Itzuli orri osora
Mike Oldfield, musikari berritzailea (I)
vie, 25 abr 2008 18:29:00 +0200

Michael Gordon Oldfield hasiera-hasieratik musikari berezia izan da. Gehiegikeriaz betetako bere bizitza ezagutzea bezain zaila da bere lana ulertzea. Musika modernoak eman duen pertsonaia xelebreenetako izan da eta da, eta, hala ere, bere ibilaldi luzearekin aurrera jarraitzen du, debuta egin zuenetik hogeita hamar urte baino gehiago igaro diren arren.

Oldfield 1953ko maiatzaren 15ean jaio zen Reading herrian (Ingalaterra). Esan liteke musikarekiko zaletasuna oso txikia zenetik azaldu zitzaiola, gabon-kantak interpretatzeko bere aitak erabiltzen zuen gitarrak pasio handia piztu baitzuen harengan. Era horretan, bere lehen gitarra eskuratu zuenean, bere aitaren irakaspenei kasu eginez, baina, batez ere, inprobisatuz eta gehien atsegin zituen musikariak kopiatuz teknika propioa garatu zuen.

Hamar urte zituela Oldfieldek dagoeneko gitarra akustikorako pieza instrumentalak konposatzen zituen. Garai hartan, gitarra musika-tresna bat baino gehiago zen harentzat, familia-egoera delikatu batetik ihes egiteko bide antzeko bat, bere ama alkoholikoa baitzen. Dena dela, hori ez zen oztopo izan zeukan musika-etorria garatu ahal izateko, eta handik gutxira tokiko folk-klubetan hamabost minutu irauten zuten pieza instrumental horietako pare bat jotzeari ekin zion.

1967an, eskola utzi eta Sally bere ahizparekin ahotsez eta gitarraz osatutako folk bikote bat eratu zuen, Sallyangie zeritzona. Children of The Sun bilduma eta "Two Ships" singlea argitaratu zuten. Urte bat igaro ondoren, taldea desegin egin zen, eta Oldfieldek rock musikarantz bideratu zuen bere musika. Gauzak horrela, Barefeet izeneko banda antolatu zuen Terry bere anaiarekin batera.

Horren ostean, Kevin Ayers & The Whole World taldean sartu zen baxu-jotzaile gisa, 1971n banatu ziren arte. Talde hori ezin hobea izan zen Oldfieldentzat, bertatik hainbat ideia atera ahal izan baitzituen bere lehendabiziko diskora eramango zituenak. Taldeko partaide izan zen denboran, asko ikasteaz gain zituen musika-ezagupenak perfekzionatu zituen, David Bedford taldeko teklatu-jotzailearen lagun-mina bihurtu zelako, eta hark berarengan eragin zuen, aholkuak eman zizkion eta gaur dakienaren gauza asko eta asko irakatsi zizkion.

Hala ere, Jean Sibeliusen bosgarren sinfonia ezagutzea izan zen Oldfieldentzat egiazko inflexio-puntua. Hura ikusita konturatu baitzen zer egin nahi zuen benetan: orkestra-obra luze bat, gitarra elektrikoz eta akustikoz, pianoz, teklatuz, xilofonoz, eta abarrez osatutakoa. Hori guztia buruan izanik eta The Whole World taldearekin zuen harremanak uzten zizkion tarteak aprobetxatuta, maketa bat hasi zen grabatzen Abbey Road estudioetan.

Behin mundu-mailan Tubular Bells izenarekin ezagutuko zen diskoaren maketa grabatuta, Oldfieldek Londreseko diskoetxeak bata bestearen atzetik pasatu zituen haietakoren bat bere proiektua argitara zezala konbentzitzeko. Aitzitik, konpainia guztiek maketa ez zela oso salgarria uste zuten. Ez zitzaien interesatzen hogeita bost minutu iraun eta pop, folk edota musika klasiko itxurarik ez zuten bi abestiz osatutako disko bat.

Azkenean, Richard Bransonek, diskoak etxez etxe saltzeko kate xume baten jabea zenak eta Virgin Records deituriko ekoizpen-etxe berri bat sortzeko asmoa zeukanak erabaki zuen hippy gazte hari aukera eskaintzea. Gauzak horrela, behin betiko Tubulars Bells diskoa Bransonen estudioetan ekoitzi zen, eta Oldfieldek berak grabatu zuen osorik. Hemeretzi urte bakarrik zituen arren, diskoan entzun daitezkeen hogeita zortzi instrumentuak jotzeko gai izan zen.

Tubular Bells 1973ko maiatzaren 25ean argitaratu zen, eta hilabeteren buruan disko salduenen zerrendako lehen postura igo zen. Une hartara arte ezezaguna zen musika-estiloa lantzen zuen disko hark kritikaren zein publikoaren gorespena eskuratu zuen. Gainera, Bransonek diskoko zenbait zati El Exorcista filmean agertzea lortu zuen, ondorioz, salmentak gehiago areagotu ziren.

(Argazkiak: 1, 2, 3: www.amadian.net; 4, 6: www.galeon.com; 5: www.mikeoldfield.org; 7: www.ymipollo.com)