Itzuli orri osora
Marilyn Manson, 40 urte infernura bidean (I)
vie, 16 ene 2009 18:30:00 +0100

Marilyn Manson bereziak 40 urte bete zituen joan de urtarrilaren 5ean. Horrela, artista xelebreak bere heriotza kuttunerantz pausu bat aurrera egin du. Urruti gelditu da bere haurtzaroko garaia, Brian Hugh Warnerrek (bere benetako izena) bere eskola kristauan jaso zuen heziketa katoliko eta kontserbadore gogorra nekez pairatzen zuenean. Gainera, egoera horrek eragindako amets gaiztoak urtetan luzatu ziren. Ordutik, bizitza aldatu egin da Mansonentzat. Izan ere, abeslariak berak adierazi duenaren arabera, bere azken lana bukatzen ari da eta otsailean kaleratuko du.

Marilyn Manson, MM siglekin ere ezaguna dena, eskolan irakasten zizkioten infernuaren irudiekin eta bekatuaren kontzeptuekin beldurtua hazi zen. Horrez gain, bere irakasleek zenbait musika talde gaiztoak eta satanikoak zirela esaten zieten ikasleei. Horien artean zen David Bowie, urte batzuk beranduago Mansonen inspirazio bilakatuko zena. Gainera, bere eskola errealitatetik at bizi zela uste zuen. Horrek guztiak, Mansonek kristautasunaren dotrinen aurkako mespretxu sentimendua garatzea eragin zuen eta erreferentzia moralik gabe gelditu zen.

Modu honetan, Brian Hugh Warner gizon berri bat sortzen hasi zen, urte batzuk beranduago Marilyn Manson izango zena. "Pertsona inozoak ez dira horrela jaiotzen, kristautasuna bezalako gauzek sortzen dituzte", idatzi zuen behin. Asaldatze une horretan, Manson lapurretan eta gezurretan hasi zen, bere lagunak engainatzen zituen eta beste batzuetaz aprobetxatzen zen. Egoera honetan, bere esku zegoen guztia egin zuen eskolatik bota zezaten.

Horrela, eskola publiko batera iritsi zen, indartsuenaren legea erabiltzen zen ikastetxe batera, eta bertan, bere ikaskideek umildu eta tratu txarra eman zioten. Zalantzarik gabe, ingurune honek artista bere mundu ilunen gehiago murgiltzea eragin zuen. Horretarako, alkohola edaten, erretzen eta drogatzen hasi zen. Horrekin batera, ipuin eta olerki makabroak idazteari ekin zion. Bere musika zaletasunak ildo beretik jarraitu zuen. Izan ere, Mansonek erosi zuen lehen diskoa Kiss taldearen Alive II izan zen, zuzenean ikusi zuen lehen banda izan zen hura ere, hamar urte zituenean. Eskolan lagunik ez zuenez, gaztea Black Sabbath edo David Bowie bezelako musikariak entzuten hasi zen eta, horrekin batera, Marilyn Mansonen bilakatzen hasi zen.

Garai berri bat

Brianek 18 urte bete zituenean, bere sendia eta bera Floridara joan ziren bizitzera eta, bertan, musika kazetari lana aurkitu zuen. Garai horretan, Trent Reznor musika ekoizlea ezagutu zuen eta lagun onak egin ziren. Reznorrek gainera bere lehen lanen grabazioan lagundu zion.

90eko hamarkadan bere lehen banda osatu zuen, Marilyn Manson & Spooky Kids izenekoa, eta, horrez gain, areto batean bere olerkiak irakurtzen hasi zen. Bere lehen talde horrekin Portrait of an American Family eta Smells Like Children kaleratu zituen. Hala ere, ospea eman zion diskoa Antichrist Superstar izan zen, Nothing zigiluarekin. Mansonen ustez, "istorioa oso autobiografikoa da. Antichrist Superstar lanean hasi nintzen kontatzen, baina album horretan izan nahi nuenaz hitz egiten nuen aldaketa horren arrazoia edo hori nola lortuko nuen jakin gabe. Istorioa inon ahokatzen ez den gazte idealista baten ingurukoa da. Denborak aurrera egiten duen heinean, perfektutzat jotzen zituenak bere bizitza izorratzen dutenak direla ohartuko da eta, horregatik, iraultza bat planteatuko dio bere buruari, hori da Mechanical animals diskoak kontatzen duena. Istorioaren soluzioa Antichrist superstar bildumak kontatzen du eta hasiera, berriz, Holy woodek. Zaratustraren mitoak asko inspiratu ninduen lehen lan hau idazteko". Lan horrekin urtebeteko bira egin zuen Mansonek.

Mitoaren sorrera

Artistak gaur egun dituen tatuajeetako asko garai horretan egin zituen. Gehienak deabruen irudiak dira, horietako bat bere ukondoaren barnealdean irekitzen diren bi begi dira, bat zuria eta bestea beltza, eta horietatik ia eskumuturretaraino iristen diren garro beltz batzuk irteten dira.

Bere izen artistikoa Marilyn Monroe aktorearenetik eta Charles Manson hiltzailearenetik dator eta artistak irudikatu nahi duen ondo dagoenaren eta gaizki dagoenaren arteko dualtasuna adierazten du. Hala ere, alde iluna da musikariak jendearen atentzioa deitzeko gehien erabiltzen duena, gertutasuna edo gaitzespena sortzeko bada ere. Bere makillaje bitxiak eta inguratzen duen parafernaliak beste banda batzuetan eragina izan duen estiloa sortu du.

(Argazkiak: 1, 2, 3 www.finalbeast.com, 4, 5, 6, 7, 8 www.marilynmansonimages.com)