Itzuli orri osora
Pixies, grunge musikaren inspirazio iturria
vie, 27 nov 2009 14:04:00 +0100

Joey Santiagok ez zuen inoiz imajinatuko 1986an beste hiru musikarirekin batera sortu zuen taldea bataiatzeko hiztegitik ausaz hautatu zuen hitza (Pixie), rock musikaren historian hizki handiz gordeta geratuko zela urte batzuk geroago. Izan ere, Pixies musikaren historian izan den eragin handieneko taldeetako bat da. Black Francis buru duen banda hori 90. hamarkadan eztanda egin zuen rock alternatiboaren aitzindaritzat jotzen dute; halere, 1993. urtean taldeak bizi izan zuen banaketa goiztiarraren ondorioz, laukoteak ez zuen grunge mugimenduaren goraldiak sortutako fruitu komertzialez gozatzerik izan. Agian hori dela eta, 2004. urtean laukotea batu egin zen kontzertuak eskaintzeko, baina lan berririk kaleratzeko asmorik gabe. Marketin maniobra berri batean, aurtengo ekainean taldearen disko guztiak biltzen dituen kutxa bat (box-set) merkaturatu zuten, betiko jarraitzaileak gozamenerako, baina taldearen diskografiari dagokionez, ordea, ekarpen berririk egin gabe.

1986. urtean, Massachussetseko Unibertsitatean (Boston) jaio zen Pixies. Bertan antropologia ikasle bik, Joey Santiago gitarrista filipinarrak eta Black Francis abeslariak, musikagileak eta gitarristak, logelaz gain, musika zaletasuna partekatzen zuten. Denbora gutxira, Kim Deal baxu-jotzailearekin eta David Lovering bateria-jotzailearekin harremanetan jarri ziren eta rock talde bat sortu zuten. Behin laukotea osatuta, Santiagok hiztegitik hitz bat zoriz aukeratu eta banda bataiatu zuen: Pixie (iratxo txikia).

Hala, laukotea kontzertuak eskaintzen hasi zen Bostongo tabernatan eta aretoetan, eta bere zuzeneko bortitzen eta indartsuen eskutik, musika munduko profesional askoren ahotan ibiltzen hasi zen. 17 abestiz osatutako maketa bat (The Purple Tape) grabatu ostean, euren lehen kontratua lortu zuten. 1987ko martxoan, 8 kantek osatzen zuten EP bat kaleratu zuten: Come On Pilgrim.

Surfer Rosa eta Doolittle, bi maisulan urte bakarrean

Urte bat geroago, 1988an, Pixiesek estudioko lehen disko ofiziala kaleratu zuen: Surfer Rosa. Garaiko eta egungo kritikaren mirespena jasotakoa, oraindik ere historiako musika lanik onenen artean kokatzen dute askok. Era askotariko estiloak, gai surrealistak, etengabeko bolumen aldaketak eta soinu gordina ziren diskoaren oinarriak. Halere, ez zen lehenengo entzuteetan gozarazten duten lan horietako bat, eta agian hori dela eta, ez zuen arrakasta komertzial handirik izan bere garaian. Dena dela, kritika espezializatuak eta musika munduak lana txalotu zuten, eta ondorengo rock alternatiboaren izar entzutetsuenen inspirazio iturri izan zen; besteak beste, Kurt Cobainek askotan onartu du Surfer Rosa diskoan oinarritu zela Nevermind lana egiteko.

Hil batzuk geroago, 1989ko apirilean, Pixiesek bere bigarren maisulana merkaturatu zuen: Doolittle. Surfer Rosa lanarekin gertatu bezala, kritikak lana goratu egin zuen. Diskoak abesti gogorrak ("Tame", "Crackity Jones") eta kantu melodikoak ("Silver", "Here Comes Your Man") uztartzen zituen, berrikuntza batekin: laukoteak hari-instrumentuak erabili zituen lehenbizikoz.

Dena primeran zihoala zirudien, baina ordura arte pilatutako lan mordoaren (hiru disko bi urtetan) eta Francisen eta Dealen arteko tirabira gero eta jasangaitzen ondorioz, 1989ko biraren amaieran taldeak musika denbora batez uztea erabaki zuen. Atseden hartu ondoren, 1990eko abuztuan, hirugarren diskoa kaleratu zuten: Bossanova. Taldeak ordura arte egindako lan ezberdinena zen; izan ere, musikari zegokionez, surf-pop estiloan murgiltzen zen, eta abestien gaiek, ordea, zientzia-fikzioren iturritik edaten zuten. Hala, nahiz eta kanturen bat punk-rock zantzuak izan, "Rock Music" kasu, laukoteak bere musikaren gordintasuna gutxitu zuen.

Zaleei diskoaz gozatzeko ia denborarik eman gabe, 1991eko irailean, laukote estatubatuarrak bere laugarren eta azken lana merkaturatu zuen: Trompe le Monde. Disko honekin surf-popa alde batera utzi eta sustraietara itzuli ziren; hori bai, berrikuntzaren bat edo beste eskainita, esaterako, teklatuen erabilera. Lan berri honekin taldeak bere jatorrizko energia eta soinua berreskuratu zituen.

Denbora gutxira, 1993. urte hasieran, laukotea desegin zen eta musikariek bakarkako proiektuei ekin zieten. Hamaika urte banatuta eman ondoren, 2004ko apirilean Pixies taldea agertokietara itzuli zen eta bira erraldoi bati ekin zion. Ordutik, munduko txoko eta jaialdi askotan zuzeneko emanaldi bikainak eskaini dituzte, baina ez dute lan berririk kaleratu.

Gaur egun, taldearen jarraitzaileak zorioneko daude. Kontzertuak eskaintzen jarraitzeaz gain, laukoteak taldearen disko eta material grafikoaren luxuzko edizioak biltzen dituen Minotaur izeneko kutxa kaleratu zuen udan.

(Argazkiak: Lastfm)