Zuhurra, goxoa eta lagunartekoa, horrelakoa da Suzanne Vega. 1985an musikaren industrian azaldu zenetik ez du ibilbide oso deigarria izan. Hala ere, bi hamarkada baino gehiagotan lanbide horretan mantentzea lortu du. Jendearen esker ona haur batek etxean bizi duen indarkeria egoerari buruz hitz egiten duen abesti batekin hasi zen. Artistak bere antzinako New Yorkeko auzoan, Harlemen, zuen bizilagun baten istorioan izan zuen inspirazioa. "Luka", arrakasta horren izena, abeslari eta konposatzaile estatubatuar honen abestirik ezagunena da, entzuleak iraganera eramaten dituen doinua. 80ko hamarkadatik 90ekora aldaketa bizi zuen edonork gogoratzen du melodia hori. Lehen singlea argitaratu zuenetik 22 urte pasa dira eta denbora honetan estudioko zazpi album eta bi arrakasta bilduma kaleratu ditu.
Suzanne Vega 1959ko uztailaren 11an, Santa Monikan, Los Angelesen, jaio zen. Bi urte zituenean, bere familiarekin New Yorkera joan zen bizitzera. Bere ama Ed Vegas izeneko idazle batekin ezkondua zegoen eta horren abizena hartu zuen abeslariak. Horrez gain, bikotearen musika gustuak ere jaso zituen. Horrela, folk, jazz, bossa nova eta rock estiloak bere ondorengo konposizioetan islatu ziren.
Bederatzi urte besterik ez zituenean Vegak bere lehen olerkia idatzi zuen, hamaikarekin gitarra ederki jotzen zuen eta hamalau zituenean bere kantuak konposatzen hasi zen. Horrez gain, gazteak dantza garaikidea ikasi zuen eta Barnard College izeneko arte eskolan literatura klaseak jasotzen zituen bitartean, Barnard Villageko musika klubak bisitatu zituen. Giro bohemiar horretan lortu zuen, hain zuzen ere, lotsa galtzea. Horrela, lagun batek emandako aholkua jarraitu eta areto horietan beranduago bere abestietan aipatuko zuen gaueko bizimodua ezagutu zuen.
Sakontasuna, ahotsa eta folka
Zuzeneko emanaldi horiei esker ere, 1984. urtean, A&M diskoetxeak lan bat grabatzeko aukera eskaini zion. Lehen lana urtebete beranduago kaleratu zuen eta kritika onak jaso arren, ez zituen ale asko saldu. Suzanne Vega izeneko album horrek artistaren ezaugarri nagusiak agerian uzten zituen: kantuen mezuaren sakontasuna, artistaren ahotsa eta folk estilora asko gerturatzen zen doinua.
Bi urte beranduago, 1987an, Vegak Solitude standing argitaratu zuen. Lan honekin nazioartean egin zen ezagun. Oraingo honetan, albuma pop musikara gehiago gerturatzen zen. Disko horretan abeslariaren bi kanturik ospetsuenak bildu zituzten: "Tom's diner" eta "Luka".
90eko hamarkadako hasiera aldera, artistak estilo komertzialetik aldentzea erabaki zuen eta bere konposizio berrietan hizkiei eman zien lehentasuna. Norabide berri hau Days of open hand (1990), 99.9ºF (1992) eta Nine objects of desire (1996) lanetan islatu zen. Horietan artistak elektronikarekin eta doinu goxoago eta minimalistago batekin esperimentatu zuen, baina bere oinarrizko ezaugarriak galdu gabe.
Lehen etapa horren ostean, Vega bere familiarekin erretiratu zen. Bost urtetan musikatik aldendua izan ondoren, estudiora itzuli zen Songs in red and gray diskoa grabatzeko eta, horrekin, bere doinu originala berreskuratu zuen. Horrez gain, albuma ordura arte estatubatuarrak egin zituen proiektu guztien artean barnekoena da askorentzat. Izan ere, bilduma osatzen duten kantuetako hiru abeslariak bizi zuen dibortzioari buruzkoak dira.
Berezko estiloa
Suzanne Vegaren kantuek kaleko bizitzari buruz hitz egiten dute, baita bakardadeari eta bere gaiztakeriari buruz ere. Kantautoreak bizitzen eta inguruan ikusten dituen egoerei buruzko gogoetak dira. Batzuetan, adituek Lou Reed New Yorkeko artistarekin alderatzen dute, aukeratzen dituen gaiengatik eta nahasten dituen soinuengatik: folka eta rock and rolla. Eta alderaketa horrek ez du gogaitzen.
2003an, Retorspective: The best of Suzanne Vega arrakasta bilduma kaleratu zuen. Bertan, bere ibilbideko 21 abesti ospetsuenak bildu zituen. Disko honen ostean, A&M diskoetxeak artistarekin zuen kontratuari amaiera eman zion eta hurrengo urteetan Vega kontzertuak eskaintzen aritu zen. Horrez gain, irratiko saio batean ere lanean izan zen. Azken proiektu horri esker, Peabody Award saria irabazi zuen.
Bere azken albumak Beauty & Crime izena du eta 2007ko uztailean argitaratu zuen. Diskoetxe berri batekin, Blue Note Recordesekin, artistak bere hiriaren, New Yorken, bizitza aztertzen du.
(Argazkiak: www.suzannevega.com)