Txima luzeak, kuttunak, neska gazteak koloredun gonekin eta ortzadarraren eta bakearen aldeko banderak ikusi ahal izan ziren duela 40 urte Woodstock 69 jaialdian "musika eta bakea 3 egunez" lemapean. Munduan izandako rock ikuskizun ezagun eta ospetsuena izan zen, eta 60ko hamarkadako hippie mugimenduaren adierazle nagusia. Aurten jaialdia abuztuaren 15ean eta 16an izango dela diote antolatzaileek bai New Yorken eta baita Berlingo Tempelhof aireportuan, eta antolakuntza lanetan dabiltzanek bertaratzen direnen kontzientzia ekologikoa sustatzea dute helburu. Ekitaldiak Woodstock 69ko izar handiak bilduko ditu, besteak beste, Santana, Joe Cocker edo The Who.
2009ko lehendabiziko hilabeteetan musikaren gaurkotasunaren ikuspegian eman den albiste onena izan da. Woodstock historiko eta famatuaren 40. urteurrena ospatzeko, datorren abuztuan Max Yasguarren etxaldearen lur sail berean rock musikaren jaialdia egingo dela baieztatu da.
Woodstock 69
Woodstock jaialdia, musikaren historian izan den jaialdi garrantzitsuena, eta hippie aldiaren eta kulturaren aurkako mugimendu amerikarraren ikur nagusia, Bethelen, New Yorkeko landa gunean egin zen 1969ko abuztuaren 15ean eta 18an. 400.000 ikusle bildu zituen emanaldiak, antolatzaileek uste zutena baino 340.000 gehiago, eta egun bakoitzeko sarrerak garaiko 18$ amerikar balio zituen, eta hiru egunetako txartela, berriz, 94$.
Nahiz eta jaialdia egiteko arrazoi nagusia musika izan, sistemaren aurkako borroka bakezalean eurak bakarrik ez zeudela baieztatu nahi izan zuen ikuslegoak. Loreen jaialdia izan zen eta mugimendu hippiearen kontsakrazioa. Gerrekin nekatuta zegoen eta bakea eta maitasuna aldarrikatzen zuen belaunaldi estatubatuarraren ikur bilakatu zen.
Sexu, drogak eta Rock & Rolla
Jaialdian sexua eta droga gaueko ezaugarri nagusiak bihurtu ziren, LSDaren eta Marihuanaren kontsumoa nabarmenduz; hau guztia rock musikarekin apaindua. Egun horietan bi haur jaio ziren eta hil, berriz, hiru: heroina gaindosiak eraginda bat, bigarrena apendizitisak bultzatuta, eta hirugarrena lo zegoela traktore batek harrapatuta.
Jaialdiak izan zuen giza inpaktuaz gainera, Woodstock bertan jo zuten taldeen bikaintasunaren, sorkuntzaren eta horien indarraren eztandaren ondorioz, kondaira bat izatera pasa zen. Garaiko hogeita hamar artista ospetsuenak gerturatu ziren, horien artean Richie Havens, Ravi Shankar, Joan Baez, Santana, Janis Joplin, Grateful Dead, Credence Clearwater Revival, The Who, Jefferson Airplane, Joe Cocker, The band, Crosby, Stills, Nash & Young eta Jimi Hendrix.
Ondoen ordaindutako banda Jefferson Airplane izan zen, oro har 5 eta 6 miloi dolar kobratzen zuena, eta 12.500 dolar jaso zuena jaialdi honetan parte hartzeagatik, garairako kopuru oso handia. Kopuru bera jaso zuen The Who talde britainiarrak Ingalaterratik etortzeagatik. Gainerakoei garrantzi gutxiko kantitateak eman zizkieten, horien artean dago Santana, disko bakar bat grabatu gabe zuen izenik gabeko banda, 1.500 dolar jaso zituena.
Jaialdik kanpo geratu ziren taldeak
Arrazoi ezberdinengatik zenbait artistak euren agerraldia ezeztatu behar izan zuten. The Jeff Beck Group taldeko kideak jaialdia hasi baina aste bete lehenago banandu ziren, eta Iron Butterfly bandak, berriz, arazoak izan zituen aireportuan eta ezin izan zuten garaiz iritsi. Lighthouse talde kanadarrak ere, azken momentuan iritziz aldatu zuen, taldearen irudiarentzat txarra izango zela uste izan baitzuten. Bestalde, Los Beatles, The Doors, Led Zeppelin, Bob Dylan, Spirit edo Mind Garage taldeak, besteak beste, argudio ezberdinak medio gonbidapenari uko egin zioten.
Ekitaldian ez zen gizon emakumeen, edo haur eta helduen arteko bereizketarik izan, eta botatako euriak ere ez zuen hurbildutakoen poztasuna deuseztatu. Kontzertuen ostean, Max Yasgur, jaialdia egin zen lur sailaren jabeak azaldu zuen maitasunaren eta bakearen garaipena izan zela jaialdia. Miloi erdi pertsonak, arriskutsuak izan zitezkeen egoeren aurrean, hiru egun luzez musikaz eta bakeaz gozatu ahal izan zuten euren adimenetan.
(Argazkiak: www.woodstock69.com)