1964an sortua, beat britainiarreko talde hau soinu psikodelikoagoetarantz eta progresiboetarantz jo zuen denbora pasa ahala. Ez zuten ibilbide luzea izan, 1969an banandu baitziren, eta salmentetan ere ez zuten arrakasta gehiegirik izan. Halere, beste arrazoi batengatik gogoratuko dugu talde honen izena: bere kideen artean geroago Deep Purple mitikoan arituko ziren bi musikari egoteagatik, hain zuzen ere. Roger Glover baxu-jotzaile eta konpositoreaz eta Ian Gillan kantariaz ari gara.
The Madisons eta The Lightings taldeetako kideak batzartu egin ziren 1964an eta, horren emaitza Episode Six beat britainiarreko bandaren jaiotza izan zen. Hasieran, Andy Ross abeslariak, Tony Lander eta Graham Carter Dimmock gitarristek, Sheila Carter Dimmock pianista eta kantariak, Roger Glover baxu-jotzaileak eta Harvey Shields bateriak osatzen zuten banda.
Alemanian kontzertu-biran aritu ondoren, Episode Sixeko ahots nagusia zen Andy Rossek taldea uztea erabaki zuen 1965eko maiatzean eta, haren ordez, Ian Gillan The Javelinseko kide ohia sartu zen.
Episode Sixen lehen urratsetan, melodia zainduko pop doinuak nagusitzen ziren, baita ahotsen arteko armonia bikaina ere. Besteak beste, The Hollies ( II) eta The Beatles ( II, III) talde ospetsuen eragin nabariarekin, seikote britainiarraren kanta propio gehienak Roger Gloverrek konposatzen zituen.
Ian Gillan abeslaria buru zuen taldea Pye diskoetxeak fitxatu zuen 1966an eta, han, euren lehen singlea editatu zuten. "Put yourself in my place" The Holliesen kantaren bertsioa zen, hain zuzen. B aldean, berriz, "That's all I want", Gloverrek idatzitako abestia zegoen. The Tokens ("I hear trumpets blow"), The Beatles ("Here, there and everywhere") eta Charles Aznavour ("I will warm your heart") talde eta artisten kanten beste bertsio batzuk ere egin zituzten.
1967. urtean, taldearen beat doinuak psikodeliara egin zuen jauzia. Garai hartan, beste batzuen artean abesti hauek argitaratu zituzten: "Love, hate, revenge", "Morning Dew" Tim Rosen kantaren bertsioa, "I won't hurt you" West Coast Pop Art Experimental Banden egokitzapena eta "I can see through you" Gloverrek sortutakoa.
Single horiek merkaturatu ondoren, Pye diskoetxeak Episode Sixekin zuen kontratua amaitutzat eman zuen, salmentetan ez zutelako esperotako arrakasta izan. Taldearen barruan beste aldaketa bat izan zen, Harvey Shields bateriaren ordez John Kerrigan sartu baitzen. Geroago, Mick Underwood sartu zen postu horretan.
MGM produkzio-etxean "Little one" kaleratu zuten eta Chapter One diskoetxean, aldiz, "Lucky Sunday" eta Mozart vs. The Rest". Single horiek progresiboagoak ziren. Ez zuten emaitza onik lortu musikaren merkatuan.
Episode Sixen istorioa 1969an amaitu zen, izan ere, urte horretan bertan, Roger Glover taldeko konpositore nagusia eta Ian Gillan abeslaria 1968an musikaren munduan hasi zen Deep Purple ( II) taldera batu zitzaizkion.
(Argazkien iturria: 1, 4 eta 5. deep-purple.net. 2 eta 3. marmalade-skies.co.uk)