Pink Floyden musika estiloaren laburpen txiki bat da, Erresuma Batuko arrakasta komertzial itzela lortu zuena, nahiz eta Capitol Record konpainiaren publizitate eskasak Ameriketako Estatu Batuetan diskoaren salmentak mugatu zituen. Hala ere, 1973ko urrian Urrezko Disko izendatu zuten Recording Industry Association of Americaren eskutik, eta ondoren, 1974. urteko martxoaren 11n Platino bikoitza eskuratu zuen.
Bien bitartean, eta Atom Heart Mother lanak izandako emaitza paregabearen ostean, Relicsizenburupean disko bilduma bat sortzea erabaki zuen bandak. 11 kanta batzen zituen diskoak, batzuk lehendabiziko hiru lanetatik zetozenak, eta beste batzuk aurretik taldeak egindako lan xumeetatik jasotako materiala ere.
Waters Aroa
Lan ezezagunagoa 1972an kaleratu zen Obscured By Clouds diskoa izan zen, La Valle filmaren soinu banda, hain juxtu. Une horretatik aurrera esperimentuak amaitu, eta sorkuntza aro bati eman zioten hasiera: Waters Aroa. 1973. urtean disko berri baten grabaketa bukatutzat eman zuten. Emaitza The Dark Of The Moon lana, ziur asko Pink Floyden lanik onena. 30 miloi kopia baino gehiago saldu zituzten, arrakasta zerrendetan iraunkortasun errekorra hautsiz, 10 urte luzez egon baitzen zerrendetako lehen postuetan.
Diskoa soinu efektuz josia zegoen eta gizarteak zapaldutako gizakiaren inguruko gaiak jorratzen zituen, zoramenaren atarira eramanez. Ameriketako Estatu Batuetan lehendabiziko postua lortu zuen, eta bigarrena, berriz, Ingalaterran, eta diskoko kantarik arrakastatsuena "Money" izan zen. Egin zuten biran, argiz eta soinuz betetako ikuskizuna eskaini zuten, ikuslegoari historian gogoratzen ez diren bezalako zuzenekoak eskainiz.
1975ean Wish You Where Here azaldu zen Syd Barret euren taldekide ohiaren omenaldi gisa, eta kanta arrakastatsuena "Shine On Your Crazy Diamond" izan zen, Roger Watersek sortua. Hala ere, ez zion itzalik egin aurreko diskoarekin izandako harrera onari. Punkaren etorrerak estamentu guztiak jipoitu zituen, eta guztiek egoera berrira egokitu behar izan zuten. Horren erakusle da Animals lana, eta momentu honetatik aitzinera Roger Watersek hartuko du taldeko lidergoa.
Taldearen suspertzea
Taldeko kideen bakarkako zenbait lanen ondoren, eta hamarkada berriarekin Pink Floyden esentziak hondoa jo behar zuela zirudienean, 1979an The Wall kaleratzen da. Baliteke taldearen historian sonatuena izan den diskoa izatea, 15 egunetan Ameriketako Estatu Batuetan lehendabiziko postuan egon baitzen. Rock izar baten porrotaren istorioa sakontzen dute bertan. 1980 eta 1981 urteen baitan bira egingo du Pink Floydek disko honekin, baina hiri bakar batzuetan soilik, New Yorken, Los Angelesen, Londresen eta Dortmunden, hain zuzen ere. Ikuskizuna muntaia handi bat zen, musika eta irudiekin sortutakoa, estetika esanguratsua, gerora bandarekin zuzen zuzenean lotuta geratu diren irudiekin, eta zergatik ez, baita rockaren historiarekin ere.
Diskoak diru kopuru handiak eskuratu zituen, baina honek taldearentzat hondamendi ekonomikoa ekarri zuen. Pink Floyden azken diskoetako bat izan zen hau, izan ere taldekideen arteko eztabaidek eta Roger Watersek taldearen gainean hartu zuen nagusitasunak taldearen banaketa ekarri zuen. Hori bai, denbora izan zuten 1983an The Final Cut kaleratzeko, euren hamabosgarren diskoa. Roger Watersekin egindako azken lana izan zen, eta lehendabizikoa Richard Wright teklistarekin. The Final Cut itzalpean geratu zen The Wall arrakastaren ondoren, 1979an taldeak argitara eman zuen diskoaren ondoren, alegia.
Hamarkada berria eta areriotasun berriak
Krisia 80ko hamarkadan heldu zen, bandako kideen artean izandako eztabaidekin, batez ere Waters eta Gilmorren artean. Watersek 1983an utzi zuen taldea. Pink Floydekin azken kontzertua Londresen eman zuen 1981ean The Wall diskoaren biran zehar. Gilmour eta gainerakoek Pink Floydekin aurrera jarraitu zuten, nahiz eta Waters taldea deuseztatzen saiatu. Esaterako, auzia jarri zion taldeari izen bera jartzen jarraitu ez zezaten. Gilmour, Wright eta Mansonen azken diskoa, Division Bell, Pink Floyden izenpean grabatu zuten 1994. urtean.
Pink Floyd eragin handia izan zuen banda arrakastatsua izan zen, Ameriketako Estatu Batuetan 73.5 miloi kopia saldu zituzten eta munduan 200 miloi baino gehiago. Bai taldeak eta baita taldeko kideek ere gora behera handiak izan ditu, 2005ean Live 8ko kontzertuetarako berriro batu ziren arte. Bertan Pink Floydek kontzertu bat eskaini zuen, beste behin ere Roger Watersekin. Gaur egun arte ezin da jakin berriz ere bilduko ote diren edo ez.
Richard Wright, teklista eta britainiar banda honen sortzailea 2008ko irailaren 15ean hil zen 65 urte zituela, taldearen etorkizuneko topaketa posiblea guztiz ezabatuz.
(Argazkiak: www.pinkfloyd.com)