Itzuli orri osora
The Ramones: Hey, ho, let's go! (I)
vie, 30 nov 2007 18:28:00 +0100

Musikaren munduan sekulako itzala izan dute The Ramonesekoek. Punk mugimendu britainiarraren sorreran eragin handia izan zuten, baita The Sex Pistols eta The Clash taldeen jaiotzan ere. Gainera, oso ugariak dira newyorktarren ibilbideari jarraituta eratu diren taldeak. Pop, surf eta bubblegum erritmoez betetako rock doinuetako melodia gogoraerrazak mundu osoan entzun dira, horien artean "I wanna be sedated", "Sheena is a punk rocker" eta "Blitzkrieg Bop".

Soinu bizia eta zuzena, lelo gogoraerrazak, azaleko gaiei buruzko hitzak eta konposizio errazak dira 1974an Queens auzo newyorktarrean sortutako taldearen musikaren ezaugarri nagusiak. 50eko hamarkadako rockabilly erritmoak, 60ko urteetan emakumeek osatutako taldeen musika-estiloa eta surf-rock doinuak berreskuratu nahi zituzten. Ramonesek ez zuen egin nahi 70eko hamarkadan rock progresiboa egiten zuten taldeen musika hain landua.

The Ramones osatu zuten lehen kideak Johnny Ramone (John Cummings) gitarrista, Dee Dee Ramone (Douglas Colvin) baxu-jotzailea eta Joey Ramone (Jeffrey Hyman) bateria eta abeslaria ziren. Bestalde, Tommy Ramonek (Tom Erdelyi) hartu zuen taldea ordezkatzeren ardura; handik gutxira, halere, bateria jotzera pasatu zen, eta Joey kantari nagusia izatera. Paul McCartneyk Ramone abizena erabiltzen zuen batzuetan hoteletan izena emateko. Hori horrela, Dee Deek iradokita hartu zuen taldeak Ramones izena, izan ere, The Beatlesen jarraitzaile sutsua zen.

CBGB New Yorkeko taberna mitikoan kontzertuak ematen zituzten Ramonesekoek eta, besteak beste, Blondie, Patti Smith eta Talking Heads ezagunekin partekatu zuten eszenatokia. Nahiz eta euren lehen kontzertuak harrera ez oso onik izan, Queenseko punk taldea denbora gutxian egin zen ospetsu, batik bat zuzenekoetan erritmo frenetikoa eta indar bizia eskaintzeagatik.

Bira britainiarra lehen LPa besapean zutela

Ramones izan zen newyorktarren lehen lana. 1976an Sire Recordsek kaleratuta, disko honek "Blitzkrieg Bop" eta "Judy Is a Punk" kanta ezagunak bildu zituen.

Urte bereko udan, The Ramonesek Atlantikoa zeharkatu zuen Britainia Handian kontzertu-bira bati ekiteko. Herrialde anglosaxoian harrera beroa eman zien publikoak; ikuslegoaren artean, punkaren mugimendu britainiarra garatzeko funtsezkoak izango ziren pertsonaietako batzuk zeuden. The Clash, The Sex Pistols eta The Damned taldeko kideek txalotu egin zituzten.

Talde mitikoaren bigarren diskoak 1977an ikusi zuen argia, Leave Home izenburupean. Beste kanta batzuen artean, "Gimme Gimme Shock Treatment", "Pinhead" eta "Suzy is a headbanger" entzun daitezke bertan. Urte horretan bertan, beste lan bat merkaturatu zuten Ramonesekoek: Rocket to Russia. "Sheena is a punk rocker" aski ezaguna, "I don't care" eta "Teenage Lobotomy" dira LP horretan bildu zituzten abestietako batzuk.

Ramone berri bat taldean

1978am, bateria jotzeari utzi eta taldearen ekoizle izatera pasatu zen Tommy Ramone. Haren ordez, Marky Ramone (Marc Bell), Richard Hell & The Voidoidseko bateria, sartu zen.

Aldaketa horren ondoren, haserrealdiren bat sortu zen Joey abeslariaren eta Johnny gitarristaren artean, izan ere, Joeyk disko arrakastatsu bat editatu nahi zuen eta Johnnyk, berriz, ez zion taldearen ospeari hainbesteko garrantzirik ematen. Horren emaitza Road to Ruin diskoaren aniztasun estilistikoa izan zen. Batetik, pop kantak zeuden lan horretan, "Don't come close" esaterako; bestetik, abesti rockeroagoak, besteak beste "I wanna be sedated" entzutetsua.

Bestalde, B serieko pelikula batean parte hartu zuen The Ramonesek. Rock 'n' roll High School Allan Arkushek zuzendutako filmean agertu ziren eta, gainera, soinu-bandarako zenbait kanta sortu zituzten.

(Argazkien iturria. Txikia: ramones.com. 1, 2, 3 eta 6: www.officialramones.com. 4: joeyramone.com. 5: www.ramonesfanatic.altervista.org)