Tubular Bellsek berehala famatu bihurtu zuen Mike Oldfield, eta hari esker izugarrizko dirutza irabazi zuen 20 urte besterik ez zuela, baina egoera hark nortasun-krisialdia eragin zion. Dena dela, hura ez zen nahikoa oztopo izan bere ibilbide luzean zehar hainbat eta hainbat disko kaleratzeko (bai motu proprio edota disko-etxeak hala aginduta) eta gaur egun oraindik ere lanean jarraitzeko.
Bere lehen emaitzaren argitarapenak eragin zuen zurrunbilotik alde egiteko, Oldfield Hergest Ridge izeneko Ingalaterrako mendian babestu zen, eta han igarotako isolamendu aldian bere bigarren maisulana konposatu zuen. Lan hura leku zoragarri hark zeukan izen berarekin bataiatu zuen. Gauzak horrela, Hergest Ridge 1974ko irailean editatu zen, eta Erresuma Batuko salmenten zerrendako lehendabiziko postura egin zuen salto zuzenean; beraz, oraindik ere Tubular Bellsek mantentzen zuen lekua eskuratu zuen. Disko horren atzetik Ommadawn etorri zen, rock sinfoniko instrumentalean oinarritutako Oldfielden hirugarren emaitza, batzuentzat World Music deritzonaren aurrekari nabari gisa har daitekeena.
1978ko bukaera aldera Incantations diskoarekin itzuli zen, eta, ondoren, bere lehen bira handiari ekin zion. Esperientzia hura oso betegarria izan zen arlo artistikoan, baina tamalgarria finantza aldetik, milioi bat libera zor zituela amaitu baitzuen bira. Zorraren zati bat birako diskoarekin (Exposed, 1979) ordaindu zuen, eta gainerakoa urte hartako bukaeran kaleratu zuen Platinum bildumarekin kitatu zuen.
Disko hura inflexio-puntu bat izan zen, zeren Oldfieldek, Virginen nahiei men eginda, bere diskoen formatua aldatu behar izan zuen (lehendabiziko lau lanak benetako obra instrumentalak ziren, iraupen luzeko bi abesti besterik ez zutenak), eta, ohiko abesti instrumentalekin batera, pop estiloko kanta salgarriagoak egiten hasi zen.
Pop salgarriago horren aldeko joeraren adierazgarri izan ziren honako disko hauek: QE2 (1980), Five Miles Out (1982) -"Family Man" singlea zeukan lana-, Crises (1983) -Maggie Reilly kantariak interpretatzen zuen "Moonlight Shadow" abesti gogoangarria biltzen zuen bilduma-, baina baita Discovery (1984) eta Islands (1987) ere. Azken horretan Bonnie Taylor abeslari entzutetsuak parte hartu zuen.
Hala ere, bere diskoetan abesti salgarri gehiago sar zitzala eskatzen jarraitu zuen Virginek, eta urtean lan bat argitara zezan agindu zion. Aitzitik, Oldfieldek ez zuen diskoak argitaratzeko orduan presionatuta sentitzerik nahi, eta ez zegoen, inondik inora, abesti instrumentalak idazteari uko egiteko prest. Gauzak horrela, akordio batera iritsi ziren, disko salgarriak eta instrumentalak tartekatzean zetzana.
Era horretan, 1989an Earth Moving kaleratu zuen, erabat abestua den diskoa, Oldfielden ohiko estilotik zeharo aldendua. Aitzitik, urtebete geroago Amarok bildumarekin bueltatu zen. Lan horrek bere lehendabiziko diskoei erreferentzia nabarmena egiten zien, zeharo lan instrumentala zelako. Ondoren, Heaven's Open (1991) etorri zen, eta argitalpen horrekin Virginekin zeukan kontratu betebeharra konplitu zuen, 18 urte eta 14 LP igaro eta gero. Oldfieldek beste diskoetxe bat bilatu (Warner) eta Tubular Bells II (1992) kaleratu zuen. Disko hori jatorrizkoaren oso antzerakoa da.
Bi urtez arrakasta dastatzen pasatu ostean, 1994an The Songs of Distant Earth deituriko musika elektronikoko disko batekin itzuli zen. Gerora Voyager (1996) azaldu zen, eta harekin aurreko disko batzuetako sustrai zeltara itzuli nahi izan zuen. 1998an, berriz, Tubular Bells 3 atera zuen, bere obrarik famatuena gaur egungo soinuekin berrinterpretatu asmoz. Horren atzetik bi bitxikeria argitaratu zituen: Guitars (1999) eta The Millenium Bell (2000). Lehenengoa gitarrak bakarrik erabilita egindako diskoa da, zeren, nahiz eta beste zenbait instrumentu entzun, instrumentu horiek ere gitarrez jota daude. Bigarrena, aldiz, historiako azken 2.000 urteei egindako omenaldia. Bukatzeko, askoz hurbilagokoak dira honako beste bilduma hauek: Tres Lunas (2002) Tubular Bells 2003 (2003), Ligth and Shade (2005) eta oraintsuko Music of the Spheres (2008).
(Argazkiak: www.mundomikeoldfield.com)