Itzuli orri osora
The Birds: The Byrds estatubatuarrek eklipsatutako taldea
vie, 10 ago 2007 18:27:00 +0200

Nahiz eta indar handia eduki merezitako arrakastarik izan ez zuen 60ko hamarkadako R&B erritmoetako taldea izan zen The Birds. Ron Wooden, The Creation, The Jeff Beck Group eta The Faces taldeetan parte hartu duen Rolling Stonearen, lehen taldea izategatik gogoratzen dute askok The Birds izena. Lau single baino ez zituzten argitaratu, izan ere, Atlantikoaren bestaldetik The Byrds antzeko izena zuen talde batek euren ibilbidea itzali egin zuen.

Mod itxurako talde britainiar hau 60ko hamarkadako R&B talde esanguratsuenetakoa da, nahiz eta bere garaian merezitako aitorpenik ez izan. The Who, Yardbirds, Pretty Things eta The Small Faces famatuen antzeko estiloa zuen talde hau 1964an jaio zen Londres hirian. Ron Wooden, ondoren Rolling Stoneseko kidea izango zenaren, lehen taldea izateagatik gogoratzen dute batek baino gehiagok The Birds izena.

Woodek gitarra eta harmonika jotzen zituen eta, berarekin batera, Alistair McKenzie (ahotsa), Tony Munroe (gitarra eta ahotsa), Kim Gardner (baxua) eta Pete McDaniel (bateria) musikariek osatzen zuten The Birds. Azken horrek Bob Langhamen lekua hartu zuen. Hasieran, Thunderbirds deitzen ziren, baina Chris Farlowe eta Thunderbirds bere taldea agertu zirenean, izenez aldatu behar izan zuten eta horrela jaio zen The Birds.

"Ready Steady Go!" musika-saio famatuak antolatutako lehiaketa batean parte hartu zuten eta, ondoren, Decca diskoetxeak kontratatu egin zituen. The Birdseko kideak estudioan sartu ziren berehala, euren lehen singlea, "You're on my mind"/"You don't love me", argitaratzeko. R&B erritmo biziak entzun zitezkeen kanta horretan.

1965ean, bigarren singlea, "Leaving here", publikatu zuten; Motown Recordsen soul kantaren bertsioa zen. B aldean, "Next in line" Woodek konposatutako abestia jarri zuten. Ordurako, Ingalaterrako R&B mugimenduan euren lekutxoa eginda zeukaten musikari britainiarrek eta, besteak beste, Pretty Things eta The Who taldeekin jo zuten.

Urte horretan, 65ekoan, Atlantikoaren beste aldetik izugarrizko arrakastarekin iritsi zen oso izen antzekoa zuen talde baten lehen singlea. The Byrds bandaz eta "Mr. Tambourine Man" kantaz ari gara. Bob Dylanen abestiaren bertsio horrek sekulako itzala lortu zuen salmenta-zerrenda britainiarretan. "Leaving here" Ron Wood eta bere taldekideen bigarren singleak, aldiz, ez zuen emaitza onik jaso merkatuan.

The Byrds taldearen izen antzekoa izateak ez zion lagundu The Birdsi ospea lortzen. Gainera, The Rolling Stones eta Small Faces bezalakoak promozionatzen buru-belarri sartuta zegoen Decca diskoetxea eta, hori dela eta, britainiarrek ez zuten merezitako arrakastarik lortu.

"No good without you, baby"/"How can it be?" izan zen The Birdsek Deccan plazaratu zuen hirugarren eta azken singlea. Ondoren, Reaction Recordsekin kontratua sinatu zuten eta, bertan, "Say those magic words" kaleratu zuten 1966an, The Birds Birds izenarekin. Egia esan, ez zuten itzal handirik izan salmentetan. Pelikula batean ere agertu ziren, The Deadly Bees (1966) beldurrezko filmean, "That's all I need for you" interpretatuta; halere, ez zuten osperako jauzia egiterik lortu. Hori horrela, taldea banandu egin zen. Tony Munroe kalera bota zuten Kim Gardnerrek eta Ron Woodek, eta horiek biak The Creation taldean sartu ziren.

(Argazkien iturria: 1, 2 eta 3. www.los60.es. 4. www.rollingstones.net. 5. britishinvasion.front.ru)