Itzuli orri osora
Michael Jackson, poparen erregearen bizitza harrigarria (I)
vie, 26 jun 2009 18:31:00 +0200

Hiru hamarkada baino gehiago izan da Michael Jacksonek oholtza gainean. Bere ibilbidean, abeslari, konposatzaile eta dantzari estatubatuarrak arrakasta handiak lortu ditu eta bere kantu asko pop musikako klasikoak bihurtu dira. Hala ere, beste artista handi batzuk bezala bere bizitza profesionala eta pertsonala eskandaluz eta nabarmenkeriaz josiak egon dira. Guztira, 19 diskok bermatzen dute musikari honen ibilbidea. Gainera, urte batzuetan agertokietatik aldenduta izan ondoren, duela hilabete batzuk, uda honetan Londresen arituko zela adierazi zuen, baina artistak britainiar hirian abestuko zuen azken aldia izango dela jakinarazi zuen. Azkenean, tamalez, ezin izan du esandakoa bete. Atzo, 50 urte zituela, Los Angelesen hil zen "Poparen erregea".

Michael Joseph Jackson 1958ko abuztuaren 29an Garyn (Indiana) jaio zen. Artista bederatzi anai-arreben arteko zazpigarrena zen. Abeslariak musikarako trebetasuna eta tradizioa familian jaso zituen, izan ere, bere aita musikari afizionatua zen eta gitarra elektriko bat zuen. Instrumentua jotzea debekatua zuten arren, anaia-arreba zaharrenak aita etxean ez zegoenean erabiltzen hasi ziren eta joko bat zena afizio bilakatu zen.

Horrela, Josephek bere lau semerekin banda bat sortu zuen: Titorekin, Jackierekin, Jermainekin eta Marlonekin, hain zuzen ere. Michaelek bost urte besterik ez zituenean, eta bere amak bere aita konbentzitu ostean, Jermaine bere anaia ordezkatu zuen eta taldeko abeslaria bihurtu zen. Hasiera batean, bandak Ripples & Waves izena jaso zuen, ondoren Ripples & Waves Plus Michael eta, azkenik, Jackson familia mundu osoan ezagun bilakatu zuena aukeratu zuten: The Jackson Five.

1968an, boskoteak Motown Berry Gordy diskoetxerako entzunaldi bat egin zuen eta horri esker, 1969ko urrian, Jackson Five taldeak "I want you back" bere lehen singlea kaleratu zuen. Aurrekaririk gabeko arrakasta horren ostean, "jacksonmania" sortu zen.

Fan fenomenoa

Bakarkako ibilbideari ekitea erabaki zuen Michaelek 1972an eta, horretarako, Got to be there albuma argitaratu zuen. "Ben" abestiak, izen bereko filmeko kantua izan zenak, artistaren ospea finkatu zuen ahots melodikoko abeslaria bezala. Hala ere, boskotearen anbizio artistiko handiago batengatik eta disko bakoitzarengatik jasotzen zuten diru-kopuru eskasagatik diskoetxearekin tirabirak izan zituzten eta, ondorioz, Motwonekin kontratua desegin eta Epic Recordsekin berria sinatu zuten. Horrela argitaratu zituzten beraien hurrengo hiru lanak: The Jacksons (1976), Going places (1977) eta Destiny (1978).

Bitartean, Michaelek bere bakarkako ibilbidearekin jarraitu zuen eta 1979an Off the Wall kaleratu zuen, honekin lortu zuen gainera nazioarteko ospea. Lan horren salmentak bikainak izan ziren eta, horrez gain, artistak bere lehen Grammy saria jaso zuen: "Don´t stop 'til get enough" kantuarekin rhythm & blues abeslari onenaren kategorian, hain zuzen ere.

Thriller

Michael Jacksonen arrakasta handiena 1982an iritsi zen. Thriller, zalantzarik gabe, musikako klasiko handietako bat izango da betirako. Gainera, abeslaria ikuskizuneko izar handi batean bilakatu zuen. Horren adibide da Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan bi izar lortu zituen lehen artista izan zela. Hala ere, arrakasta hori, neurri handi batean, albumari izena ematen dion bideoklipari esker izan zen. Film laburrak 13 minutu baino gehiagoko iraupena zuen eta John Landisek zuzendu zuen. Orain, album honen moldaketa egiten ari dira antzerki musikala Broadwayen estreinatzeko.

Baina Jacksonen ibilbideak ongintzazko ekimenak aurrera eramateko ere balio izan du. Horrela, Lionel Richierekin eta momentuko beste artista batzuekin grabatutako USA for Africa (1985) diskoari esker, Afrikan gose direnak laguntzeko milioika dolar jaso zituzten.

Bi urte beranduago, Bad jarri zuen salgai dantzariak, Moonwalk izeneko biografia batekin, Moonwalker pelikularekin eta zenbait film laburrekin batera.

Beltza edo zuria

Black or White singlea 1991ko azaroan azaldu zen Dangerous lanaren aurrerapen gisa. Kantu horren bideoklipa orain arte historian egin den garestiena izan zen. Izan ere, bere grabaziorako efektu informatiko berritzaileak erabili zituzten.

Lau urte beranduago, HIStory: Past, Present and Future ¿ Book I iritsi zen. Lanak historiako album bikoitz salduena izatea lortu zuen: lehenengoak bakarlari bezala izandako arrakasta handiak biltzen zituen eta bigarrenak, berriz, abesti berriak. Gainera, 1993an adingabeen abusuaz akusatu zutenetik kaleratu zuen lehenengoa izan zen. Diskoaren adierazgarri nagusia kritika soziala da.

1997an Blood On The Dance Floor argitaratu zuen, bost abesti berri eta zortzi remix gordetzen zituen lana. Oraingoan ere, zazpi milioi disko baino gehiago saldu ondoren, albuma ordura arteko salduena izan zen.

(Argazkiak: 1, 2, 3, 4, 6 www.imdb.com eta 5, 7, 8 www.caratulas.com)