1966an Londresen sortua, Britainia handiko glam-rock talderik arrakastatsuenetakoa izan zen The Sweet. Antzerki-jarrerak nabarmendu eta oinarrian dibertimendurako soinuaren aldeko apustua egiten zuen talde berezia izan zen. Horretarako, riff-ez jositako abestiak, rock erritmo iradokitzaileak, gogoratzeko errazak ziren pop/bublegum doinuak eta gazteentzako dibertsioa uztartzen zituzten.
Brian Connolly abeslariak, Mick Turcker bateria-joleak (aurrez Wainwright's Gentleman taldean aritu ziren biak), Frank Torpey gitarra-joleak eta Steve Priest baxu-joleak osatzen zuten taldea.
Laukoteak Sweetshop izenez ekin zion bere ibilbideari 1968an, "Slow Motion" singlea argitaratu zutenean. Lan hura musika-zerrendetan aparteko oihartzunik gabe igaro zen. Patu bera izan zuten ondoren etorri ziren "The Lollipop Man", "All you'll ever get for me" eta "Get on the line" kantuek.
1970ean, eta Frank Torpey gitarra-joleak taldea utzi eta Mick Stewart iristearekin batera, The Sweet izena hartu zuten. Geroago, Stewartek ere alde egin zuen, eta Andy Scott Elastic Band taldeko kide ohiak hartu zuen haren lekua.
Urte horretan bertan, taldea arrakastara eramango zuten bi pertsona ezagutu zituzten, Nicky Chinn eta Mike Chapman konpositore eta produktoreak, alegia. Itxuraz rock piezak izan arren oinarrian pop doinuak ezkutatzen zituzten abestiak idazten trebeak, taldearen ordezkari bihurtu ziren berehala.
1971n egin zuten debuta "Funny Funny" singlearekin. Kantu hura 13. postura iritsi zen Britainia Handiko zerrendetan. Urte luzeetako arrakastaren hasiera baino ez zen. "Co-Co", "Poppa Joe", "Little Willy", "Wig Wam Bam" eta "Blockbuster" bezalako abestiei esker, glam estilorik eskuragarri eta dibertigarrienaren ikur bihurtu ziren, Britainia handiko gazteriaren artean ospe itzela erdietsiz.
Taldearen aurreneko LP ofiziala Funny how seet co-co can be (1971) izan zen. Chinn eta Chapmanen abestiek, taldekideen kantuek eta bi bertsiok (Lovin's Spoonfulen "Daydream" eta Four Topsen "Reflections") osatzen zuten disko hura. Diskoaren oihartzun ikusgarriak taldearen agerraldi publikoetan eragin zuzena izan zuen. Esate baterako, maiz joaten ziren Top of the Pops telebista saiora.
1973an arrakastaren gailurrean jarraitzen zuten, beren doinuak zertxobait gogortuz. 1973ko "Hell Raiser" eta "Ballroom Blitz" eta 1974ko "Teenage Rampage" eta "The six teens" lanei esker, garai hartako fenomeno komertzial garrantzitsuenetarikoa izaten segitzen zuen The Sweetek. Urte horren hondarrean, Brian Connolly eta bere mutilek Chinn eta Chapmanengandik bereiztea erabaki zuten, beren kabuz bideari ekiteko.
Phil Wainmanek ekoiztutako Sweet Fanny Adams LPa argitaratu zuten, hard-rock doinuak nabarmenago eginez.
Garai horretan, Desolation Boulevard diskoko "Fox on the run" izan zen taldearen singlerik onena. Abesti horrekin Britainia Handiko zerrendetako bigarren lekura egin zuten jauzi. Diskoak, gainera, harrera ezin hobea izan zuen munduko bazter gehienetan.
Aurrerantzean, ordea, "Action" eta "Lies in your eyes" singleekin soilik lortuko zuen The Sweetek musika-zerrendetan sartzea. Epe horretan, Strung up, Give us a wink, Off the record edota Level Headed bezalako lan kaxkarrak argitaratu zituen. Level Headed horretan zegoen taldearen azken arrakasta izango zena: "Love is like oxygen".
1982an, ahazteko moduko zenbait lan argitaratu eta taldean zenbait aldaketa egin ostean, bukatutzat jo zuen The Sweetek bere musika ibilbidea.
(Argazkiak: Txikia eta 4: www.lostidols.com. 1. hillingdon.tripod.com. 2 eta 3. www.answers.com. 5. http://www.angel.dk/sweet)