Itzuli orri osora
Marilyn Manson, 40 urte infernura bidean (II)
vie, 23 ene 2009 18:30:00 +0100

Marilyn Manson buru duen banda asko aldatu da sortu zenetik, aldaketa horiek izenean eta partaideetan izan dira, eta taldearen ezaugarri komuna Manson bera izan da. Horrela, Antichrist Superstar (1996) lanaren ondoren, Mechanical Animals plazaratu zuten. Taldearen liderrak horrela definitu zuen disko hori: "Aurreko albumean suntsitzaile bezala aurkeztu nuen nire burua, ezin nintzelako gorroto ninduen mundu batean ahokatu... Hortaz, suntsitua ikusi nahi nuen". Mechanical Animals Billboardeko lehen postuetara iritsi zen aste bakar batean. Lan honek, ordea, bere aurkako jarrera lehen aldiz ikusteko balio izan zion Mansoni, New Yorken eskaini behar zuten kontzertu batean poliziek agertokira igotzea utzi ez zietenean. Baina, horiek ez ziren izan diskoa argitaratu ondoren taldeak izan zituen arazo bakarrak. Hala ere, Mansonek bi Billboard sari jaso zituen.

Lau urte beranduago, 2000. urtean, taldeak Holy Wood izeneko disko berria kaleratu zuen. Hala eta guztiz ere, iskanbilak artistaren bizitza publikoan etengabekoak izan ziren. Horrela, Italian atxilotu zuten exhibizionismoa eta jarrera kriminal sexuala leporatuta. Hura ez zen izan Mansonek denbora gutxian sortu zuen horrelako gertaera bakarra.

2002an, Twiggy Ramirezek, bandako kide mitikoak, taldea utzi zuen The Golden Age Of Grotesque diskoarekin ados ez zegoelako, ez zitzaiolako "hain ona" iruditzen. 2007ko ekainaren 5ean, berriz, Eat Me, Drink Me mundu osoan estreinatu zuten. AEBetan eta Ingalaterran lanak lehen hamar postuen artean debut egin zuen eta baita mundu osoko beste zerrendetan ere. Mansonek bere emaztea izandakoari eskaini zion lan hau, Dita Von Teeseri.

2008an Manson eta Ramirez berriz ere elkartu ziren bilera batean eta beraien arteko desadostasunak konpondu zituzten. Ondorioz, Tim Skoldek alde egin zuen. Ramirezek biraren hurrengo kontzertuetan parte hartu zuen eta bere asmoa bandaren hurrengo albumen grabazioan parte hartzea da.

Disko berria

Azken hilabeteetan Manson bere album berrian lanean aritu da eta datorren otsailean argitaratzeko asmoa du. Izan ere, taldeko partaideetako baten webgunean "diskoa otsailaren 14an argitaratuko" dutela azaldu dute. Bestalde, Mansonek elkarrizketa batean adierazi du "lana oso heavya eta oso bortitza" dela. Revolver aldizkarian, berriz, artistak disko berri horretako bi abestiren izenak jakitera eman ditu: "I wanna kill you like they do in the movies" eta "Armagoddammotherfuckinggeddon". Horrez gain, Twiggyren itzulera eragin baikorra izan dela esan du eta bere sua berreskuratu duela. Gainera, lan berri horrekin orain arte egindako "guztia hautsiko" duela argitu du.

"Egin ditugun abestien letretaz harro nago. Zertxobait biblikoak dira entzuten dituzunean, mundua suntsitzen ari diren gauzak aipatzen dira eta nire emazte ohiari esan behar izan nizkion gauzak ere. Zalantzarik gabe, jendeak dar-dar egingo du entzuten duenean", laburbildu zuen Mansonek.

Filosofia: gizakiak zintzoak eta gaiztoak dira

Friedrich Nietzsche filosofo alemaniarraren eta satanismoaren jarraitzailea, bere lehen lanetatik, Mansonek bere nortasuna eta bizitzaren ikuspegia markatu duen ibilbidea jarraitu du. Filosofia hori ideia batean oinarritzen da: ez dira pertsona zintzoak eta pertsona gaiztoak existitzen, gizakia aldi berean zintzoa eta gaiztoa da. Horrela, "kristautasunaren aginduak betetzen saiatzea alferrikakoa da" Mansonen ustez, horrek ez duelako pertsona bakoitzaren alde gaiztoa ezabatzen, artistaren ustez hori ezinezkoa delako, horren ordez "hipokresia besterik ez da sustatzen". Irtenbide bakarra "gizakiaren izaerari atxikia dagoen gaiztakeria onartzea" da. Ikuspegi hau bere musika taldeko irizpidea ere da. Zentzu honetan, Mansonek esan zuen: "Gizakia izateak ez du esan nahi hori izanagatik etengabe barkamena eskatzen aritu behar izatea, gizabanako bezala, errurik gabe bizitzea baizik. Horren beldur izan da beti eliza, Jainkoaren ideia ahazten baduzu eta zure buruan sinesten baduzu, mundua bukatu egiten da".

Musika baino gehiago

MM musikan aritzeaz gain, bere pentsamendua beste alor artistiko batzuetan ere islatu du. Bere akuarelak batez ere AEBetan saltzen dira. Hala ere, handik kanpo ere erakusketak antolatu dira, Sao Paulon adibidez. Bertan, Gaiztakeriaren loreak izeneko bildumako piezak 3.000 eta 50.000 dolar bitartean balioztatu zituzten (2.205 eta 36.759 euro). Orain, obra hauek www.marilynmansonartworkonline.com webgunean eskuratu daitezke prezio baxuagotetan, 2.000 eta 3.000 euro bitartean (1.469 eta 2.203 euro) eta 25 kopiatako edizioetan. Hori guztia Internet bidez egin daiteke eta, gainera, egiazkotasun-ziurtagiriarekin erosten dira.

"Marilyn Manson izatea da nire artea", adierazi zuen musikariak joan den abenduan "The Art Newspaper" arte argitalpen ospetsuan. Arteak ez du oztoporik ezagutzen musikaren ikono honentzat, Polaroid batekin argazkiak etengabe ateratzen baititu bere etxean. Man Ray argazkilari estatubatuarraren jarraitzaile sutsua da Manson eta baita surrealistena ere. Gainera, Egon Schiele margolari austriarraren eragina onartzen du.

(Argazkiak: 1, 2, 4, 5, 7, 8 www.finalbeast.com, 3, 6 www.marilynmansonimages.com)