Bere ibilbide artistikoan, Michael Jacksonen bilakaera etengabekoa izan da eta garai bakoitzera egokitzen jakin du. Hasieratik, abeslariak jenio musikal bat dela erakutsi du. Jackson, zalantzarik gabe, polemikaz inguratutako pertsonaia da, jarraitzaile eta aurkako asko dituena, eta askotan berak sortutako mitoez inguratuta izan da. Hala ere, bere zorroztasun artistikoa eta mundu osoan izan duen arrakasta ukaezinak dira. Horren ondorioz, gainera, milioika disko saldu ditu. Neurri batean, bere prestigioa bere promozio kanpainen, bideoklipen eta kontzertuen ikusgarritasunagatik lortu du. Ekitaldi horietan artistak abeslari eta dantzari bezala dituen trebetasunak agerian uzten ditu.
Milurteko berriarekin, 2001ean, Jacksonek musika munduan zeramatzan 30 urteak ospatzeko lan berri bat kaleratu zuen. Proiektu berri horren izena Invincible izan zen eta bere salmentak ez ziren espero zirenak izan. Izan ere, aurreko lanetakoak baino baxuagoak izan ziren eta artista bere orduko diskoetxearekin, Sonyrekin, tirabirak izaten hasi zen. Horregatik, diskoa atera eta bi hilabetera bere promozioa bertan behera uztea erabaki zuen.
2003an, Jackson abusu sexualaz akusatu zuten berriz ere. Bi urte beranduago, 2005eko ekainean errugabetzat jo zuten, baina arazoak ez ziren orduan amaitu. Izan ere, 2006ko martxoan, agintariek Neverland bere arrantxoa ixtea agindu zuten. Bertsio ofizialak bere langileei soldata ez ordaintzeagatik izan zela zioen, baina askok polizia adingabeekin zituen harremanen frogak bilatzen ari zela esan zuten.
Krisia gainditu
Bere ospearen jaitsieraren ostean, Michael Jacksonek duela bi hamarkada zuen fama berreskuratzea zaila izango duela uste dute askok. Egoera xamurtzeko, 2006an, artistak bere hogei singlerik eta bideorik onenak biltzen zituen lan bat argitaratu zuen: Visionary - The Video Singles.
Thriller diskoak, historian gehien saldu den albumak, 25 urte bete zituenean, Michaelek edizio berezi bat kaleratu zuen. Horrela, 2008ko otsailean, Thriller: 25th Anniversary Edition salgai jarri zuten. Bildumak disko originaleko bederatzi abesti, sei kantu berri, bideoak eta zuzeneko emanaldi bat gordetzen zituen.
Urte horretan bertan, baina abuztuan, eta oraingo honetan bere berrogeita hamargarren urtebetetzea zela eta, Jacksonek King of pop plazaratu zuen. Diskoak bere bakarkako ibilbidean izandako arrakastez gain, Jackson Five bandarekin izandakoak ere biltzen zituen. Hala ere, bilduma horretan azaltzen ziren kantuak bere jarraitzaileek aukeratutakoak izan ziren.
Itzulera
Joan den martxoan, Jacksonek Londresko 02 Arenan hamar kontzertu eskainiko zituela adierazi zuen eta bere jarraitzaileak eta mundu osoko komunikabideak txundituta utzi zituen. Azkenean, eskaera handia izan dela eta, emanaldi kopurua berrogeita hamarrera igo zen. Zuzenekoen agenda hau datorren uztailean hastekoa zen eta zenbait astetan luzatzekoa zen.
Hainbat argitalpenek adierazi zutenaren arabera, Jacksonek 400 milioi dolar baino gehiago irabazi zitzakeen aurretik aipatutako kontzertuak, kantu berrien grabazioa eta pelikularen bat biltzen zituen akordio bat betetzen bazuen, horrela adierazi zuen Randy Phillips bere ekoizleak.
(Argazkiak: 1, 3, 5 www.caratulas.com eta 2, 4, 6 www.imdb.com)