Bubblegum estiloa, "txikle musika" izenez ere ezagutzen dena, oso komertziala da eta musika horren barruan sartzen diren abestiak oso gogoraerrazak eta eraginkorrak dira. Egitura eta armonia errazak dituzte, erritmo dantzagarriak, hitz arinak eta gogoratzeko errazak diren leloak. Estilo hau 60ko azken urteetan eta 70eko hasierakoetan nagusi izan zen salmenta-zerrendetan. Bubblegum-aren lehen susperraldiko talde esanguratsuenetakoa izan zen 1910 Fruitgum Company estatubatuarra.
1910 Fruitgum Company izan zen bubblegum musikaren, "txikle musika" izenez ere ezaguna den estiloaren, adierazgarri handienetakoa. High school delakoaren abestien luzapena da, hots, kanta komertzialak eta errazak, baina oso gogoraerrazak eta eraginkorrak. 60ko hamarkadaren amaierako eta 70ekoaren hasierako salmenta-zerrendetan nagusi izan zen musika-estilo hau.
Egitura eta armonia errazak, erritmo dantzagarriak, hitz arinak eta lelo gogoraerrazak dituen musika mota hau egiten zuten taldeek poparen jarraitzaileak entretenitzea zuten helburu. Musika konprometitu eta korapilotsutik aldendu nahi zuten pertsonei zuzenduta zegoen "txikle musika".
Jerry Kasenetz eta Jeff Katz Super K Productionsen sortzaileen eskutik etorri zen bubblegum-en lehen susperraldia. Konpositore eta ekoizle bikote honek 1910 Fruitgum Company taldearen ibilbidea zuzendu zuen, baita The Ohio Express eta Music Explosion banda txikleena ere.
1910 Fruitgum Company New Jerseyn (AEB) eratu zen 1965ean, eta Frank Jeckell abeslariak bere teilatupean aurkitu zuen txikle baten bilgarritik hartu zuten izen hori. 1967an, Buddah Records bubblegum musikan espezializatutako diskoetxearekin kontratua sinatu zuten. 5 LP plazaratu zituzten bertan: Simon Says eta 1, 2, 3, Red light 1968an eta Goody Goody Gumdrops, Indian Giver eta Hard Ride 1969an.
"Simon Says" izan zen euren lehen singlea eta arrakasta handia. AEBetako single salduenen zerrendetan 4. postuan jarri ziren eta Erresuma Batukoetan 2.ean.
Super K diskoetxeko produktoreek maiz aldatu zituzten talde estatubatuarreko kideak, eta musikari laguntzaile asko pasatu ziren bertatik. Taldean parte hartu zuten artistetako batzuk Frank Jeckell eta Joey Levine abeslariak, Mark Gutkowski teklista, Pat Karwan eta Chuck Travis gitarristak, Steven Mortkowitz eta Bruce Shay baxu-jotzaileak eta Floyd Marcus eta Jimmy Casazza bateriak.
Txikle talde adierazgarrienetakoaren abesti arrakastatsuenak "1,2,3 Red ligth" eta "Indian Giver" izan ziren, biak 5. postuan egon zirela. Horiez gain, besteak beste, "Please me, tease me", "May I take a giant step", "Dee-Licious" eta "Goody Goody Gumdrops" bubblegum kantak ere kaleratu zituzten.
Bi urtez salmenta-zerrendetako postu gorenetan egon eta modako taldea izan ondoren, 1910 Fruitgum Company ahaztu egin zen bubblegum musikaren boomak bere alde komertziala galtzen hasi zenean.
Egun, 1910 Fruitgum Companyk kontzertuak ematen jarraitzen du, Frank Jeckell eta Floyd Marcus hasierako kideek beste bost musikari berri bildu eta berriz ere musikaren merkatuan sartu zirenean.
(Argazkien iturria: 1. www.ultimate60s.com. 2, 3 eta 4. www.rock.co.za. 5. www.bubblegum-music.com)