Itzuli orri osora
The Ramones: Hey, ho, let's go! (II)
vie, 14 dic 2007 18:28:00 +0100

New Yorkeko punk mugimenduaren lehen boladako aitzindaria, The Ramonesek 1996an esan zien agur eszenatokiei, aurretik, baina, hainbat disko bikain sortu zituen, horien artean End of the century, Animal Boy, baita abesti ahaztezinak eta gogoraerrazak ere, hala nola "Judy is a Punk" eta "Do you wanna dance?". Johnny, Joey, Dee Dee eta Marky ramonetarrek osatutako taldea Rock and Roll Hall of Famen sartu zen 2002an.

1980an, Phil Spector sona handiko ekoizleak euren hurrengo diskoan lan egitea lortu zuten The Ramonesekoek. End of the century taldearen ibilbideko lanik komertzialena izan zen. Spectorren lan egiteko era Tommy Ramone arreko produktorearena baino perfekzionistagoa eta zorrotzagoa zen; grabazio ugari egin zituzten disko bikaina lortzeko. Are gehiago, Dee Deek urte batzuk geroago adierazi zuenez, pistola batez mehatxatu zituen Spectorrek abestiak behin eta berriz errepikatzeko estudioan jarrai zezaten.

Horren emaitza merkatuan harrera beroa izan zuen disko aparta izan zen. Besteak beste, "I'm affected", "Chinese Rock" eta "Do you remember rock'n'roll radio?" kantak bildu zituzten bertan. Halere, The Ramonesek ez zuen Spector aukeratu hurrengo Lpa, Pleasant dreams (1982), ekoizteko. Horren ordez, Graham Gouldman, 10cc taldeko kide ohia, hautatu zuten. The Hollies ( II) eta The Yardbirds taldeei zenbait abesti idatzitakoa zen Gouldman. Disko berri horretan, Ramonesen musikak poperantz egin zuen eta kritikariek ez zuten oso begi onez ikusi.

Subterranean Jungle diskoak 1983an ikusi zuen argia eta horrekin batera Dee Dee, Joey eta Johnny ramoneen artean desadostasunak etorri ziren. Gainera, Markyk bateria utzi zuen eta haren lekua Richie Ramonek (Richard Beau) hartu zuen. Diskoak ez zuen arrakasta gehiegirik izan; berriro ere Tommy Ramonek ekoitzitako Too tough to die (1984) izenekoak, aldiz, itzal handiago izan zuen.

Animal Boy (1986) Ramonesen estudioko bederatzigarren diskoak aurrekoak baino soinu gogorragoa zeukan eta bilduma onenaren sari bat irabazi zuen New York Music Awardsen. Sari newyorktar horietan, gainera, urteko singlea izendapena jaso zuen "Bonzo Goes to Bitburg" kantak.

Markyren itzulera, Dee Deeren agurra

Halfway to sanity (1987) publikatu ondoren, Ramones Mania (1988) arrakasta-bilduma kaleratu zuten. Brain Drain (Chrysalis Records, 1989) diskoa grabatzeko, Marky Ramone taldera itzuli zen, baina Dee Dee baxu-jotzaileak alde egin zuen, bere ordez C.J. Ramone (Christopher John Ward), Ramonesen 18 urteko jarraitzaile sutsua, batu zitzaien.

Ramonesen hurrengo lana Loco Live (1991) Espainiako Estatuan zuzenean grabatutako diskoa izan zen. Mondo Bizarro (1992) izenekoaren abestien konposaketan Dee Deek hartu zuen parte eta Acid Eaters (1993) diskoan, bestalde, 60ko hamarkadako taldeen kanten bertsioak bildu zituzten.

Azken diskoa eta agur esateko bira

The Ramonesek estudioan grabatutako azken diskoa 1995ean plazaratu zen, ¡Adiós Amigos! izenburupean. Ondoren, eszenatokiei eta zaleei agur esateko kontzertu-bira egin zuten. New Yorkeko taldearen azken zuzenekoa 1996ko abuztuan izan zen, Los Angelesen (AEBak). Emanaldi jendetsu hori gainera We're outta here diskoan jaso zuten.

Joey Ramone abeslaria New Yorken hil zen 2001eko apirilaren 15ean, linfoma baten ondorioz. Dee Dee Ramone, bestalde, 2002ko ekainaren 5ean zendu zen, heroina gaindosi bat zela eta. 2004ko irailaren 15ean, berriz, Johnny Ramone hil zen, prostatako minbizi batek jota.

(Argazkiak: www.officialramones.com)