoa eman zuen.
(Argazkiak: wikipedia)