80ko hamarkadaren erdialdera, Black Sabbath edo Led Zeppelin bezalako musika talde entzutetsuen eragina zuen metal alternatiboko laukote batek agerpen ikusgarria izan zuen Seattleko musika panoraman. Soundgardenek helburu zehatza zuen: hiriko garajeetan irakiten zegoen soinua mundura zabaltzea. Mende laurden baten ostean, laukotea grunge azpigeneroaren aitzindaritzat eta oinarritzat jotzen dute askok. Nirvana, Alice in Chains, Mudhoney edo Pearl Jam taldeekin batera, Soundgardenek maisutasunez lortu zuen "Seattleko Soinua" munduan barrena zabaltzea, eta talde guzti horien artean, grunge musika goieneko mailara eraman zuten 90ko hamarkadaren erdialdera. 1997an, 12 urteko ibilbidearen ostean, Soundgarden banatu egin zen. Bidean estudioko bost disko, arrakasta-bilduma bi eta grunge mugimenduaren kantu ezagunetako batzuk utzi zituzten. Gaur egun, banatu zirenetik 12 urte igarota, zurrumurruek diote laukoteak bi lan merkaturatuko dituela: taldearen kantu ezezagunez eta bitxienez osatutako disko bat, eta orain arte kaleratu ez duten materiala bilduko duen kutxa berezi bat.
1984. urtean abiatu zen Soundgarden. Hasieran hiru lagunek osatzen zuten taldea: Chris Cornell abeslariak eta bateria-jotzaileak, Kim Thayil gitarristak eta Hiro Yamamoto baxu-jotzaileak. Denbora gutxira, Scott Sundquist bateria-jotzailea taldean jotzen hasi zen, eta hortaz, Chris Cornellek makilak alde batera utzi eta arreta guztia mikrofonoan eta gitarran jarri zuen. Laukote berriak ez zuen asko iraun; izan ere, 1986an, Sundquistek banda utzi eta Matt Cameronek ordezkatu zuen.
Hurrengo bi urteetan, Soundgardenek bi EP kaleratu zituen: Screaming Life eta Fopp. Bi lan horiek merkaturatu ostean, rock eta metal alternatiboaren munduan ospea hartu zuten, eta diskoetxe entzutetsuenak bandaren ateak jotzen hasi ziren.
Azkenean, laukoteak zigilu independente batekin sinatu eta, 1988an, beren lehen lana kaleratu zuen: Ultramega Ok. Punk-rock energiaz betetako disko horrek oso harrera ona izan zuen, bereziki kritikari dagokionez. Baina musika munduaren begiruneaz gain, "One Minute of Silence", eta "Flower" bezalako arrakastek kontratu diskografiko berria ekarri zioten taldeari, baina kasu honetan multinazional batekin: A&M Records zigiluarekin.
Enpresa erraldoi batekin sinatu izanak mesfidantza sortu zuen taldeko betiko zaleen artean. Halere, laukoteak errotik kendu zituen bere musikaren inguruan sortutako zalantzak, 1898an, bere bigarren lana (Louder than Love) kaleratu zuenean. Ez zegoen dudarik. Soundgardenek ez zuen bere burua saldu. Disko berrian bere betiko musika iluna, gordina eta gorgarria zen nagusi. "Hands All Over" edo "Big Dumb Sex" abestiak taldearen bermerik onenak ziren. Lan hau kaleratu eta gero, Hiro Yamamoto baxu-jotzaileak talde utzi eta Ben Shepherdek ordezkatu zuen.
Behin betiko arrakasta, grunge musikaren eztandaren eskutik
1991n, taldeak hirugarren diskoa kaleratu zuen: Badmotorfinger. Urte berean Nirvanak Nevermind albuma kaleratzearekin batera sortu zen grunge mugimenduaren eztandaz lagunduta, diskoak arrakasta handia izan zuen eta Soundgardeni nazioarte mailako ospea ekarri zion. Hala, soilik Ameriketako Estatu Batuetan, milioi bat kopiatik gora saltzea lortu zuten, nahiz eta bi oztopo handi aurkitu zituzten; alde batetik, grunge musikak emandako bi disko arrakastatsuenek (Nevermind eta Teen) ere 1991n argia ikusi zutela; eta bestalde, bi disko horiek askoz komertzialagoak zirenez jendartera errazago heltzen zirela.
Hiru urte geroago, 1994an, Superunknown izeneko maisulana kaleratu zuten, beren diskorik garrantzitsuena eta grunge musikaren historiako entzutetsuenetako bat. Laugarren lan honekin inflexio-puntua heldu zen. Laukoteak norabidea aldatzea erabaki zuen. Disko komertzialagoa egin zuten, eta lanak betiko zale zorrotzenak gozaraztea lortu ez zuen arren, Soundgarden grunge munduko izen handieneko banda gisa behin betiko finkatu zuen.
Halere, taldeak ez zuen arrakasta ondo kudeatu. Kideen artean giroa zapuzten hasia zenean, 1996an, bosgarren eta azken lana kaleratu zuten: Down On the Upside, aurrekoak baino askoz indar gutxiagokoa, eta bandaren amaieraren hasiera. Cornellek taldearen metal kutsua murriztu nahi zuen, eta horrek tirabirak sortu zituen kideen artean, bereziki, euren musikak etorkizunean hartu behar zuen norabidearen inguruan. Azkenik, 1997an, taldea banatu zen. Hilabete gutxira, A-Sides izeneko arrakasta bilduma kaleratu zuten, kantu berririk ez zekarren eta taldearen ibilbidea sastakatu besterik egin ez zuen lana.
Azken zurrumurruen arabera, gaur egun taldeak beste arrakasta bilduma bat merkaturatzeko asmoa omen du, baina kasu honetan B aldeetako kantez osatutakoa. Halaber, argitaratu gabeko materiala bilduko lukeen kutxa bat ere kaleratu lezakete.
(Argazkiak: Lastfm)