Eric Clapton, Jeff Beck eta Jimmy Page historiako hiru gitarrista britainiar gogoangarrienetakoek Yardbirds taldean euren talentua eman zuten. Claptonek soul, blues eta R&B erritmoetan sakondu zuen, Beckekin garai psikodelikoena eta esperimentalena bizi izan zuen taldeak, eta, Yardbirdsak banandu zirenean, Pagek proiektua jarraitu zuen New Yardbirds taldea eratuta, geroago Led Zeppelin izango zena.
Londresen, 1963an, Keith Relf, Anthony Topham, Chris Dreja, Paul Samwell-Smith eta Jim McCarty gazteak Yardbirds izenpean musika-talde bat osatzeko batu ziren. Relf abeslaria zen, Tophamek gitarra nagusia jotzen zuen, Drejak beste gitarraren ardura zuen, lau kordako musika-tresna Samwell-Smithek jotzen zuen eta bateria McCartyren esku zegoen.
Taldea osatu eta gutxira, Yardbirdsekin ez jarraitzea erabaki zuen Topham gitarristak, ikasketetan arreta gehiago jartzeko. Haren lekua 18 urte inguruko mutiko batek hartu zuen, Eric Claptonek, hain zuzen.
Londresko hainbat lokaletan kontzertuak ematen hasi ziren, R&B doinuetako kantak eskainita, baita soul eta blues erritmoetako kanta klasikoen bertsioak ere. Emanaldi horietan, Eric Claptonek bere talentua agerian uzten hasi zen; "slowhand" (esku motela) ezizenez ezagutzen zen. Zuzenean abesten zituzten kanten artean, "Boom boom" eta "A certain girl" dira aipatzekoak.
Zuzeneko emanaldi horiek Five live Yardbirds (1964) diskoan bildu zituzten eta, bertan, besteak beste, Chuck Berry, John Lee Hooker eta Bo Diddley artista mitikoen abestiak entzun zitezkeen. Urte horretan, Five Yardbirds EPa kaleratu zuten.
Garai hartako taldeen musikan popa zen nagusi eta, hori dela eta, Yardbirdsek ere estilo horretarako jauzia egin zuen. 1965ean, taldearen musikak aldaketa izan zuen; bluesa egitetik popa egitera pasatu ziren "For your love" kantarekin. Sekulako arrakasta izan zen abesti hori, zerrendetan lehen postuan izan baitzen. Nahiz eta ikaragarrizko arrakasta izan eta taldea musikaren lehen lerrora eraman, estilo aldaketa ez zion gustatu Claptoni, bluesaren oso zalea, eta Yardbirdsak uztea erabaki zuen; John Mayall's Bluesbreakers taldean sartu zen.
Psikodelia eta esperimentazioa
Gitarrista handia taldetik irten ostean, euren garai sortzaileenean sartu ziren. Claptonen lekua Jeff Beckek hartu zuen, eta musikari honekin soinu psikodelikoago eta esperimentalagoetarantz salto egin zuten. 1965ean, Having a rave-up with the Yardbirds LPa publikatu zuten, bertan bildu zituzten "Shapes of things" eta "Train kept a rollin" kantak. Urte berean, beste disko bat merkaturatu zuten, For your love.
1966. urtean, Roger the engineer Paul Samwell-Smith baxu-jotzaileak ekoitzitako diskoa argitaratu zuten. Lan hori publikatu eta gero, Samwell-Smithek taldea utzi zuen eta, haren ordez, sesioko musikari gisa aritzen zen mutiko bat sartu zen: Jimmy Page. Handik gutxira, gitarra jotzera pasatu zen Page, eta Chris Drejak hartu zuen baxua. "Happenings ten years time ago" singlea plazaratu ondoren, Jeff Beck gitarrista iraultzailea taldetik joan zen.
Soinu berriak jotzearen aldeko musikaria taldean ez zegoela, pop komertzialenean mugitu ziren Yardbirdsak. 1967an, Little games diskoak ikusi zuen argia, "White summer", Little games" eta "No excess baggage" bezalako kantekin. Ez zuten ia arrakastarik izan garai horretan eta pixka bat galduta zebiltzan euren estiloa bilatzen. Hori horrela, 1968an taldea desegitea adostu zuten.
Banda britainiarreko kideek euren ibilbideari ekin zioten. Keith Relfek eta Jim McCartyk Renaissance taldea eratu zuten, Chris Dreja argazkigintzan sartu zen eta Jimmy Pagek, bestalde, Yardbirdsen proiektua jarraitu zuen New Yardbirds taldea sortuta. Geroago, Led Zeppelin bihurtu ziren, rock eta heavy musikan eragin handienetakoa izan duen taldea, hain zuzen.
(Argazkien iturria: www.theyardbirds.com)